INFO

Joseba Fernandezek Lapurdi utzi eta San Juan entrenatuko du datorren denboraldian

Lapurdirekin TKE ligarako igoera lortzetik oso gertu egon ostean, Joseba Fernandez entrenatzaileak talde lapurtarreko ibilbidea itxi eta San Juan entrenatuko du datorren sasoian. Lau urterako kontratua sinatu du Pasai Donibaneko taldearekin.

Joseba Fernandez, Lapurdiko arraun taldearen entrenamendu batean. (Patxi BELTZAIZ)

Denboraldi historikoa osatu du Lapurdik aurtengo udaran. KAE1 ligara itzuli den sasoian, bigarren egin eta kasik TKE-rako igoera erdietsi baitu. Ozta-ozta eskapatu zitzaion, Bermeoko estropadan –play-offetako lehendabizikoan– hain ondo aritu ez izana gogotik ordaindu zuen, Bueu-ren mesedetan. Bi segundoko aldeagatik ez zuen lortu historikoa izan zitekeen igoera.

Txalotzekoa izan zen lapurtarren udara –lau bandera astindu dituzte– eta emaitza ikusgarri horietako erantzule nagusietako bat Joseba Fernandez teknikaria izan da. Lapurdiren erronka onartzea erabaki zuen eta urteberen ostean, bere agurra iragarri du. Etxera itzuliko da, San Juan entrenatzera, hain zuzen ere. Lau urterako kontratua sinatu du.

«Kirol urte eta esperientzia ezin hobea» izan dela adierazi du bere sare sozialen bitartez eta eskerrak helarazi nahi izan die klubeko kide zein arraunlariei Ipar Euskal Herriko «arraun kultura ezagutzen uzteagatik».