INFO

Bernart Etxepare Duzunaritze-Sarasketara itzuli da

Bernart Etxepareren omenez Piarres Erdozaincy-Etchartek egindako eskultura bat inauguratu dute igandean Duzunaritzeko plazan, Baxe Nafarroako Duzunaritze-Sarasketa udalerrian asteburu osoan luzatu den Hergarai Bizi egitasmoaren barnean.


Bernart Etxepare (Sarasketa, Nafarroa Beherea, 1480 inguru – heriotza leku ezezaguna, 1560 inguru) apaiz nafarraren poemak, ‘Linguae Vasconum Primitiae’ izenburupean 1545ean Bordelen inprimatuak izan zirenak, euskaraz argitaraturiko lehen liburua osatu zuten. Gure kulturako mugarri bat.

Etxepare omentzeaz gain, hainbat ekimen izan dira asteburuan Baxe Nafarroako Hergarai ibarrean, kultura, kirola eta besta uztarturik Hergarai Bizi bestearen barnean. Zortzigarren aldia da jai hau egiten denik.

Ostiralean abiatu ziren ekitaldiak, solasaldi batekin. Duzunaritzeko Etxartian Aurelia Arkotxa euskaltzain osoak eta Philippe Chareyre hizkuntzalariak euskaraz argitaraturiko lehen liburuaren gakoak aztertu zituzten jendez lepo zegoen hitzaldi batean.

Euskaltzaindiak, Euskal Kultur Erakundeak, Hergarai bBzi elkarteak eta Naziogintza Taldeak elkarlanean antolaturiko solasaldia izan zen.

Larunbatean urtero antolatzen den Ttutturu traileko bi froga egin ziren eta igandean azoka egin zen Duzunaritzen. Han bertan, plazan, Bernat Etxeparen omenez eraiki den eskultura inauguratu zen, Piarres Erdozaincy-Etchartek egina. Bazkari bat, euskal joko erakustaldi bat arratsaldean eta Kontrabandako gaueko dantzaldia dira egutegian markatzen diren beste hitzorduak.