INFO

Kaleratzeak Stop-ek EAEko udalerriak tentsiopeko eremu izendatzeko mozio kanpaina berrabiatu du

Datozen egun eta asteetan EAEko hamarnaka udalerritan eztabaidatuko da dagoeneko Donostiak, Eibarrek, Errenteriak, Irunek eta Lasarte-Oriak onartu duten mozioa, zeinetan udalek Lakuari alokairuen prezio garestiek eragindako eremu tentsionatu izatea eskatzen dioten.

Alokairuko etxeak, Donostian, artxiboko irudi batean. (Jon URBE | FOKU)

Kaleratzeak Stop plataformak irailean berriro ekin dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalek Lakuari alokairuen prezio garestiek eragindako eremu tentsionatu izatea eska dezaten proposatzen duen mozio kanpainari. «Oporraldian, merkatu pribatuko alokairuek gora egiten jarraitu dute, Euriborra %4,25 igo da», nabarmendu dute.

Kanpaina maiatzaren 4an hasi zen Donostiako Udalean, eta uztailean Eibar, Errenteria eta Irungo osoko bilkuretan, alokairuen prezio altuak direla eta, Lakuari udalerria tentsio eremu izendatzeko eskatzea onartu zen.

Oraingoz, mozioa Bilbo, Barakaldo, Portugalete eta Basaurin eztabaidatuko da. «Gasteizen hilaren 4an udal talde guztiei gutun bat bidali genien mozioa erantsiz, Arabako eta Gipuzkoako plataformek IFZrik ez dugunez, irailaren 21eko osoko bilkuran taldeek beraiek sartzea proposatu genien, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin taldeek Gipuzkoan egin duten bezala. Ez da posible izan, EH Bilduk gaiari buruzko mozio bat aurkeztu duelako, eta Elkarrekinek bi mozio aurkezteko kupoa beteta duelako», azaldu dute. Hori dela-eta, urriko osoko bilkurara joango da, Santurtzi eta Sestaon bezala.

Gipuzkoan, Lasarte-Orian dagoeneko onartu da, irailaren 14an egindako osoko bilkuran, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen babesarekin. Bertan EAJ eta PP abstenitu egin ziren. Zumarragan ostiral honetan bertan aurkeztuko da eta datozen egunetan Ordizian, Pasaian, Hernanin, Beasainen, Andoainen, Arrasaten eta Astigarragan. Tolosan, urrian.

«EAJk jakin behar du udal gehienek alokairu mugatuak nahi dituztela, eta, horregatik, osoko bilkuretan gure mozioa onartzen ari dira, Kongresuan Etxebizitza Legearen alde, zein Euskal Etxebizitza Legearen alde, bozkatu zuten talde politiko berberen botoekin».

Gogora ekarri dute EAJk eta PPk «bi lege horien aurka bozkatu zutela», eta «EAJ ezin dela babestu Etxebizitza Legearen 18. artikuluaren eskumen-inbasioaren aitzakian, Konstituzio Auzitegiaren aurrean helegitea jartzearen mehatxuarekin, ez jarduteko eta funts putreek, edukitzaile handiek (errentatzaile txikiek ere jarraitzen dituztenak), etxebizitzarako duten eskubidearekin espekulatzen jarraitzeko».

PSEri, aldiz, Lakuako Etxebizitza saila kudeatzen duen heinean, tentsiopeko eremu izendatzeko udalek egindako eskaera horien aurrean, «beharrezko administrazio-prozedurak ezartzea» eskatu diote, «tentsiopeko udalerrien deklarazio hori egi bihur dadin».