INFO

Izeta VI.ak ere bere dinastiatxoa nahi du pentatloiaren munduan

Aiarra da larunbat gauez Azpeitiko zezen plazan jokatuko den finalean txapela janzteko faborito nagusia. Pronostikoak betetzen baditu, finalean izango den Xabier Zalduaren eta Joxe Mari Olasagastiren marka berdinduko luke, hiru garaipenekin.

Ostegunean aurkeztu zuten pentatloieko finala Donostian. (EUSKAL PENTATLOIA)

Herri kirol zahar asko batzen dituen kirol berria izaki, Euskal Pentatloia ere ari da bere historiatxoa osatzen eta Joxe Mari Olasagastiren eta Xabier Zalduaren atzetik, Andoni Iruretagoiena, Arria IV.ak ere bere dinastiatxoa ezarri nahi du kirol honen palmaresean, gutxienez, aurreko biek dituzten hiru txapelak berdinduta. Larunbat honetan Azpeitiko zezen plazan (ETB-1 22.00) izango du horretarako lehen aukera eta, begi guztiak bere gainean dituela ekingo dio aiarrak desafioari.

Jakina da ez dela beti erraza izaten pronostikoak betetzen horren faborito izanda, baina plazara irten den bakoitzean arrakalarik ez du erakutsi eta kanporaketan ere erakustaldia emanda helduko da finalera, lan motzagoetan, baina Arria II.ak 1983tik zuen marka hautsita. Azken astea berezia izan da aiarrarentzat, astelehenean aita izan baitzen, eta txapelarekin borobildu nahiko luke.

Beste hautagaiak

Hori ekiditen saiatuko dira beste bost herri kirolari. Kanporaketako denborak kontuan hartuta, Xabier Zaldua eta Xabat Olaizola izango ditu parez pare finaleko bigarren saioan eta lehenengoan Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Aritz Irazabal eta Julen Kañamares arituko dira lehen txandan. Kanporaketan lan bikaina egin zuen Olaizola eta Kañamares lirateke aurtengo aurpegiak finalean. Lesio batzuk tarteko, aurten, tamalez, ez da emakumezkoen finalik izango.

Arria VI.ak egin lezakeen edozein akatsen aurrean prest egon nahi dute Xabier Zalduak eta Xabat Olaizolak. Zumarragarra oso kirolari erregularra da, ez ditu alperrik hiru txapel jantzi eta aurtengoa izan lezake palmaresa handitzeko azken aukera, pentatloia uztekotan da eta 46 urte betetzear dela. Aukerak izateko, harriarekin eta giza proban denbora askorik ez luke galdu behar.

Xabat Olaizola, ordea, aurtengo ezustea izan da orain arte eta bide horretatik jarraitu nahi luke zarauztarrak. Lehen finala izango du eta batere presiorik gabe arituko da finala bera ere ez zuelako helburutzat. Baina kanporaketan hirugarren eginda, oso kontuan hartzeko gaztea da. Hori bai, gorputz oso handikoa da eta finalean lanak luzeagoak izanda, proba luze egin dakioke.

Iaz laugarren izanda, podiumean sartzea izango da Ioritz Gisasolaren Zelai IV.aren lehen helburua eta hortik gora etortzen den guztia ongietorria izango da mallabitarrarentzat. Aritz Irazabalentzat hirugarren finala izango da aurtengoa eta erronka argia da; azken bi urteetako azken postuari ihes egitea. Horixe bera izango da Julen Kañamares nafarraren asmoa. Hiru urteren buruan finalean bueltan da, baina ez du bere burua sasoi betan ikusten eta lan txukun bat egin nahiko luke gutxienez.