INFO

Hitz tranpatien demontreak


Hitz batzuek oso ederrak dirudite, aitzakiarik gabekoak, erraz jan eta aise digeritzekoak. Baina erabiltzean, gogaitu ez ezik, beren kontrako esanahia ere bilaka daitezke. «N'importe quoi» esateko komenentziazko erretolikan. Gure herriko eztabaida publikoan ez da halakorik falta.

‘Historiko’ da hitz horietako bat. Hauteskunde emaitza historikoak, manifestazio historikoa, erabaki historikoa, Euskal Herriaren Historian egun historikoa... gehiegikeria bat. ‘Historiko’ hitzarekin gogaitzen aritzeak eguneroko ohikeriara kondenatzen ditu gertaerak. Denari garrantzi historikoa emateak garrantzitsua ezer ere ez izatera eramaten baitu.

‘Memoria’ hitzarekin ere gertatzen da. Ulertzen dut inposatu nahi duten aldebakarreko kontakizunaren aurrean memoria osoa aldarrikatzea, benetako egia guztia. Baina memoria txarra ere ez ote da beharrezkoa? Bizitzan pilatu ditugun min, kolpe eta azpijoko guztien inventarium-a egitea eta den-dena tripetara sartu eta bihotzaren geruzetan betikotzea ez dakit ba, ez dakit hori ote dugun bidea. Esan nahi baitut “tuboeskapeak” ere behar dituela herri batek, aireztatzea ezinbestekoa dela bizitza bera oxigenatzeko.

‘Aldaketa’ hitzarekin ere enpatxua dabil. Aldaketarako baldintza objektiboak eta denborak direla hauek, aldaketaren alde egiten duela gehiengo batek... bai, ulertzen dut, baina... eta jendeak aldaketa nahi baina aldatu nahi ez badu? Aldaketa nahia eta aldatu nahi izatea ez dira gauza bera, bereziki krisi garai honetan.

‘Atzeraezin’ hitzarekin, berdin. Beti azaltzen dira momentuak atzeraezin itxura edo mozorroarekin. “Inoiz ez berriro” leloarekin datoz, estilo ezberdinekin, munduko bazter askotan. Atzeraezina den horretara, omen, borroka, militantzia eta lekukotza aro luzeen ondoren iristen gara, eta badirudi, bertan, memoriak, justiziak eta egiak besoak lotzen dituztela azken muga edo barrikada zeharkaezin bat finkatzeko. Baina ez, historia ez dago atzeraezinak diren lorpen eta garaipenez egina. Ez dago marra zuzenik, historiaren sabelean errepikapenak bere lana egiten duelako. Ez du lorpenetan atseden hartzen uzten. Sinplea da, ezer ez da betiko, ezerk ez dio bere horretan eusten. Ez dago atzeraezina den ezer. Ez lorpenak, ez atzerakadak.

Kontuz ‘garbi’ hitzarekin ere. Puru-purua, sortzez garbia, araztua denik ba al dago politikan? Ura ere ez da garbia. Bizi den guztiak zikintzen duelako, garbitzen duen guztiak hiltzen duelako. Bizitza lokatza da.

Azkenik, eskatzea libre, eztabaida publikoan nabari diren bi joera kezkagarriri jaramon egitea ez legoke gaizki. Biktimizazioa eta infantilismoa. Sufritu nahi ez dugulako sufritzea? Eguneroko bizitzari aurre egiteko anestesia eskatzea? Zoriontsu izan nahi dugu, baina ez bagara, badirudi moralaren kontrakoa dela. Lehen irauna eta pairamena goratzen ziren, orain dena da ihesbidea eta azalkeria. Zoriontasunarena da, bestalde, espiritualtasunaren merkatuarekin batera, gure garaiko industriarik indartsuenetakoa.

Sufritzen ari naiz: norbait izan behar da errudun. Zorigaiztoko haurtzaroari, ama zikiratzaileari edo aita aldenduari egozten zizkion erruak Freud-ek. Nietzschek zioen horrela arrazoitzen dutela ardi gaixotiek. Beti kaltetu, beti biktima. Egurats-gorrian, aterperik gabe, ez egoteko eskubidea dugu, bai, baina besterik da haurrari ematen zaion babesa aldarrikatzen ibiltzea. Irrika eta segurtasun mugagabeak aldarrikatzea, alegia. •