INFO

Pandemia bat zinema tailer batekin gurutzatzerakoan ateratzen den filma da ‘MMXX’

‘MMXX’ filma izan da Cristi Puiu zuzendari errumaniarrak Sekzio Ofizialean aurkeztu duen filma. Lau atal ditu, lau istorio eta pandemian sortutako kontakizunak dira guztiak. Zinema tailer batean landutako ariketetatik abiatuz sortu da filma.

‘MMXX’ filmeko lan taldea, astelehen honetan egindako aurkezpenean. (Jagoba Manterola | FOKU)

«Filmak trauma batetik ihes egiteko modua ekarri zuen, itxialdiaren ondorioz sortutako istorioak ekarri genituen» aitortu du Cristi Puiu zuzendari eta gidoilariak ‘MMXX’ filmaren proiekzioaren ostean hedabideen aurrean egindako aurkezpenean.

Lau atalez osaturiko filma da, orotara 160 minutu irauten ditu eta beraien artean duten lotura nabarmen bakarra, izenburuak dioen bezala, garaiarena da: 2020. urtea eta covid-19ak eragindako pandemia. Filmean agertzen diren ia antzezle guztiak eta Puiu zuzendaria bera, zinema tailer batean elkartu ziren, eta tailer horretan landutakotik sortu da filma. Antzezleak beraiek izan dira gidoia idazten lagundu dutenak, zuzendariaren arabera tailerretan «asko hitz egin eta asko eztabaidatu» baitute. Dorion Boguta ekoizlearen hitzetan «erokeria bat izan zen, baina erokeria ederra».

This browser does not support the video element.



Elkarrizketak eta plano-sekuentzia luzeak dira filmaren ezaugarri nagusiak, eta zuzendariak aitortu du ez zutela «modu kontziente» batean erabaki hori hala izatea: «Filma egitea ariketa bat egitea bezala hartu nuen, eskolara zoazenean bezala». Eta hori dela eta joan ziren pixkanaka guztien artean eraikitzen: «Plano sekuentzia luzeak gustuko ditut, baina batez ere bizitza errealean aurki ditzakedalako ditut gustuko, begirada distortsionatzen ez duten planoak egiten ditut».

Hitzen garrantziaz galdetuta, irmo erantzun du Puiuk: «Hitzak garrantzitsuak dira, eta puntu». Pandemian gertatutako edota pandemia ostean sortutako istorioak kontatzen ditu filmak: «Uste dut arriskutsua dela gertatu zenaz ez hitz egitea; gertatutakoa ez da amaitu eta ez badugu onartzen gure izatea zein den, ez gara bizirik aterako». Gaineratu zuen bere iritziz, egindako filma «oso serioa» dela, pandemiaz duen iritzia gehitu zuen jarraian: «Ez dakit (pandemiaz) zerbait ikasi dugun, nik ez nuke plurala erabiliko. Niretzat oso zaila izan zen, erantzunik gabeko galdera asko zeudelako, eta agintariek beldurra sustatu zutelako».

Antzezleen bide pertsonalak

Otilia Panaite antzezleak oroitzapen ona du prozesuaz: «Zuzendariak konfiantza asko eman digu, ez gara antzezle soilak izan, mamia ere eman genuen eta guretzat ere terapia moduko bat izan zen». Florin Tibrek aitortu zuen bera ez dela antzezle profesionala, baina hori ez zela inongo momentutan oztopo izan, eta asko eskertzen duela hori.

Guztiz bestelako kasua izan zen  Adelaida Perjou aktorearena, ama izan berritan deitu zioten, umeak zazpi hilabete zituela, asteazken gau batez, ea larunbatean film bat grabatzera animatuko zen, baiezkoa eman zuen eta egun ez da damu: «Erabaki nuen nire onena emango nuela, eta zoragarria izan da».

Baliabide gutxirekin egindako filma

Baliabide ekonomikorik apenas izan dute filma egiteko, eta zuzendari errumaniarrak aitortu du horrek «independentzia» eman diela: «Ez nuen dirurik hartu nahi aske jokatu nahi nuelako, antzezleei zuten onena eskatu nahi nien, eta horretarako eskuzabal jokatu behar duzu».

Izandako baliabide ekonomiko «urrien» adibidetzat jarri zuen ondorengoa Puiuk: «Antzezleek zinema tailer horretarako ordaindu egin zuten, eta ondoren diru hori baliatu dugu filma sortzeko». Ez zela asko izan adierazi du, eta grabaketak ere «erokeria» izan zirela, 12 egunetan filmatu behar izan zuten.

Sergiu Cumatrenco ekoizleak gogoratu du pandemiarako sortutako «baimen bereziekin» bidaiatu behar izaten zutela grabaketetara, antzezleek batera bizi behar izan zutela grabaketak iraun bitartean.