INFO

Euskalgintzako pertsona esanguratsuek parte hartuko dute Euskaltzale independentisten topaketan

Heldu den asteburuan, urriaren 7an eta 8an, Euskal Herrian Euskarazek antolatuta Euskaltzale Independentiston Topaketak eginen dituzte Villabonan. Euskara eta independentzia ardatz, euskararen errepublikaren eraikuntzan jarriko dute begirada eta, bide horretan, ekarpena egiten saiatuko dira.

Euskaltzale Independentiston Topaketak aurkezten ibili dira herriz herri. Irudian, Bilbon. (EHE)

Datorren asteburuan, urriaren 7an eta 8an, Euskal Herrian Euskarazek Euskaltzale Independentiston Topaketak egingo ditu Villabonan, euskararen errepublikaren eraikuntzan ekarpena egiteko asmoz. Orain artean argitaratu gabe zituzten larunbat arratsaldeko tailerretako hizlarien izenak. Astearte honetan, egitarau osoa plazaratu dute eta asteazkenera arte izena eman daitekeela oroitarazi dute.

Euskalgintzako pertsona esanguratsuak hurbilduko dira hitzordura. Larunbateko mahai-inguru nagusian bilduko dira horietako batzuk, 10.00etan Gurea Antzokian. Euskararen errepublikaz arituko dira Amets Aranguren, Amets Arzallus, Eneko Bidegain, Estitxu Garai eta Lorea Agirre. Ekhiñe Atorrasagastik aurkeztuko du eta Patxi Gaztelumendi eta Sagrario Alemanek ere parte hartuko dute.

Ekitaldi politikoa eta argazkia

12.45ean, Ama Lurra plazan, ekitaldi politikoa izango da. Ondoren, ‘Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat’ lelopean, azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestaziorako atxikimendu argazkia aterako dute. Jarraian, joaldunak ibiliko dira kalez kale.

13.30ean, bazkarian elkartuko dira, Zubimusu Ikastolan.

Tailerrak

Arratsaldean tailerren txanda izango da. Kultur Etxean, Subijana Etxean eta Gurea erakusketa gelan banatuko dira. Hiru tailerrez osatutako bi txanda izango dira; beraz, lagun bakoitzak bi tailerretan parte hartu ahal izango du.

Lehenengo txandako tailerrak (16.00-17.15) honakoak dira: ‘Kulturgintzaren transmisioa hezkuntzan’, Iratxe Retolaza Euskaltzaindiko kide eta EHUko irakaslearekin eta Ibai Redondo Hezkuntza mugimenduko kidearekin. ‘Euskaldunon aurkako erasoen aurrean, zer?’, Agurne Gaubeka Behatokiko kidearekin eta Iñigo Urrutia EHUko irakasle eta legelariarekin. Eta ‘Zein toki du euskarak intersekzionalitatean’, Saioa Iraola Bilgune Feministako kidearekin, Oier Azkarraga EHGAMeko lagunarekin, Leo Bueriberi Euskal Herriko emakume migrante eta arrazializatuen sareko partaidearekin eta Intza Gurrutxaga EHEko kidearekin.

Bigarren txandan, honakoak dira aukerak (17.30-18.45): ‘Gazteok euskararen borrokan’, Olaia Edme Azterketak Euskarazeko ikaslearekin, Xalbat Altzugarai Izpegiko Besten ordezkariarekin eta Malen Frantsesena Gazte Euskaltzaleen Sareko partaidearekin. ‘Pantailak Euskaraz, ezinbesteko erronka’, Iruñe Astiz eduki sortzailea eta Alex Aginagalde Pantailak Euskarazeko sortzailearekin. Eta, azkenik, ‘Txispa batek sortzen du sugarra. Tokiko borrokak’, EHUNeko Unai Apaolaza, HerriBiltzako Gorka Roca Torre eta EHEko Nestor Estebanekin.

19.00etan, Jainekin txaranga ibiliko da kalez kale, eta 22.00etatik aurrera, kontzertuak izango dira Aljibean, Yogurinha Borova, Gora etorri eta DJa.

Igandean, murala, marianitada eta toka

Urriaren 8an, igandearekin, 11.00etan gosaria egingo dute Irrintzi Elkartean eta, indarrak hartuta, Euskal Herrian Euskarazen mural pintaketari ekingo diote jarraian.

12.45ean, Erreboteko plazan pilota ikuskizuna izango da. Ondoren, Iratzar Tabernan marianitada eta Euskaltzale Independentiston Toka Txapelketa.

EHEko kideak herriz herri ibili dira topaketok aurkezten. Izena emateko azken egunak dira. Asteazkenean bukatuko da epea eta interesatuei izena emateko azken deialdia egiten diete. Online egin daiteke, honako helbidean.