INFO

Tapiak txalotu egin du EBk egindako proposamena ibilgailuen isurietarako helburuak malgutzeko

Arantxa Tapia sailburuak txalotu egin du Europako Batasuneko Industria ministroek ibilgailuen isurietarako helburuak malgutzeko egindako proposamena. Dioenez, «beharrezkoa zen», automobilgintzan «desegonkortasuna, ziurgabetasuna eta zalantzak sortzen ari zirelako».

Arantxa Tapiaren agerraldia, Lehendakaritzan. (IREKIA)

Europar Batasuneko estatuen Industria ministroek ibilgailuen isurietarako helburuak malgutzeko astelehen honetan egindako proposamena «beharrezkoa» zen. Hala adierazi du Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak; aipatutako erabakia «positiboa» dela nabarmendu du.

Zehazki, ministroek Euro 7 arauaren aplikazioa 2025etik 2027ra atzeratzea adostu dute ibilgailu arinentzat eta 2027tik 2029ra kamioientzat. Tapiak esan duenez, hartu beharreko erabakia zen, «Europako ekonomiarentzako funtsezkoa den sektore batean desegonkortasuna, ziurgabetasuna eta zalantzak sortzen ari zirelako».

«Horrek suposatzen du sektore garrantzitsu batek galdu zezakeela enplegagarritasuna», azpimarratu du Lehendakaritzan egindako agerraldian. «Sektorea bera kolokan jar zezakeen», ohartarazi du, bere esanetan automobilgintzarako epe horiek bete ahal izatea «ezinezkoa» zelako.

‘Green Deal’

EBren erabakia txalotu ondoren, Tapiak Europako Itun Berdeari buruz hitz egin du, 2050ean deskarbonizazio helburuak ezartzen dituenari buruz hain zuzen. Esan duenez, «erantzukizunez» arituko dira. «Malgutze honek laguntzen duelako Industria bizirik iristea 2050. urte horretara, baina jakin beharra dugu emisioak murriztu behar direla», gaineratu du.

«Hori ahaztu gabe, Industriak inbertsioak egin behar ditu», erantsi du sailburuak. «Epeak malgutu dira pixka bat, beharrezkoa zelako, baina helburuak ez ditugu ahazten», adierazi du, bioerregaiak eta erregai sintetikoen garrantzia azpimarratuz. Bere ustez, «ezinbestekoak izango dira kamioien eta pisuzko garraioen isurketak murrizteko».

Lakuaren jarrera

Tapiak aitortu du Lakuak beste erakunde batzuekin batera presioa egin duela helburuak malgutzeko: «Oso aktiboak izan gara». Bere iritziz, «ezinbestekoa zen Gobernuaren inplikazioa Industria ikuspegi batetik».

Etorkizunari begira, aipatu du «orekak konplikatuak direla», baina Industriaren eta deskarbonizazioaren alde lan egingo dute. «Biak lortu behar ditugu, teknologiaren laguntzarekin, ikerketaren laguntzarekin, kontuan hartuta autogintza sektorea garrantzitsua dela».

Zentzu honetan gaur egun gauzatzen ari diren proiektuak gogora ekarri ditu, elektrifikazioa bultzatuz Basquebolt proiektuaren bitartez, eta erregai sintetikoen papera nabarmendu du berriro. «Ez dira irtenbide bakarra, baina lagundu dezakete».