LGTBI+ kolektiboaren baitako «narratiba berriak»
LGTBIQ+ kolektiboaren inklusibitatea eta aniztasuna zineman nolakoa den lantzen du urtero Zinemaldiaren baitako Iberoamerikako topaketak. Bilboko Zinegoak edota Zaragozako Zinentiendo festibalek ere ikuspegi hori jasotzen dute, eta azken urteetan «narratiba berriak» sortzen dabiltzala diote.
Iberoamerikako LGTBIQA+ zinema jaialdien 9. topaketak ospatzen dabiltza Zinemaldiaren baitan. Astearte goiz honetan San Telmo museoan egindako mahai-inguruan Carolina Robledo Asuncieneko Lesbigaytrans zine-jaialdiko programatzailea, Bruna Haddad ekoizlea eta Alice Stamato ekoizleak hartu dute parte. Bertan, LGTBI+ kolektiboaren baitako narratiba berriak, lan egiteko moduak, sortutako gatazkak eta aukerak aztertu dituzte; Latinoamerikako ikuspegitik landu dute, beraien esperientzia pertsonaletatik, eta azpimarratu, zenbait kasutan antzekotasunak badaude ere, herrialde bakoitzean ezberdina dela egoera.
Inklusibitate eta aniztasunak ozeanoaren bestaldean duen presentzia jakin nahi izan dugu, eta horretarako solasaldiaren ondoren Alaitz Arenzana Zinegoak festibaleko zuzendariarekin, Pau Guillen zuzendari ohiarekin eta Mapi Gracia Zaragozako Zinestudio festibaleko kideekin elkartu gara. Graciak Zinegoak festibala izan du aspaldidanik erreferentziatzat: «Oso modernoa, abangoardista eta ausarta da, guk egin nahi genuena Bilbon egiten zutela ikusten genuen».
Mahainguruan aipatutako LGTBI+ ikuspegiak barnebiltzen dituzten filmak aurkezteko festibalak izaten dira leku aproposak, hala uste du behintzat Zinegoak festibaleko zuzendariak: «Badira beste narratiba batzuk gure errealitatera gehiago hurbiltzen direnak, eta uste dut publiko gero eta gehiago ari dela hori eskatzen, eta zinemagile gehiago ari direla gai inklusiboak lantzen, guk hauei ematen diegu aterpe». Zinema ardura politiko batetik ere bizi dute festibalen antolatzaileek, Guillenen iritziz zinema komertzialak helarazten dituen diskurtsoen aurrean beharrezkoak dira «narratiba berriak» izendatutakoak, «diskurtso homogeneo eta bakarra soilik ez zabaltzea bilatzen dute horrelako lanek». Graciak eten dio une batez: «Bestela guztiak izango lirateke zis zuri eta heteroak».
Sortzeko askatasun gehiago dagoenean, beste errealitate batzuk bilatzen dira Guillenen aburuz, «zinema komertzialean guztia egiten da estereotipo jakin batetik, dirua duen horrek egiten du film bat, eta sarritan bere estereotipoaren baitako zerbait sortzen du». Graciaren iritziz, gizartean gertatzen ari dena jasotzen dute beraien festibaletan proiektatutako lanek, «gizartean gertatzen ari denari pultsua hartzeko balio dute». Denbora luzez ezkutuan egondako errealitateak ari dira pantailara heltzen, eta Zaragozako zuzendariak harro kontatzen du jende asko hurbiltzen dela eskerrak ematera, bestela «mami» horretara inoiz iritsiko ez litzatekeela azalduz.
Euskal Herrian ere aldaketak
Astearte goizeko mahainguruan kontatu dute narratiban aldaketak ematen ari direla, Zinegoakeko lagunek Euskal Herriko produkzioan sexu-genero eta indentitateen aniztasunaren ikuspegitik emandako aldaketak aztertu zituzten pasa den urtean. Arenzanak aldaketa nabarmenak izan direla kontatzen du: «Norberaren identitate propioa onartzetik, pasatu gara bestelako gatazka batzuk mahaigaineratzera, jada ez da aski lesbiana izatearekin, zer kontatuko dut?». Guillenek zehaztu du lehen pertsonaia nagusi guztiek barne gatazka bat zutela, eta orain ez; «beraz, edozein pertsonari gertatu posible zaizkion kontuez ari gara, beste narratiba posible batzuk ikusten dira LGTBI+ kolektiboari lotuta, hori beharrezkoa da, ez ginateke existituko narratiba berri hauek gabe».
Graciak aitortu du festibala osatzeko aukeratutako film, hitzaldi edo ekintza kultural bakoitzean erabaki politiko bat dagoela, eta nahiz eta eztabaida asko eman: «Saiatzen gara oreka izaten programazioaren baitan, gure prisma politikotik, baina eskaintza zabala eginez». Arenzanak, aldiz, Zinegoaken kasuan ez direla «hain orekatuak» aitortu du: «Nik beti esaten dut konpentsazio historiko moduko bat dagoela, orain proiektu trans eta lesbiko gehiago jartzen ditugu, gay gutxiago daudela? Bai, baina lasai egon, luzaroan izan da gehiengoa».
Haddadek eta Stamatok hitzaldian azaldu dute narratiba eta ikuspegi berriez gain, egiteko moduei ere erreparatzen dietela. Haddaden ekoiztetxeak adibidez, protokolo eta klausula propioak egin berri ditu inklusibitate eta aniztasun hori bermatu eta errespetatu dadin. Festibaletatako arduradunen ustez ere zaintzeko kontua da modua, Graciak adibidez, espazioari garrantzia ematen dio: «Espazio seguruak sortu behar dira, guk ez dugu protokolo jakinik, talde txikia garelako baina zaintzen ditugu espazioak eta moduak». Zinegoaken, aldiz, duela bizpahiru urte sortu zuten protokoloa eta formakuntza plan batean lanean dabiltza.
«Norberaren identitate propioa onartzetik, pasatu gara bestelako gatazka batzuk mahaigaineratzera, jada ez da aski lesbiana izatearekin, zer kontatuko dut?»
Dirua eta gazteak
Guztia ez da polita izaten ordea, eta beraien praktikan aldatu beharrekoetan badute zeregin pendiente bat, lanbidea duintzea Graciaren ustez: «Jendeari elkartasuna eskatzen diogu, ahal duguna ordaintzen diegu, aktibismoz egiten dute beraiek ere, baina borrokan ari bagara horrelakoak ez pasatzeko, eta eskatzen ari bagara LGTBI+ kolektibokoak ez prekarizatzeko, nola prekarizatzen ditugu ondoren guk? Ba etengabe dirulaguntzekin ezin dugulako funtzionatu».
Zinestudio festibalaren antolatzailearen esanetan, ez dira batere errentagarriak horrelako festibalak: «Ekonomikoki ez dira errentagarriak, baina bai sozialki. Administrazioak diru gehiago eman beharko luke; inbertsio bat da gizartearentzat, eta horrek bizikidetzan eta kulturan itzulera bat du». Zinegoaken kasuan, «profesionalizaziora» urratsak egiteko ahaleginean dabiltzala kontatu dute, baina oraindik ere dirulaguntzetatik bizi direla, eta hori oso nekagarria dela».
Belaunaldi berriak gerturatzea da gisa honetako festibalek duten erronka nagusietako bat. Zinema aretoetan gazteen falta sumatzen dutela aitortzen dute. Zinegoak zein Zinentiendo festibalak filmetatik haratago doaz, «kultur topaketa handi bat» dira antolatzaileen esanetan, eta gazteek beste ekintza batzuetan gehiago hartzen dutela parte kontatu du Guillenek: «Drag queen tailerra, Ballrommak… nik uste dut badutela sentsazio bat ekintzetan protagonista izan nahi dutela, eta zineman begirada pasibo bat izateak ez die interesatzen».