Lau euskal alpinista Urrezko Pioletaren zerrenda luzerako aukeratu dituzte
Iker eta Eneko Pou anaiak, Aritza Monasterio eta Tasio Martin dira protagonistak. Heldu den azaroan, Brianconen, sari banaketa ekitaldia egingo da.
Garai hauetan, urtero bezala, Frantzian antolatzen den Urrezko Pioleta sariak motorrak martxan jarri ditu. Gogora dezagun ekimen entzutetsu horrek iazko jarduera alpino onenak saritzen dituela. Himalaia, Karakorum, Hindu Kush eta Tien Shan mendilerro garaietan egiten diren eskalada handiek azpimarra berezia izaten dute. Baina Urrezko Pîoletak ez du inoiz baztertzen beste mendilerro txikiago batzuetan sinatzen diren jarduerak. Patagonia, Groenlandia, Alaska eta Alpeak dira horietako batzuk.
Dagoeneko, ekimen alpinistiko horrek lehen martxa sartu du; izan ere, adituen taldeak ‘Big List’ edo zerrenda handia osatu du. Eta antolatzaileek horren berri NAIZi eman diote: «Lehen aukeraketa horretan 53 aktibitate azaltzen dira. Talde hori saiatu da zerrenda hori ahalik eta gehien zabaltzen. Hortaz, ez da mendilerro batzuetan soilik mugatu. Hortaz gain, aurreratu behar dugu Urrezko Pioletaren epaimahai teknikoak lehen aldiz bi emakumezko izango dituela: Lise Billon frantziarra eta Ines Paper alemana. Ales Cesen esloveniarra, Martin Elias espainiarra, Genki Narumi japoniarra eta Nikita Balabanov ukrainarrarekin batera ondo aztertu eta epaitu beharko dituzte zerrenda luze horretan azaltzen diren igoera alpinoak. Irizpideen artean, honako hauek azpimarratuko genituzke: berrikuntza, konpromisoa, maila, zailtasun teknikoa, erabilitako ekonomia, esplorazioa, taldearen filosofia…».
Zerrenda luzea da, bai, eta horretatik bizpahiru eskalada sarituko dituzte. Bide batez, esan behar dugu adituen taldeak jasotako protagonisten artean lau euskal alpinista azaltzen direla: Iker eta Eneko Pou anaiak, Aritza Monasterio eta Tasio Martin.
Epaia, azaroan
Anaia gasteiztarrei dagokienez, aurreratu behar dugu aukeratutako jarduera Micher Quito perutarrarekin egin zutela Peruko Mendilerro Zurian. Hain zuen ere, Pumahuanca mendian (5.563 m) ‘One Push’ bidea (M7, 85º, V, 1.000 m) sortu zuten. Mendi horren hego-mendebaldeko aurpegiaren lehen igoera izan zen.
Mendilerro Zuritik irten gabe, hirugarren euskal protagonista Monasterio dugu. Huarazen bizi den andinista gipuzkoarrak Hualcaneko ekialdeko hormaren lehen igoera sinatu zuen. ‘Fango Fiesta’ marra berria (ED, M5, 60º-85º) zabaltzeko bi esloveniar sokakide izan zituen: Andrej Jez eta Anja Petek.
Eta laugarren alpinista Martin dugu. Gazte bizkaitar honek Marc Toralles katalanarekin batera Indiako Shafat ibarrean jardun zuen. Alpinistok Guillem Aparicio mendian (lehen igoera ere) ‘Txoria Txori) (7a+, 450 m) ireki zuten.
Lau euskal protagonista hauek lehen lerroko alpinistekin eta maila bikaineko jarduera alpinoekin aipatutako zerrenda luze hori partekatzen dute. Datozen asteotan, berriz, epaimahai teknikoak jarduera sarituen berri emango du. Eta sari ekitaldia, azkenik, heldu den azaroaren 14tik 16a egingo da Brianconen (Frantzia).