INFO

Azaroaren 30eko greba feministari begira, emakumeen batzarra egin du LABek Oiartzunen

LAB sindikatuko 200 emakumetik gora elkartu dira ostegun honetan Oiartzunen, datorren azaroaren 30erako Mugimendu Feministak deitutako greba orokorra prestatzeko. Eskualde guztietan egingo dituzte batzarrak, zaintza eredu «bidegabe eta sostengaezina» deitoratzeko.

Emakumeen batzarra egin du LABek Oiartzunen, 200 lagunetik gora elkartuta. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitutako greba feministarekin bat egin du LAB sindikatuak eta prestaketa lanetan hasi da. Horretarako, ostegun honetan Oiartzunen emakumeen batzarra egin du eta, sindikatuaren arabera, 200 emakumetik gora elkartu dira Landetxe aretoan.

Zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko beharrari jarri diote azpimarra bertan eta jakinarazi dute datorren astetik aurrera eskualde guztietan delegatuen batzarrak egingo dituztela norabide berean.

Garbiñe Aranburu sindikatuaren koordinatzaile orokorrak ostegun honetako batzarrean nabarmendu duenez, «zaintza krisia gero eta nabariagoa da. Krisi honen arrazoi nagusi eta bakarra ez da bilakaera demografikoa edo jendartearen zahartzea. Emakumeok errebelatzen ari gara, ez dugu ontzat ematen zaintza eredu hau, bidegabea eta sostengaezina baita. Egoera jasanezin bilakatzen ari dira emakumeontzat eta bereziki emakume langile migratu eta arrazializatuentzat».

Horren harira, Aranburuk azpimarratu du «premiazkoa» dela zaintza lanak berrantolatu eta modu orekatuagoan banatzea. Hain zuzen ere, hori du helburu LABek defendatzen duen zaintza sistema publiko komunitario horrek, «zaintza lanak eremu pribatutik atera eta duintzea lortzeko», koordinatzaile orokorraren esanetan.

Bestalde, Mugimendu Feministarekin elkarlana gogorarazi du sindikatuak, Greba Feminista Orokorraren lanketan «bete-betean» murgilduko dela baieztatuz.