INFO

Estaturik gabeko nazioen aitortza lortzeko estrategiak elkartrukatu dituzte Itsasun

Bretainiako, Euskal Herriko eta Korsikako ordezkariak elkartu dira Itsasun, frantziar Estatuak 2024. urtean aitzineratu dezakeen Konstituzio aldaketaren testuinguruan, haien herrialdeetan aitortza politikoa lortzeko martxan jarri diren egitasmoak aztertzeko.

Korsika, Bretainia eta Euskal Herriko ordezkarien hitzaldia, ostiral iluntzean, Itsasuko Sanoki gelan. (Guillaume FAUVEAU)

Abagune berezia irudika daiteke heldu den urterako frantses Estatuan. Dagoeneko Kaledonia Berriari buruzko auziak behin-behineko aldaketa ekarri du. Uhartediaren burujabetzaren gaineko akordio bat erdietsi gabe ere, behinik behin kanakiar herriaren izaerari aipamena egin diotelako, 1958. urtean aldarrikatu zenetik gutxitan erreformatu duten frantses Konstituzioan.

Hori gutxi balitz, bigarren frontea zabalik du Emmanuel Macronek. Yvan Colonna presoaren heriotzak Korsikan sortu zuen protesta olatua baretu nahian, mugarik gabeko eztabaida proposatu zuen iragan urteko martxoan frantziar Gobernuak, autonomia hitza aipatzen ausartu zelarik.

Hitzari heldu zioten korsikarrek, eta geroztik, Barne ministerioak Parisko Beauvau plazan zuen egoitzan izandako elkarrizketa saioen osagarriz, gogoeta sakona burutu dute irlan «autonomiaren irismena eta edukiera zehazteko», Romain Colona irakasle eta Femu à Corsica alderdiko ordezkariak azaldu duenez.

2017. urteaz geroztik gehiengo abertzalea etengabe zabaldu da Korsikan. Gilles Simeoni presidentearen gidaritzapean, iragan uztailaren 5ean bozka historikoa izan zen lurraldeko Asanblean.

Romain Colonnak Itsasun nabarmendu zuenez, eledunen %75ak bat egin zuen autonomia garatzeko bide orria zehazten duen egitasmoarekin. Gerald Darmanin Barne ministroa Korsikara joan da aste honetan iragarpen bat besapean zuela: hil bukaeran Emmanuel Macron presidentea izanen da Korsikan.

Nazien liberazioaren 80. urteurrena kari, Eliseoko maizterra irlara abiatuko da. Edonola ere, «askapen nazionalaren bila ibilbide historiko luzea egin duen herria geroari buruzko erantzunen esperoan dago», ohartarazi du parlamentari korsikarrak.

«Creta alde batera utzita, mediterraneoko gainerako irla guztiek autonomia moduko bat dute» azaldu du irakasleak, berehala beste nazioen auzietara begiratuz. «Ez dakigu zer erantzun izanen den, ez dakigu Asanblea Nazionalaren eta Senatuaren babesa behar lukeen Konstituzioaren erreforma egiteko prest den Macron, baina onarpen bat ematen bada, litekeena da adieraztea mediterraneoko irla gisa egindako aitortza dela, era horretan, Bretainia edo Euskal Herritik heldu daitezkeen aldarrikapenak oztopatu nahian».

Bizitza hobetzea xede

Orain dela 60 urte sortu zen Bretainiako Batasun Demokratikoa (UDB). Bere sorreratik autonomismoa eta internazionalismoa aldarrikatzen dituen alderdiaren belaunaldi berria ordezkatzen du Lydie Massard bere egungo bozeramaileak.

Morbihanen kokatzen den Pontivy herriko lizeoan sukaldaria da hemendik aste batzuetara europar parlamentari gisa arituko den UDBko kidea.

Alderdi bretoiak Europe Ecologie-Berdeak-ekin aliantza egin zuen azken bozetan, RPS koalizioaren barruan. Europar Parlamentuan eserlekua hartu zuen Yannick Jadotek Parisko senatari izateko bozetara aurkeztuko denez, kasik ziurtzat eman daiteke Massard europarlamentuan eseriko dela, hemendik eta heldu den urteko ekainean iraganen diren bozak egin bitartean.

Urriaren amaiera eta azaroa bitartean ezagutuko diren zerrendak osatu arte ezin da jakin aurrera begira UDBkoaren ibilbide politikoa zein izango den, Bruselatik, Estrasburgotik igaroko den....

Bi eskualde ezberdinetan zatiturik den Bretainia bateratzeko aldarrikapena herrialde horren agenda politikoaren erdigunean dago. Urte politikoa hastearekin batera, modu batean edo bestean, horren aldarria irudikatzen da Bretainiako eskualde kontseiluan.

Izan ere, adierazpen sinbolikoetatik harago, alderdi ezberdinek osatzen duten taldeak hauspo berria eman dio Bretainia batuaren aldeko dinamikari. Hilaren 18an aurkeztuko dute «Bretainia bateratu batean autonomia legegilea, fiskala eta administratiboa» garatzearen aldeko ekimena.

Eskualde Kontseiluan, ultraeskuinak izan ezik, alderdi guztiek sostengatu dute agiantza, eta hilabete bukaera honetan bertan, UDBko bozeramailearen esanetan, «borondate berri bat islatzen duen adierazpena» Elisabeth Borne frantziar lehen ministroari jakinaraziko diote. Azken hitza, nahitaez, beti Parisen baita.

«Korsikan ez bezala, Bretainian ez dago gehiengo abertzalea, baina adierazpen honen bidez autonomia hitzak tabu izateari utz diezaiokeelakoan gaude», gaineratu du.

Kanpaina bat martxan eman dute «bertatik bertara erabakiak hartzeak» herritarren eguneroko bizitzan zer onura lituzkeen irudikatzeko; betiere, hizkuntza eta kulturaren bandera historikoak alboratu gabe. «Begi bistakoa da zatiketak eragin zinez txarrak ekartzen dituela, berdin garraio sareei edo osasun zerbitzuei dagokienez, baina ekimen honen bidez, autonomia ezarririk bizitzak zehazki nola aldatuko liratekeen nabarmendu nahi dugu», zehaztu du Massardek.

Eskoletako menua

Mathilde Hary EH Baiko bozeramaileari egokitu zitzaion hitzaldia ixtea. Batera plataformari aipamena eginez hasi zen bere hitzartzea, nabarmenduz eragile ezberdinen arteko dinamikek ahalbidetu dituztela Ipar Euskal Herrian izan diren aitzinamendu nagusiak.

Euskal Elkargoa sortzeko bidean, eta bakegintza zein etxebizitzaren alorretan emandako urratsen atzean «eragile anitz elkarlanean aritu direla» oroitarazi du Haryk, lan molde horri jarraipena emateko garrantzia azpimarratuz. Burujabetzaren norabidean, estatus bereziko elkargoa sortzeko apustua berretsi zuen EH Baik, iragan udazkenean egin zuen bere lehenengo kongresuan.

Gaur-gaurkoz, 159 herritako ordezkariak biltzen ditu Euskal Elkargoak. «Hautetsi bakoitzak bere herriaren interesak defendatzen ditu, baina Ipar Euskal Herri osoa aintzat hartuko duten hautetsiak behar ditugu», ekarri du mahai gainera Mathilde Haryk.

Hain zuzen, bilakaera instituzionalari buruzko gogoeta zentratu du, neurri handi batean, Itsasun ostiralean hasi eta atzo eta gaur Baigorrin iragan diren eskoletan.

Atzo, Bil Etxean goiz eta arratsaldeko saioa egin zuten EH Baiko kideek. Hala, alderdiaren egituraketari buruz eta lurraren eta etxebizitzaren auziari erantzuteko tresnen gainean eztabaidatu zuten.

Era berean, hilaren 24an iraganen diren frantses Senaturako bozetara begira, EH Baik eginiko hautua aipatzeko parada izan zuten militanteek.

Uda aitzin Frederique Espagnac senatari sozialistarekin hautagaitza partekatzeko izan ziren elkarrizketek ez zuten aurrera egin. Hala, «Ipar Euskal Herriaren garapen instituzionalarekiko zein EH Baik defendatzen duen jendarte proiektuarekiko bateragarritasun handiena duten hautagaien alde egiteko» mandatua jaso dute EH Baiko «hautetsi handiek», gaur zortzi Pauen iraganen den bozketari begira. Hala deliberatu zuelako jada EH Baik bere kongresuan.