Dementziaren eta kaosaren erdian egiaren bilaketa ‘Great Absence’ filmean
Kei Chika-Urak zuzenduriko ‘Great Absence’ filma urrezko maskorra irabazteko lehian dago Sail Ofizialean. Aita dementziak jota dagoen semea izango du protagonista, beraien harreman hautsia berriro elkartuz. Zuzendariak azaldu du Japonian «ohikoa» bihurtzen ari den arazo soziala dela dementziarena.
Ostiral iluntzean estreinatu da Sail Ofizialean lehiatuko den azken filma, ‘Great Absence’. Takashik (Mirai Moriyama) 20 urte daramatza aitarengandik aldendurik, Yohjirengandik (Tatsuya Fuji), gurasoan banandu zirenetik. Aitarekin harremanetan jartzen denean, hark, dementziak jota bere egungo emazteak buruaz beste egin zuela kontatuko dio; eta Takashik dementziak eragindako aitaren istorioen eta errealitatearen artean egia bilatu beharko ditu.
Hedabideen aurrean Sail Ofizialeko azken prentsaurrekoa egin dute Tatsuya Fuji antzezleak eta Kei Chika-Ura antzezleak. Ideiaren edota inspirazioaren jatorriaz galdetuta, bi gertakari zehatz azaldu ditu zuzendariak: «2020ko apirilean pandemia etorri zen mundu guztiarentzat, eta nire aitak dementzia izan zuen; bi gertakari hauek elkartu eta niretzat oso zaila izan zen momentu hori: hala ere, ez da benetako kontakizuna, bi arrazoi hauek ekarritako fikziozko film bat da».
Jorratzen den gaia kontuan hartuta, beste hainbat zuzendari japoniarrek ere Alzheimerraren gaia aukeratu izan dute, Chika-Urari gizartean gai horrek duen garrantzia edota presentziaz galdetuta, ohikoa den arazo soziala dela defendatu du: «Estatistiken arabera, Japonia da mundu mailan dementziaren ehuneko altuena duen herrialdea, eta zentzu horretan pentsa genezake Japonian indar handiko arazo soziala izan daitekeela. Nik uste dut gero eta gehiago bizi garela, eta gaixotasun honek bizi itxaropenarekin du zer ikusia, gero eta zaharrago arazo gehiago».
Lehen eta bigarren pertsonaiak
Pertsonaia nagusia interpretatzen du Fujik, eta filmean, bere pertsonaiak semeari iraganeko norbait antzeztea oso zaila dela esaten dio, inoiz ez duela lortuko izan zena ongi interpretatzea; berari egokitutako pertsonaiari buruz, ordea, bestelako iritzia du: «Nire pertsonaia ez zen zaila antzezteko, pertsonaiak xurgatu nau antzezle gisa, kontrolpean izan dudan pertsonaia bat izan dela iruditzen zait». Gaineratu du, bere ibilbideak film garrantzitsua izan dela, eta esperientzia «guztiz positiboa» izan duela. Hirugarren aldia da Chika-Ura zuzendariarekin lan egiten duena eta «baikortasun handia» transmititzen diola aitortu dio.
Protagonista nagusiak gizonezkoak badira ere, bi gizonen emazteek ere paper garrantzitsua betetzen dute: Yoko Makik eta Hideko Harak. Zuzendariak aitortu du «rol pixka bat konplikatua» zutela biek, bigarren mailako pertsonaiak egiteko eskatu baitzioten, eta hala ere, berehala berain posizioa ulertu eta ongi bete zutela uste du. Gainera, Japoniako gizartean gizon eta emakumeek osatutako bikoteetan dagoen harremana islatzen dela horrela iritzi du. Bitxikeria bat gehitu du Hara eta Fujiren kasuan, duela 40 urte batera grabatu zuten film bat: «Frame berean berriro elkarrekin ikustea hunkigarria izan da».
Zinemaren garrantzia
Chika-Urak aitortu du gero eta publiko gehiago ari dela Japonian zinema aretoetara itzultzen, eta hori pozgarria dela: «Egun oso erraza da ikus-entzunezkoak zure pantailan ikustea, baina filmak komunitatean ikusi behar dira, pantaila handian, zenbat eta handiagoan hobe. Nik filmak pantaila erraldoietan ikusteko modukoak egin nahi ditut».
Pantailari lotuta, argazki zuzendarien lana oso garrantzitsua izaten da. Bigarren aldia zuen zuzendariak Yutaka Yamasakirekin lanean, eta kontatu du gerooz eta hobeto moldatzen direla: «Argibideak ematen nizkion, kameren posizioak zeintzuk ziren eta nola nahi nuen lan egitea, eta berak, bere ideiak esaten zizkidan, feedback hori zegoen eta oso garrantzitsua da hori». Filma amaitutakoan, mezu elektroniko bat bidali zion Yamasakiri, grabaketa «erabat kitzikagarria» izan zela, eta emaitza «Yamasakiren estilo purua» ez bazen ere, ederra gelditu dela kontatzeko.