INFO

Auzmendi Hezkuntza Bekak hobekuntza pedagogikoan eta ikerketan jarriko du arreta

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak eta Hernaniko Udalak Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren bigarren deialdia ireki dute. Eraldaketa prozesuetan dabiltzan edo hasi nahi duten ikastetxeei helduleku bat ematea da asmoa, bide-orri bat eskainiz. Abenduaren 1era arte aurkezten ahalko dira proposamenak.

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren bigarren deialdia aurkeztu dute Hernaniko Udaletxean. (Jon URBE | FOKU)

Hik Hasik ilusioz plazaratu du, Hernaniko Udalarekin batera, Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Beka, konbentzituta dagoelako «Euskal Herriko ikastetxeei oso baliagarria egingo zaiela eta Joxe Mariren balio garrantzitsu bati bide emango zaiola. Berarentzat hain garrantzitsu ziren haurrak kontuan izango dituen heziguneak behar ditugu eta horretarako etengabeko hobekuntza pedagogikorako tresna erabilgarria eta argigarria sortuko da».

Axier Mingo Hezkuntza zinegotzia, Ainhoa Azpirotz Hik Hasiko eragiletza arduraduna, Mikel Agirrezabala formazio arduraduna eta Julen Auzmendi Joxe Mari zenaren anaia mintzatu dira Hernaniko Udaletxean egin duten ekitaldian. 

Mingok adierazi du Hernaniko Udalarentzat berezia eta garrantzitsua dela beka hau eta urte askoan mantendu nahiko luketela: «Joxe Marirengandik denok edan dugu Hernanin. Hezkuntzan gauzak beste modu batera egiteko aukerak daudela erakutsi zigun».

Azpirotzek esker ona azaldu du deus baino lehen: «Hezkuntzari garrantzia ematen dion herria eta Udala da, eta herritarren ekimenak bultzatzen ditu. Beti izan da erraza eduki dugun lankidetza».

Ikastetxeei bide-orri bat eskaintzea xede

Hik Hasik hezkuntza berritzeko eta eraldatzeko bidelaguntza profesionala eskaintzen du, 28 urte daramatza dibulgazio lanetan eta Euskal Herriko milaka irakasle euskaraz formatzen. Hezkuntza komunitateko hezitzaileentzat informaziorako, prestakuntzarako, elkarrizketarako eta eztabaidarako elkargunea da… eta horren guztiaren osagarri gisa sortu zuen duela bi urte Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Beka, Hernaniko Udalaren laguntzarekin, herriko partaide baitzen Joxe Mari.

Bigarren deialdi honen aurkezpenak bat egin du Hik Hasiren beraren berrikuntzarekin. Aholkularitza zerbitzu berria, ikus-entzunezkoak eta irakasleentzako mintegiak eskainiko ditu Hik Hasik, besteren artean.

Mikel Agirrezabala Hik Hasiko formazio arduradunak adierazi duenez, bekaren objektua hobekuntza pedagogikoa izango da, eta helburua ikastetxeei eraldaketa pedagogikoa egiten lagunduko dien bide-orri bat eskaintzea izango da: «Euskal Herriko ikastetxeek, gaur egungo erronka sozial, etiko, teknologiko, pedagogiko eta abarrei erantzuteko, eraldaketa prozesuak egitea beharrezkoa dute. Eraldaketak marko teoriko eta bide-orri metodologikoa behar ditu. Beka honen helburua, ikastetxeen beharrei erantzungo dien ikerketa eta azterketa egin ostean, eraldaketa prozesuan lagunduko duten oinarri teorikoak eta metodologikoak proposatzea izango da. Horrela, etengabeko hobekuntzarako bidean, beka honen emaitzak Euskal Herriko ikastetxe guztientzat lagungarria izan daitekeen bide-orri bat proposatuko du, bide-orri orientagarria, iradokitzailea eta praktikoa, hain zuzen ere, horren gainean, ikastetxe bakoitzak bere prozesua egin dezan ondoren».

Euskal Herrian hezkuntzaren hobekuntzan dabiltzan ikertzaileei, ikerketa-taldeei, pedagogoei, hezitzaile taldeei edota unibertsitateei zuzenduta dago beka.

Proposamenak aurkezteko epea 2023ko abenduaren lehenean amaituko da eta epaimahaiak, aurkeztutako lanak aztertu ostean, urtarrilaren 8an jakinaraziko du saritutako proiektua zein den. Bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da eta bi urteko epean gauzatu beharko da. Informazio guztia hikhasi.eus webgunean egongo da.

Lehenbiziko deialdia emaitza oparoak ematen ari da

Aurreneko deialdiari dagokionez, Agirrezabalak jakinarazi du emaitza oparoak ematen ari dela: «Joxe Marik  landu zituen lau balioetan oinarritutako proiektuak jarri ziren balioan, hobekuntza pedagogikoa, euskara eta euskal kultura, herri hezitzailea eta inklusioa. Otxandioko eskola eta herria buru-belarri ari da lanean eta oso prozesu interesgarri eta emankorra izaten ari da. Abenduan amaituko da gurekin lana baina beraiek lanean eta bidea egiten joango dira».

Familiaren izenean, Julen Auzmendi anaiak hartu du hitza Hernaniko ekitaldian. «Oso eskertuta gaude Hernaniko Udala eta Hik Hasi Joxe Mariren inguruan egiten ari diren lan guztiarekin. Joxe Mari harro eta eskertuta zegoen inguruan zeukan lan taldeagatik, eta gu geu ere harro eta eskertuta gaude Joxe Mari gure senide izan zelako».