INFO
Interview
Fermin Muguruza
Musikaria eta zinegilea

«‘Hiltzen duen ibaia’ esaten diote, baina Bidasoa bizitza da»

«Bidasoa 2018-2023» dokumentalarekin dator Zinemaldira. Mugen itxierak eragindako heriotzak ditu ardatz, baina baita Bidasoa ibaiaren bi aldeetan bizi den komunitate baten aldarrikapena ere. Azken honen eskutik ezagutuko du ikusleak bertan sorturiko egoera ankerra.

(Maialen ANDRES | FOKU)

This browser does not support the video element.


 “Black is Beltza II: Ainhoa” egiten ari zirela etxe parean agertu zitzaion Bidasoko drama Fermin Muguruzari: «Bat-batean mugatik atzera bota zuten Eritreako gazte batek bere buruaz beste egin zuen; Azken Portun urkatu zuen bere burua, Hendaiara begira, eta sekulako kolpea eman zigun denoi». Bost urteko aldi horretan hildako hamar gazteen oroimena eta bizipena ardatz izanik, eraiki du Muguruzak lan hau, “Bidasoa 2018-2023”. Donostiako Zinemaldiko Zinemiran estreinatuko dute hilaren 28an, ostegunarekin.

Filmaren nondik norakoez hitz egin du NAIZ Irratira egindako bisitan: «Hildakoak dira ardatz, noski, baina bada beste kontu bat. Hainbat hedabidetan hasi ziren ideia bat zabaltzen; hiltzen duen ibaia, heriotza tranpa... denbora guztian errua ibaiari botatzen zioten eta ibaia identifikatzen zuten heriotzarekin. Hori zen guretzat gakoa; ‘hori desmuntatu behar dugu’, esan genion geure buruari eta hori egin dugu film honetan, justu kontrakoa kontatu, Bidasoa bizitza dela eta Bidasoaren inguruan biltzen dela komunitate bat».

This browser does not support the video element.

Pio Barojak idatzitakoak dakartza gogora Irungo artistak: «Berak esan zuen ‘Bidasoaren herria’ zela hau eta kartel bat jarri dugu bere hitzekin, ‘Bidasoa errepublika independentea, eulirik, fraiderik eta karabinerorik gabekoa’. Bidasoan sekulako elkarlana antolatzen da, komunitate indartsu bat dago».

Ibaiaren inguruan eraikitzen den herri horren eskutik ezagutuko du ikusleak 2018 eta 2023 artean Parisek «terrorismoaren aurkako neurriak» argudiatuta mugako pasabideak itxi edo zorrozteko erabakiak eragindako drama. «Iturengo joaldunekin hasten da filma, Ezkurra errekaren paraleloan doaz eta amaieran Romeo ikusiko dugu, Boli Kostatik etorri den gazte bat, bikotekidearekin eta semearekin. Bidasoaren bokalean ikusiko ditugu, festan».

Kontraste horren lekuko da emaitza. «Egoera latza da; tragedia erakutsiko dugu, baina esango dugu ere ‘aizue! hemen badago komunitate bat, bizitza adierazten duena!’». Baina, noski, Frantziako Gobernuak Irun eta Hendaia arteko muga itxi zuenetik izan diren hildakoek dute protagonismoa. «Ez direla zifra hutsak erakutsiko dugu, izen-abizenak zituztela eta bizitza bat eskuratzeko bidean azken arnasa hartu zutela Bidasoa ibaian».

Tragediari dagokionez, migratzaileekin lanean jardun duten Bidasoa Etorkinekin eta Irungo Harrera Sareko kideek parte hartu dute ikus-entzunezkoan; komunitatearen arloa eskualdeko musikarien eskutik osatuko da; tartean dira Olaia Inziarte, Petti, Bad Sound System, Eneritz Furyak, Odeo, Willis Drummond, Sonakay eta Fermin Muguruza bera, besteak beste.

«Migranteen ehiza»

Oso haserre mintzo da Muguruza mugan azken urteetan bizitakoaz: «Oso injustua da, lotsagarria, eta inpotentzia handiarekin bizitzen ari gara». Gogora dakar ekainean ezagutu zen kontua, espainiar Poliziaren Irungo komisarian migranteen atxiloketak saritzeko sistema moduko bat ezarri zutela. «Nork ematen ditu halako aginduak?», adierazi du haserre.

Halako ikus-entzunezko bat egitea «master class moduko bat» dela dio irundarrak; «horrenbeste ematen dizu aldatu egiten zaituela eta elkarrizketak egiterakoan akordatzen naiz Anaitze Agirrek [Irungo Harrera Sareko kidea] esaten zigula migranteak ehizatu egiten zituztela; ekaineko albiste horrekin baieztatu ahal izan genuen».

Irundar gisa lehen unetik bizi izan du mugen itxierak izan dituen ondorioak; Irun eta Hendaia arteko errepide nagusia den Santiago zubikoak, adibidez: «Kontrol iraunkorrak jarri zituzten, checkpointak. Zer gertatzen zen? Pertsona arrazializatuak soilik geratzen zituztela, kontrol arrazistak ezarri zituzten». Eta oinezkoen Avenida zubikoak; «oso zubi enblematikoa da; gerra zibilean faxistak Irunen sartu zirenean irundarren %80 zubi horretatik pasa zen ihesi. Argazkiak hor daude, jendea duen guztiarekin ihesi, eta beste batzuk korrika frankistak atzetik tiroka dituztela. Zubi horretan entregatu zuen Gestapok Companys [Kataluniako orduko presidentea]... Zubi horrek sekulako esangura du eta hesitu egin zuten».

«Orain egin behar da»

 “Black is Beltza II: Ainhoa” filma egiten ari zirela itxi zuen Parisek muga eta hala iritsi zen Eritreako gaztearen heriotza. «Gutxira beste bat, ibaia gurutzatzen saiatu zena, eta beste bat, eta ondoren beste bat, eta hiru gazte Ziburuko trenbidean trenak harrapatuta, eta hurrengoa desagertu zena, ez dakiguna hil zen ala ez... Baina hori zer zen?». Gertakari haiek «zeharkatu» egin zuten egiten ari ziren lana «eta berehala esan nuen, ‘Ainhoa’ egin ostean ikus-entzunezko bat egin behar dugu hau dokumentatuta gera dadin».

Ekoizpenean lagun dituenak Bidasoaren inguruko proiektu hau zertxobait atzeratzen saiatu ziren. «Lau urteko lana da animaziozko film bat egitea, 2014tik 2018ra egin genuen ‘Black is Beltza’, 2018tik 2022ra ‘Ainhoa’, tartean Iñigo anaiaren heriotza, pandemia... Esaten zidaten arnasa pixka bat behar genuela, baina esan nien ‘ez, ez, ez... hau orain egin behar da!’», azaldu du.