Txuri-urdin ohiak nagusi Alavesen eta Athleticen, berriz, arabarrak taldearen ikur
Mendizorrotzako derbia berezia izango da hainbat jokalarirentzat. Realetik igarotako zazpi futbolari daude Alavesen eta Athleticen, aldiz, Araban jaiotako lau taldekide hamaikakoetan sartzen dira gehienetan.
Denboraldiko bigarren euskal derbia hartuko du Mendizorrotzak ostiral gauean, 21.00etatik aurrera. Alaves Lehen Mailara itzuli da eta, igoera lortu zuen taldeari jatorri txuri-urdina duten lau jokalari gehitu dizkio: Ander Guevara, Andoni Gorosabel, Alex Sola eta Jon Karrikaburu. Realetik pasatutako beste hiru futbolari zeuden dagoeneko taldean. Bigarren Mailara jaistean Jon Guridi eta Xeber Alkain iritsi ziren eta Jesus Owono ordezko atezaina Donostian hezi eta Realaren harrobian aritutakoa da.
Ander Guevara gasteiztarra izan zen denboraldiko lehen fitxaketa. 26 urte ditu erdilariak eta orain dela hamarkada bat Ibaiatik Zubietara joan zen futbolari bilakatzeko helburuarekin. Lehen Mailara heldu zen eta txuri-urdinekin 100 partidatik gora jokatu ostean, etxera bueltatzeko aukera izan du. Jon Guridirekin batera, partida batean korrika gehien egiten duten lau jokalarien artean daude Ligan. 11 kilometrotatik gora egin dituzte biek norgehiagoka bakoitzean. Sevillaren aurka 13 kilometro egin zituen Guridik eta Guevara 13ra heltzeko gertu egon zen Valentziaren kontra.
Alavesek etxeko jokalarien falta zeukan Manu Garciak eta Martin Agirrebengoak taldea utzi zutenetik. Laguardia kapitainak ere agur esan du. Bigarren kamisetari ikurrinaren koloreak jartzearekin batera, Euskal Herriko jokalariak batu dituzte proiektuari nortasun bereizgarri bat emateko. Horrela, eskuin hegala indartzeko Andoni Gorosabel eta Alex Sola iritsi dira Realetik. Aldi berean, udako merkatua itxi aurretik Jon Karrikaburu aurrelari gaztea hartu dute.
Esan bezala, Guridi eta Xeber Alkain bikain egokitu ziren Alavesera joan den denboraldian. Aldagelaren barruan giro ona izatea ezinbestekoa da maila mantentzeko helburua betetzeko, eta jokalari euskaldunak erraz egokitzen dira taldearen izaerara. Sergio Fernandez kirol zuzendariak komentatu izan du ez zutela asmatu taldea osatzerakoan orain dela bi denboraldi maila galdu zutenean.
Atezaina, kapitaina, zelai erdia eta defentsa
Ander Guevara da Araban jaiotako jokalari bakarra Alavesen. Athleticen, aldiz, herrialde horretako lau jokalari daude eta taldearen ikurrak direla esan daiteke. Lesionaturik ez badaude, hamaikakoetan sartu dira guztiak. Unai Simonek minutu guztiak jokatu ditu. Murgiako atezaina Gasteizko Aurrera taldetik heldu zen Lezamara. Zuri-gorriekin hitzartutako taldea zen garai horretan.
Dani Vivian ere titularra izan da jardunaldi guztietan defentsaren erdialdean Aitor Paredesekin bikotea osatuz. 24 urteko gasteiztarra Alavesen harrobitik igarotakoa da. Hala ere, Bizkaian egin zuen eliteko futbolerako azken jauzia. Santutxu taldera joan zen gazte mailan. Alavesen eta Athleticen jokatutako Ibai Gomez izan zuen entrenatzaile eta, Unai Vencedorrekin batera, talde zuri-gorriaren harrobira pasatu zen.
Mikel Vesga gasteiztarra ere Alavesen harrobian jokatutakoa da. 21 urterekin heldu zen Lezamara Bilbao Athleticen aritzeko. Sporting eta Leganes bezalako taldeetan utzita egon zen Lehen Mailan eta kosta egin zitzaion hamaikakoetan toki bat lortzea. Marcelinoren azken denboraldian pausu bat eman zuen eta Valverderekin unerik goxoenak bizitzen ari da Iñigo Ruiz de Galarretarekin zelai erdian osatu duen bikotearekin.
Bestalde, Oscar de Marcosek partida pare bat galdu ditu liga hasieran lesionaturik egon delako. Hala ere, hamaikakoetan egon da prest egon den guztietan. Taldeko kapitainetako bat da eta besokoa eraman zuen azken jardunaldian. Iker Muniain zelaian ez dagoenean berea izaten da ardura. Nafarrak bezala, 500 partida baino gehiago jokatu ditu talde zuri-gorriarekin eta hamabost denboraldi daramatza Athleticen. Ikur bat bilakatu da zaleentzat beti erakutsi duen umiltasun eta jarrerarengatik. 20 urterekin heldu zen Bilbora 2009ko udan. Alavesen harrobian hazia, lehen taldearekin Bigarren Mailan jokatzera iritsi zen eta hiru gol egin zituen.