INFO

‘Erraza da’, merkatari eta ostalariek euskarazko oinarrizko hiztegia ikasteko app-a sortu dute

Merkatari eta ostalariei zuzenduta egon arren, edonork erabili dezake ‘Erraza da’ aplikazioa, euskarazko oinarrizko hiztegia ikasteko Lakuako Gobernuak eta Donostiako Udalak abian jarritako proiektua. Hiztegiak eta galdetegiak ditu eta Android eta IOS sistemetan deskargatu daiteke.

Euskara ikasteko ‘Erraza da’ aplikazioa aurkeztu dute ostegun honetan. (Donostiako Udala)

Euskarazko oinarrizko hiztegia ikastea errazteko, Lakuako Gobernuak eta Donostiako Udalak ‘Erraza da’ app-a sortu dute, bereziki merkatarientzako eta ostalarientzako baliabideak eskaintzen dituena. Donostiak jarri zuen martxan 2019an baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoara zabaldu nahi dute orain.

Ostegun honetan aurkeztu dute eta Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek adierazi duenez, «euskara gizarte kohesio eta integratzaile izateko baliabide gisa ulertu dugu. Lehen urratsak erraz emateko aukera berri bat eskura jartzea du helburutzat aplikazio honek. Gainera, gure lurraldera lanera eta bizitzera datozen herritarrei euskarara hurbiltzen laguntzeko bide erraz bat izatea ere badu xede».

Euskarri fisikoekin abiarazi zuen ekimena Donostiako Udalak, ostalaritza sektoreko hiztegi berezi bat sortuz. Hamabost egunean behin parte-hartzaileei galdetegi bat bidaltzen zien jarraipena egiteko, batez ere proiektuaren partaidetza maila neurtzeko.

Donostiako Udaleko Euskara zinegotzi Jon Insaustik honakoa nabarmendu du: «Aitzindariak izan gara eta orain martxan jarri genuen proiektua Euskadi osora zabalduko da; beraz, oso pozik gaude proiektuak duen bilakaerarekin». Bide batez, aplikazioa jasitera animatu du.

Erabilera

‘Erraza da’ aplikazioak bi hiztegi jasotzen ditu, bata ‘orokorra’ eta bestea ‘ostalaritza’ri dagokiona; eduki guztiak HABEk gainbegiratu ditu. Aurrerantzean ostalaritzako langileei ez ezik beste sektore batzuetako beharginei ere zabaltzeko asmoa dute.

App-a android eta IOS mugikorrentzat dago eskuragarri eta erabiltzaileak deskargatu eta erregistratu egin behar du. Erregistro horretan, zein sektoretako hiztegia landu nahi duen galdetuko zaio (edozein momentutan alda dezake). Erabiltzaileak sektore horretako hiztegiaren eduki berri bat izango du egunero eta eduki hori irakurri eta entzuteko aukera izango du.

Hiruzpalau egunetan, edukiak ikusi ondoren, horien inguruko galdetegi bat izango du erabiltzaileak. Hala ere, bistaratutako edukiak edozein momentutan ikus daitezke, baita osatutako galdetegiak berriro egin ere. Baina ezin da egunean eduki berri bat baino gehiago ikusi. Aplikazioak taldeak sortzeko aukera ere eskaintzen du, horrela lagun eta lankideen aurrerapen mailarekin konparatzeko aukera izan dezake erabiltzaileak.