INFO

Euskal sokatirak badu etorkizuna

Lur Gaineko Sokatirako Munduko Txapelketa Suitzan jokatu zen abuztuaren 31tik irailaren 3ra, eta euskal ordezkaritzak sei domina irabazi zituen; lau, taldekako lehian eta bi, selekzio moduan. Deigarria da sei domina horietatik hiru 23 urtez azpiko mailan eskuratu izana.

23 urtez azpiko Gohierri-Abadiñoko taldea, tiraldi betean. (Abadiñoko Sokatira Taldea)

Euskal Herritik joandako ordezkaritza sei dominarekin itzuli zen abuztuaren 31tik irailaren 3ra Suitzako Sursee herrian, Luzernako kantoian, jokatu zen Lur Gaineko Sokatirako Munduko Txapelketatik. Taldeka lau domina irabazi zituzten euskaldunek -zilarrezko bi eta brontzezko beste bi-, eta selekzioka beste bi zilar lortu zituen Euskal Selekzioak.

Txapelketa ostegunean hasi zen taldekako lehen probekin, eta uzta aurreneko unetik izan zen oparoa. Izan ere, Goiherri-Abadiñok zilarrezko domina jantzi zuen 23 urtez azpiko emakumezkoen 500 kiloko mailan, finalean Txina Taipeiko Jingmei Dai Shi Dai taldearen aurka 3-0 galdu ondoren, eta Gaztedik brontzea bereganatu zuen, hirugarren posturako lehian, Britainia Handiko Cheadle taldearen aurka 3-0 garaile irten ondoren. Egun horretan bertan, gizonezkoen 560 kiloko mailan, Gaztedik irabazi zuen zilarrezko domina. Bizkaitarrek Italiako Perugia taldea menderatu zuten finalerdietan (3-0), baina finalean 2-1 galdu zuten Suitzako Sins taldearen aurka.

Klub arteko lehia borobiltzeko, ostiralean, 23 urtez azpiko maila mistoan, Goiherri-Abadiñok brontzea bereganatu zuen, hirugarren posturako lehian, Eskoziako Ayrshire taldea mendean hartuta.

Larunbatean hasi zen selekzioen arteko lehia, eta Euskal Herriak zilarrezko domina kolkoratu zuen gizonezkoen 560 kiloko mailan. Finalerdietan 3-0 hartu zuen mendean Eskozia, baina finalean Suitzaren aurka 3-0 galdu zuen. Igandean, Euskal Selekzioak zilarrezko beste domina bat bereganatu zuen 580 kiloko maila mistoan. Finalerdietan Italiari 2-1 irabazi zieten, baina finalean suediarrak indartsuagoak izan ziren, 0-3 nagusituta.

Bistan denez, Erandioko Goiherri -txapelketa honetarako Abadiñorekin elkarlanean- eta Laukizko Gaztedi dira Euskal Herrian lur gaineko sokatiran diharduten talde nagusiak -Mutriku ere izan da Suitzako lehiaketan-. Eta balantze positiboa egin dute lortutako emaitzez.

«23 urtez azpiko mailan domina lortzea guretzat sekulakoa izan da. Gure helburuetako bat betetzea lortu genuen. Berritze prozesu batean murgilduta gaude, kirolari gazte taldetxo polit bat daukagu, eta horiek domina bat irabaztea ederra izan da guretzat. Arantza txiki bat geratu zaigu senior mailan, gizonezkoen 560 kiloko mailan; gure helburua ligaxkan dominen borrokarako sailkatzea zen. 2018an berritze prozesu bat jarri genuen martxan gazteekin, eta horietako batzuk jada seniorrak dira, beteranoekin taldea osatuta. 560 kiloko mailan bi talde aurkeztu genituen, A eta B, eta B taldea puntu bakarragatik geratu zen sailkatu gabe. Azkenean, multzoen zozketan zorteak ere badu zer esana: batzuetan multzo zailagoa tokatzen zaizu eta beste batzuetan, errazagoa. Kasu honetan A taldeari multzo zailagoa egokitu zitzaion. Horixe pena bakarra, baina oro har, oso pozik gaude», dio Jone Zarraga Goiherriko kideak.

Eta antzeko irakurketa egin digu Oier Bilbao Gaztediko tiralariak: «Emaitzak nahiko onak izan dira. 23 urtez azpikoan aipatu behar da gure klubekoak 5-6 tiralari zirela, eta taldea osatzeko beste klub batzuetako neskek lagundu digutela. Espero genuen ongi ibiltzea, baina agian ez domina lortzea; beraz, poz handia izan da hori. Nesken maila nagusian tiraldi bakarrera geratu ziren finalerdietatik, atarian geratu direla esan daiteke, baina lan ona eginda. Eta mutiletan, 560 kilokoan, hor bai espero genuen ongi ibiltzea. Beti nahi izaten da irabazi, baina zilarrarekin pozik gaude».

Gaztedi taldea, gauez egindako sari banaketa jendetsuan.

Lanketa berezia gazteekin

Emaitza horien artean, aipagarria da dominen erdiak 23 urtez azpiko mailan lortu izana, sokatiran gazteak ere badabiltzala seinale. Eta Jone Zarragak azaldu digu, Goiherriren kasuan, duela zenbait urte hasitako prozesuaren emaitza izan dela, hain zuzen, Suitzan jasotako fruitua.

«2018ko udan gure klubean tiralaria zen Iker Coteron gazte batzuekin lanean hasi zen. 12-13-14 urte izango zituzten eta, uda zela aprobetxatuz, beraiekin entrenamenduak egiten hasi zen. 2019an ere entrenatzen jarraitu zuten eta uda hartan, abuztuan, nazioartean gaztetxoentzat egiten den txapelketa batera joan ginen. 12 urtetik 18ra bitarteko kirolarientzat da eta arau desberdinak ditu, helburua talde berriak sortzea delako. Asteburu bat izaten da, abuztu amaieran. Bi talderekin hartu genuen parte eta sekulako esperientzia izan zen. Gazteak apur bat harrapatzeagatik egin genuen, batez ere. Oso esperientzia ona izan zen beraientzat, eta jarraipena eman zioten. 2020an ez ginen joan, badakigu guztiok zergatik, pandemiaren erruz, baina lanean jarraitu dugu. Noski, urteak joan egiten dira. Iaz, adibidez, izan genuen junior mailan talde bat ateratzeko aukera, baina adinean aurrera joan ahala maila ere aldatzen joaten da eta orduko gazte haiek dira gaur egungo 23 urtez azpiko kirolariak».

Gaineratu duenez, fitxa kopuruari dagokionez, aspaldiko unerik oparoena bizi du elkarteak. «Une honetan 42 fitxa ditugu klubean, seguruenik inoiz izan dugun kopururik altuena. Eta pozik gaude emakumezkoen taldea osatzeko adina kirolari ditugulako. Aurkeztu ditugu 23 urtez azpiko taldea eta senior mailakoa, 500 kilotan eta 540 kilotan. Seniorretan lehen urteko jendea zen, eta zalantzak izan genituen, kirol mailari zegokionez ez genuelako espektatiba handirik. Baina, bestetik, kirolariek Munduko Txapelketa hori bizitzea garrantzitsua zela ikusten genuen, Suitza delako sokatiraren “Meka”, nolabait esateko. Bagenekien giro aldetik, talde kopuruagatik, ikusle kopuruagatik... txapelketa berezia izango zela. Horregatik nesken talde seniorra ere eramateko apustua egin genuen, nahiz eta bagenekien kirol maila apala zutela. Baina oso-oso positiboa izan da guretzat. Lehen egunean urduri zeuden eta ez zuten tiraldirik irabazi, baina bigarren egunean hobeto aritu ziren eta tiraldi batzuk ere irabazi zituzten. Talde mistoa ere osatu genuen beraiekin. Beraientzat sekulako esperientzia izan da Suitzakoa, eta espero dugu emakume talde horrek aurrera jarraitzea».

Oier Bilbaok adierazi duenez, Gaztedin ere badira sokatira probatzera animatu diren gazteak, nahiz eta maila batzuetan errelebo falta sumatzen duen. «Aurten, kasualitatez agian, neska gazte gehiago ibili dira. Berriozarko neska batzuk ere etorri dira lur gainekoa probatzera eta, guztira, 15 bat neska izan ditugu. Eta mutiletan ere antzeko, hamabost bat tiralari aritu dira eta. Nesketan ere bai, baina agian mutiletan gehiago nabari da jendea adinean gora doala. Errelebo apur bat eskertuko genuke. Badaukagu klubean ume talde bat, duela urte pare bat hasitakoa, eta ia ume talde horretatik egunen batean baten bat heltzen den nagusiekin lehiatzera. Hori da gure esperantza»

Azkenean, argi dago gazteekin egiten den lana ezinbestekoa dela etorkizuna ziurtatzeko. «Gazteekin egiten den lanak jarraipena behar du eta horrelako dominak sekulako pizgarria dira aurrera jarraitzeko. Talde senior on bat edukitzeko ezinbestekoa da gazteekin egiten den lana», baieztatu du Jone Zarragak.

580 kiloko maila mistoan zilarrezko domina irabazi zuen Euskal Selekzioa.

Lur gainekoa sustatu nahia

Klubetako ordezkariek ez dute inor engainatu nahi. Argi diote sokatira kirol gogorra dela eta sakrifizio handia eskatzen duela.«Sokatira oso gogorra da. Hiru egunetan entrenatzen dugu astean, baina entrenamendu horiek oso gogorrak dira. Etortzen zaigunean beste kirol batzuetan dabilen jendea sokatira probatzera, baita fisikoki oso prestatuta dagoen jendea ere, harrituta geratzen da sokatiraren gogortasunarekin. Ezin dute sinetsi zenbat teknika dagoen tiraldi baten atzean. Kanpotik ikusita oso erraza ematen du, oso sinplea, baina soka hartzeko modutik hasita, ordu asko behar dira teknika hartzeko. Oso sakrifikatua da», dio Zarragak.

Eta Bilbaok jendeak atzera egiteko beste faktore batzuk ere aipatu ditu. «Harra sartzen zaionak jarraitzen du. Probatu ostean lehen hilabetea edo bi hilabete irauten duenak gero normalean jarraitzen du. Baina lur gaineko denboraldia oso luze egiten da. Eta udan izateak ere ez du asko laguntzen. Jaiak izaten dira herri gehienetan, larunbat edo igandeetan lehiaketa daukazu... Uste dut horrek jende asko atzera botatzen duela. Goma- denboraldia askoz laburragoa da. Neguan lau hilabete inguru izaten dira. Baina lurra desberdina da. Goma egin ez baduzu, azaroan hasten zara entrenatzen eta amaitzerako iraila da. Ia urte osoa pasatzen duzu horretan».

Lur gaineko eta goma gaineko modalitateen arteko paradoxa ere aipatu dute Goiherri eta Gaztediko kideek. Euskal Herri mailan goma gainekoa egiten duten talde gehiago daude, baina nazioartean lur gainekoa da tradizio handien duena. «Aurten izan dugu Lur Gaineko Sokatirako Euskadiko Txapelketa, baina azken 25 urteetan ez da egon. Goma gainean elkarte gehiago daude, baina lur gainean ez. Aurten guk bi neska talde ateratzea lortu dugu -bata 23 urtez azpikoa eta bestea, seniorra-, eta bi talde horiekin eta Gaztedikoekin Euskadiko Txapelketa egin dugu», dio adibide moduan Zarragak.

Tiralariak botak garbitzen.

«Gu lur gaineko taldea gara batez ere, lurra da gustatzen zaiguna, baina Euskal Herrian talde gutxi daude eta emakumezkoetan, Gaztedi bakarrik. Triste geratzen da. Goma gainean badaude 8-10 talde emakumezkoetan: nafarrak, Badaiotz Araban, Ibarrako gipuzkoarrak... Beste giro bat sortzen da Euskal Herrian. Baina atzerrian kontrakoa da: askoz talde gehiago daude lur gainean», gehitu du Goiherri Sokatira Taldeko kideak.

«Goman ere ibiltzen gara, baina niri lur gainekoa gustatzen zait gehien. Desberdina da, esplosiboagoa, eta nire ustez, taktika gehiago egoten da. Lurra nolakoa den ere asko aldatu behar izaten da tiratzeko modua. Goma gainean badakizu lurzorua nolakoa den, hori ziurra da, baina lur gainekoan aurki dezakezu harea moduko lurra, edo zuloak egiten direna, eta horretara moldatzen jakin behar duzu», aldarrikatu du Bilbaok.

Sekulako giroa

Faktore horiek guztiak kontuan izanda, euskal taldeentzat garrantzitsua izaten da nazioartean lehiatzeko aukera izatea, ofizialki gainera. «Sokatiraren pizgarria bidaia hauek egitea da. Munduko onenekin lehiatzea eta kultura desberdinak ezagutzea, bizipen horiek. Euskal Herria munduko herrialde indartsuenekin batera lehiatzen da, kontinente guztietatik datozen kirolariekin: Asia, Ameriketako Estatu Batuak, Suedia, Alemania, Italia, Suitza bera, Ingalaterra, Irlanda, Eskozia... Gu ere herri bezala hor izatea oso garrantzitsua da. Eta euskal sokatira mundu mailan lehiakorra da, maila ona dauka. Eskola on bat gara. Goiherrik hori mantendu nahi du. Hainbeste urtetan geureganatu dugun jakintza horren guztiaren transmisioa ziurtatu nahi dugu. Ez dadila galdu orain arte egin den lan on hori», nabarmendu du Jone Zarragak.

Lehiaketa eremuaren ikuspegi orokorra. Jendetza elkartu zen Sursee herrian atondutako instalazioetan.

Eta sokatira munduan helmuga bat aukeratzen hasita, gutxi Suitza baino egokiagoak. «Antolakuntza aldetik baliteke aurreko urteetan gauzak hobeto egin izana. Zelaia, kirol arloko xehetasunak... hor agian ez da izan beste leku batzuetan baino hobea. Baina giroan bai. Giroa sekulakoa izan da. Harmailak beteta, txapelketaren inguruan antolatu dituzten ekitaldiak, animazioa... oso berezia izan da. Eta dominak banatzeko ekitaldia gauez egiten zuten eta hor ere jendetza elkartzen zen. Giro berezia sortzen zen. Nik Suitzako giroa ez dut beste inon ikusi».

Antzeko iritzia du lehendik ere Suitza ezagutzen zuen Oier Bilbaok. «Jende askok hartu du parte, eta azkenean horien seme-alabak, senideak, lagunak... ikustera joan dira eta, bai, nabari da beste herrialde batzuetan baino jende gehiago mugitzen dela. Hala ere, ni 2012an egon nintzen Suitzan, han egin zen beste Munduko Txapelketa batean, eta esango nuke hura are ikusgarriagoa izan zela. Memoriak ez badit huts egiten, esango nuke orduan jende gehiago egon zela. Baina oraingoan ere jende asko zegoen, Suitzako talde pilo bat zegoelako».

Orain merezitako atsedena hartuko dute lur gainean aritu diren tiralariek, denboraldi berriari begira jarri aurretik. «Joan den denboraldian goma eta lurra egin genituen eta apur bat luze egin zitzaigun. Ez dago atsedenik. Iaz urria-azaroan hasi ginen entrenatzen eta orain arte ez gara gelditu, goma gaineko Munduko Txapelketara ere joan ginelako, Irlandara, mutil talde batekin. Orain zer egin erabaki behar dugu: goman hasi edo atseden apur bat hartu eta urtarrilean ekin. Uste dut neskekin lanean jarraitzea komeni zaigula, batzuk aurten hasi direlako. Jada hartu dute martxa eta orain gelditzea ez litzateke komenigarria. Baloratu egin beharko dugu».

Abadiñoko sokatira taldea.

PANDEMIAK SOKATIRAN ERAGINDAKO MIRARIAZ GOZATZEN ARI DIRA ABADIÑON

Suitzako lehiaketan, Goiherrik eta Abadiñok elkarlanean osatu dituzte 23 urtez azpiko taldeak, bi aldeek oso positibotzat jo duten sinergia bat osatuta. Abadiñori, adibidez, historikoki egin ez duen lur gaineko denboraldia egiteko aukera eman dio elkarlanak.

«Gure taldea ez da lur gainean aritzen. Abadiño neguan bakarrik aritzen da, goma gainean. Baina bagenituen tiralari batzuk lur gainekoa probatu nahi zutenak, eta Erandiora joaten hasi ziren Goiherrirekin entrenatzera. Lau mutil eta lau neska joaten dira, bi autotan. Neskak 23 urtez azpikoak dira, eta Munduko Txapelketan taldearen erdia abadiñarrek osatzen zutenez, bien izena jarri zioten taldeari. Eta talde mistoan ere bi neska eta bi mutil abadiñarrak zirenez, berdin: bien izena hartu zuen taldeak. Baina, berez, Goiherriren taldea da», azaldu digu Eduardo Mendizabal Abadiñoko ordezkariak.

Mendizabalek aipatu duenez, gazte kuadrilla ederra osatu dute herrian azken urteotan, pandemiak nolabait bultzatuta. «Pandemiak guri on egin digu. Gu une batean ia talde gabe geratu ginen, baina pandemia oste horretan, gazte pilo bat elkartu zen Abadiñon sokatira egiteko gogoz. Iaz, goma gaineko Munduko Txapelketan 23 urtez azpiko mailan irabazle izan ginen gizonezkoetan, emakumezkoetan eta mistoan. Guretzat ikusgarria izan da berpizte hau. Ikustea gazteak entrenatzeko gogoz, ilusioz... Bizi osoan sokatira munduan ibili garen beteranoentzat sekulako gozatua da gazteak horrela ikustea».

«Hemengo kuadrillatxo bat bildu zen, pandemian besterik ezin zutela egin eta sokatiran hasiko zirela. Azkenerako, 16 bat mutil bildu ziren, eta neskak ere animatu ziren eta ia kolpetik 20 neska hasi ziren. Oraintxe 16 mutil eta 16 neska edukiko ditugu. Zaharrenak 24 urte izango ditu. Ia denak Abadiñokoak, gainera. Atxondoko neska bat badago, Durangoko pare bat mutil ere bai, baina beste denak herrikoak», gaineratu du.

Dioenez, ez zen kanpaina edo deialdi berezi baten emaitza izan, nahiz eta betidanik saiatu izan diren gazteak erakartzen. «Nik zortea dela diot. Jendeak esaten digu gauzak ongi egingo genituela, baina beste lekuetan ere gauzak ongi egiten dira eta ez da erraza izaten. Lan bat egin dugu, noski, eskoletara joan, adibidez, baina kolpetik horrenbeste jende hastea ez da beti gertatzen».

Eta noski, atzerrira Munduko Txapelketa batean parte hartzera bidaiatzea eta bertan dominak irabaztea bezalako motibaziorik ez dago lanean jarraitzeko. «Odolean sartu zaiela dirudi eta gustura dabiltza. Iaz izan zen gazte horientzat munduko lehen txapelketa. Belfastera joan ginen eta kristoren emaitzak lortu genituen. Eta hori ikusita, entrenatzeko gogo are gehiago, eta kasik geldiarazi egin behar batzuetan grina hori. Eta orain lur gainekoan, berdin», txalotu du Eduardo Mendizabalek.