INFO

Ezkurdia eta Mariezkurrena, Caixabank Masterseko txapeldun erabateko nagusitasunez (22-6)

Iazko garaileek sekulako erakustaldia eman dute Nafarroa Arenako finalean eta ez diete aukerarik eman Altuna eta Imazi. Mariezkurrena erabat nagusitu da atzean eta Ezkurdia, ostiralean ez bezala, oso inspiratuta ibili da tantoa amaitzerakoan.

Irabazleak, Nafarroa Arenako sari banaketa ekitaldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Joseba Ezkurdia eta Jon Mariezkurrena dira bigarren urtez jarraian Caixabank Masterseko txapeldunak. Bi nafarrek sekulako erakustaldia eman dute Nafarroa Arenako pilotalekuan eta ez diete inolako aukerarik eman Jokin Altuna eta Ander Imazi.

Nahikoa da datu bat aipatzea gertatu denaz jabetzeko. Jokin Altunak ez du tanto bat bakarra ere egin partida osoan. Ziur asko bere kirolari ibilbidean lehenengo aldiz gertatuko zitzaion hori, baina ez da izan inspirazio faltagatik, ia aukera bakar bat ere ez duelako izan aurrean errematerako.

Azalpena nahiko sinplea da. Atzean Jon Mariezkurrena erabat nagusitu da, eta Ander Imaz oso behartuta ibili da uneoro. Eta aurrean Joseba Ezkurdia oso inspiratuta aritu da. Ostiraleko finalerdian kamuts eta tantoa amaitu ezinik jardun ostean, gaur ausart ikusi dugu eta asko asmatu du errematean.

Finalak misterio gutxi izan du, eta lehen unetik hautsi da neurketa. Gorriak oso indartsu sartu dira partidan eta 8-1 aurreratu dira markagailuan. Tarte horretan Joseba Ezkurdia izan da gehien luzitu dena eta erremate bikainak sinatu ditu, gantxoz bereziki.

Markagailuan aldea handia izan arren, hasiera horretan ikusi ditugu zenbait tanto piloteatu. Urdinen 8-3koa, adibidez, oso tanto gogorra izan da: 79 pilotakada jo dituzte eta orotara 309 ziren. Zabalera alde egin dion Ezkurdiaren bolea batek igoarazi du 8-4koa markagailura hurrengo tantoan.

Baina erreakzioa erdizka gelditu da, Jon Mariezkurrenak ia errebotean sartu duen pilota batekin berreskuratu dutelako sakea gorriek. Eta hortik aurrera nahi izan duten guztia egin dute, Berriozarreko atzelaria kantxa gainean jaun eta jabe zela.

Tarteak handitzen joan dira eta azken txanpan urdinek etsita amaitu dute. Normalean oso pilota gutxi galtzen dituen Ander Imazek ere amore eman behar izan du gainera etorri zaion erauntsiaren aurrean, eta gainera eskuina minduta amaitu du.

«Jon jaun eta jabe izan da, oso ongi jokatu du, eta biok ongi elkar ulertu dugu. Beraiek ez dute egunik onena izan eta partida azkarra izan da», aitortu du Joseba Ezkurdiak neurketa amaieran. «Ostiralean haserre amaitu nuen, blokeatuta bezala sentitu nintzen, eta gaur erasokor jokatu nahi nuen hasieratik, txisparekin», onartu du bere hobekuntzaz.

Mariezkurrenak, bere aldetik, «lan aparta» egin dutela nabarmendu du eta «oso pozik» dagoela egin duen udarekin. «Orain atsedena hartzeko garaia da, behar dut», gaineratu du.

Tristeago azaldu dira galtzaileak. «Irabazi ala galdu, etxera askoz gustorago joaten zara irabazteko lehian ibiltzen zarenean, baina gaur ez dugu aukerarik izan. Gainean genituen eta ez genuen tantoa egiteko aukerarik ikusten», adierazi du Jokin Altunak.

Ander Imaz ere etsita agertu da. «Ezinezkorik ez dago, Jaka eta Martijak gertu izan zuten bikote hau kanporatzea. Baina horrela jokatzen dutenean zaila da aurre egitea. Jonek lehen huts batzuk egiten zituen, baina orain asko jotzen du eta ez du ia batere galtzen».

FITXA

Pilotakadak: 481. Partidaren iraupena: 50 minutu eta 10 segundo. Markagailua: 2-0, 2-1, 8-1, 8-4, 14-4, 14-5, 19-5, 19-6 eta 22-6. Sakez: 2 Ezkurdiak. Jokoan eginak: 7 Ezkurdiak eta 6 Mariezkurrena II.ak. Galdutakoak: 2 Ezkurdiak, 4 Mariezkurrena II.ak, 1 Altuna III.ak eta 6 Imazek. Gertaerak: Sarrera bikaina Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan Caixabank Mastersaren finala ikusteko. Lehen sakea, urdin.