INFO

‘Turistifikazioaren aurkako urria’ antolatu du Bizilagunekin plataformak Donostian

Asteazken honetan Turismoaren Nazioarteko Eguna ospatu ordez, SET sareko kideek Turismoaren Kolapsoaren Eguna ospatuko dute. Bizilagunekin plataformak data hori baliatu du Donostian egingo den ‘Turistifikazioaren aurkako urria’ iragartzeko.

Bizilagunekin plataformak antolatutako manifestazio baten argazkia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

SET sareko kideek irailaren 27an Turismoaren Nazioarteko Eguna baliatzen dute Turismoaren Kolapsoaren Eguna ospatzeko. Aurten,  Bizilagunekin plataformak data hori aprobetxatu du Donostian izango den ‘Turistifikazioaren aurkako urria’ iragartzeko.

«Turistifikatzaileek gure hirian egingo dituzten bi biltzarrei erantzuna hilabete osoan zehar emango dugu. Hausnarketaz, ekintzaz, topaketarako aukerez eta aldarrikapenez beteko dugu urria, hilabete osoko programa baten bidez. Urriaren 22an eguerdiko 12etan Alderdi Ederretik irtengo den manifestazioa egingo dugu», adierazi du plataformak ohar batean.

Gogoratu dutenez, «donostiarrak gara, egungo turismo ereduarekin kezkatuta gaude eta desazkunde turistikoaren alde egiten dugu. Ez gaude prest arazo hau areagotzen den bitartean ikusle pasibo izateko eta frustrazioaren putzuan itotzeko. Gure bizitzak eta gure hiria salduz aberastu nahi dutenei erantzun eta geldiarazi egin behar dira».

Horregatik, «dei egiten diegu donostiarrei  antolatuko diren ekintzetan parte hartzera eta aktibatzera. Hiri eredu desorekatu eta bidegabe honen aurrean piztu diren hamaika borrokatan, auzoetako komunitateak lantzen edo turistifikazio prozesuari erantzuten antolatuta soilik hartuko ditugu gure hiria eta gure bizitzak gure eskuetan».

«Beraz, donostiarrak animatzen ditugu hiriko hamaika talde, elkarte eta plataformatara hurbiltzera eta bertan parte hartzera, indarrak batzeko eta Donostia berreskuratzeko», azpimarratu dute.

Bi hitzordu

Zehazki, Bizilagunekin plataformak erantzun nahi die urriaren 5etik aurrera Donostian egingo den Munduko Turismo Erakundearen ‘Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroa’-ri eta urriaren 23tik aurrera izango den Turespaña Konbentzioari.

«Nazioarteko eta Estatu mailako ekitaldi hauek gure hirian egitea ez da kasualitatea. Azken urteetan turismoaren jardueraren bidez negozioak egiteko gune bezala nabarmendu da Donostia estatu mailan eta nazioarte mailan. Turistifikazioari ‘barra libre’ eman zaion garai honetan, gure hiriak denetariko inbertsiogile, multinazional, espekulatzaile, esplotatzaile, oportunista eta putreak erakarri ditu. Donostiarrak kokoteraino gaude eta ez dira ongi etorriak», adierazi du.

Izan ere, «azken urteetan ikusi dugu Donostiako kaleak nola bete diren, nola eraldatu den hiri-espazioa turismo-negozioen mesedetan, garestitu direla kontsumo prezioak bertako biztanleen gaitasun ekonomikotik urrunduz, auzo batzuk bizitoki bezala zailtzen doazela eta bisitaleku soil bihurtzen, etxebizitzaren prezioak garesti izatetik ordainezin izatera pasa direla, naturguneak atrakzio bihurtzeko proiektuak aurrera doazela, turistak erakartzeko ekitaldiek markatzen dutela hiriko agenda, merkataritza txikia hilzorian dagoela eta ehundaka donostiar, beren bizi proiektua beren hirian gauzatu ezinik, kanporatuak izan direla».

«Hiriak turistifikazio bortitza bizi du eta hori ez da zerutik eroritako gertaera; erakunde publikoak turismoaren negozioarekin aberasten direnen esanetara daude», nabarmendu du.