INFO

Erlojua birrindu du Tigst Assefak, oinetakoez gaindi doan bilakaera osatuta

Tigst Assefak bigarrenez irabazi zuen Berlingo maratoian, munduko errekorrari ia hiru minutuko hozkada emanda: 2:11.53 denboran osatu zuen 42 kilometroko ibilbidea. 138 gramoko oinetakoak erabili zituen etiopiarrak baina teknologiaz gaindi doan garaipena erdietsi zuela diote datuek. 

Tigst Assefa, Brandeburgoko Atearen azpian, garaipen handia ospatzen. (Tobias SCHWARZ | AFP)

Emanaldi estratosferikoa: bere hirugarren maratoian, Tigst Assefa etiopiarrak orrialde bat idatzi zuen joan den igandean  atletismoaren historian, 26 urte besterik ez dituela. Emakumezkoen maratoiko munduko errekorra bi minutu baino gehiagoan ondu zuen. Erlojua birrindu egin zuen, Berlingo ibilbide azkar eta laua, 42 kilometroko ibilbidea, 2 ordu 11 minutu eta 53 segundoan osatuz. 40 urte baino gehiagoan ikusi ez den hozkada eman zion munduko markari, 2019an Brigit Kosgeik Chicagon lortuari (2:14.04), alegia.

Lasterketan erabili zituen 500 euroko Adidas oinetakoen teknologiak zeresana eman zuen –138 gramo pisatzen zuten soilik eta espresuki supereliterako fabrikatua izan da–.

Ezin da zalantzan jarri azken urteetan teknologia berriek azkartu egin dutela lasterketa honen bilakaera –Paula Radcliffe britainiarrak 2003an ezarritako 2:15.25 denbora garaiezina izan baitzen 16 urtean–, baina munduko errekorra kasik hiru minutuan ontzeko oinetakoak baino zerbait gehiago ere eduki behar da; eta, kasu honetan, Assefak berretsi zuen goi-mailako atleten pare dagoela –Amos Kiprutok, oinetako berberekin, 7. egin zuen gizonezkoen proban, bere helburutik urrun–.

Bikila baino azkarrago

«Inoiz ez dut entrenatu bere pareko atletarik; indartsuena da», esan izan du bere teknikari Gemedu Dedefok Assefari buruz galdetu diotenean, eta, hala ere, bera ere harritu egin zen Alemaniako hiriburuan iaz lortutako garaipenarekin, 2:15.37ko denboran.

Assafek erdietsitako balentriaren dimentsioa hobeto azaltzeko, nabarmendu behar da lasterketaren bigarren zatian kilometro bakoitza 3:10 minututik behera osatu zuela: «Lehen zatian energia apur bat aurreztu nuen, bigarren zatian esfortzu handiagoa egiteko».

Estrategia honekin, azken 40 urteetan atleta batek munduko errekorrari eman dion  mokadu handiena sinatu du. 1983ra jo behar da alde handiago bat ikusteko: Joan Benoitek bi minutu eta 46 segundoko aldearekin gainditu baitzuen Grete Waitzen marka, 70 eta 80ko hamarkadetako maratoilari handienetako batena.

Alderaketekin jarraituta, Abebe Bikila herrikide ospetsuak baino azkarrago korritu zuen –palmaresagatik, Etiopiako maratoilaririk onena–. Hark 1964an Tokion gizonezkoen munduko errekorra ezarri zuen, bere bigarren titulu olinpikoan (2:12.11), zapatilekin lehiatuta.

Azken urteko bilakaera

«Ez nuen espero hain azkar aritzea; hots, 2 ordu 12 minututik jaistea», onartu zuen Assefak. «Lan gogorraren emaitza» dela nabarmendu zuen.

Pistako atletismoan egin zituen lehen urratsak. 800 metrokoan espezializatu zen  eta 2014ko uztailean 1:59.24ko marka pertsonala ezarri zuen.

Rioko Olinpiar Jokoetarako sailkatu zen 2016an. Akilesen tendoian izandako lesio bat tarteko eta pistako oinetakoen takoek min ematen ziotelako, ordea, errepidera pasatu zen. 2018an 10 kilometroko lehen lasterketa osatu zuen, ondoren maratoi erdira egin zuen jauzi eta distantzia honetan, 2022an, Alemanian, 1:07.28ko marka ezarri zuen.

Berlinerako bide-orriaren mugarria izan zen hura. Serio jarri zen. Gemedu Dedeforen –azken bi munduko txapeldunen teknikariaren– aholkuak izan zituen iparrorratz eta bere lehen maratoia 2022ko martxoan jokatu zuen, Riaden, 2:34.01 denbora osatuz. Alegia, 18 hilabetean 22 minutu baino gehiagoan hobetu du bere denbora.

Addis Abebako altueran entrenatzen den atleta (2.300 metrora itsas mailatik) urre olinpikoa irabazteko faborito nagusietako bat da Parisen, nahiz eta ibilbidea, Berlinekoaren kontrara, oso gorabeheratsua den.