INFO

Bilakaera instituzionalari buruz adostasun berria kausitzeko gogoeta proposatu du EH Baik

Emmanuel Macron autonomiaren alde mintzatu ondotik, «Korsikako herriaren gehiengoaren erabakia errespetatzea» galdegin du Euskal Herria Baik. Bestalde, Ipar Euskal Herrian bilakaera instituzionalari buruzko gogoeta abiatzea proposatu du «adostasun berria kausitu eta Parisen aitzinean mintzatzeko».

Xabi Larralde eta Mathilde Hary, EH Baiko ordezkariak, Baionan eginiko agerraldian. (Nahia GARAT)

Frantses presidentea Korsikan autonomia onartzearen alde mintzatu ondotik, «frantses Gobernuak Korsikako herriaren gehiengoaren hitza eta erabakia errespetatzea» ezinbestekotzat jo du Euskal Herria Baik.

Baionan eginiko agerraldian, Mediterraneoko uhartean azken aste eta hilebeteetan gertatu diren jauziei buruz bere balorazioa eskaini dute Mathilde Hary eta Xabi Larralde EH Baiko ordezkariek.

Emmanuel Macronen hitzak zuhurtziaz hartzekoak direla onartuta ere, Euskal Herria Baik aitortu du Korsikan autonomia ezartzeko frantses presidenteak eginiko adierazpenek «Estaturik gabeko nazioek bere buruaren jabe izateko duten eskubidea frantses Estatuko eztabaida politikoaren erdigunean» kokatu dutela.

«Ontzat ematen ditugu hitz horiek eta ongi etorria XXI. menderat erranen diogu Macroni», gehitu du Larraldek.

Ezkerreko indar subiranistak nabarmendu du gehiengo zabala osatu dutela Korsikan egun irudikatzen den aukera posible egiteko.

Hala, iragan uztailean Korsikako Asanbleak autonomiaren aldeko egitasmoa onartu zuen, kontseilarien %73ak proposamena babestu zutela.

Korsikan ez ezik, Kanakyn edo Polinesian ere abagune berriak irudikatu direla oroitarazita, Ipar Euskal Herrian ere estatus politikoaren gaineko eztabaida abiatzea premiazkotzat jo du Euskal Herria Baik.

«Ipar Euskal Herriaren autonomia aipatzea ez litzateke tabua esan behar», ohartarazi Mathilde Haryk.

Edonola ere, «zeharkako lan gogoeta» plantan ematea proposatzen du oraingoz EH Baik.

Azken urteotan Ipar Euskal Herrian izan diren aurrerapenak «kolektiboki arituz eta adostasunak landuz» lortu zirela gogorarazi du Larraldek.

Oraindik ere moldea zehazteke bada ere, eragile sozial eta politikoekin harremanak biderkatzeko nahia baieztatu dute ezkerreko abertzaleek lurralde eztabaida parez pare irekitzeko Ipar Euskal Herrian.

«Eskumen gehiago lituzkeen instituzio baterako bidea urratzea»

«Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalaren etapa berria ahal bezain manera transbetsalean gogoetatu beharko genuke, adostasun berri bat kausitu eta Parisen aitzinean aldarrikatze aldera», defendatu dute EH Baiko ordezkariek, badira hamar urte estatus bereziko erakunde baten alde hiru lurraldetan gehiengo zabala eratu zela gogora erakarriz.

Herritarrek aukeratutako hautetsiz osaturiko erakunde horrek botere legegileak izatea aurreikusten zen. Ezinbestean, Euskal Elkargoaren eskuduntzen eremua gaindituko luke, bilakaera instituzionalaren ondorioz sortuko litzatekeen erakunde berria.

Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenetik sei urte igaro direnean, EH Bairen diagnostikoa iargia da: «beharrezkoa da eskumen gehiago lituzkeen instituzio baterako bidea urratzea», adierazi dute ezkerreko abertzaleek Baionan eginiko agerraldian.

«Etxebizitzaren krisiari aterabidea emateko, euskararen indarberritzea bermatzeko, trantsizio ekologikoa gauzatzeko, ekonomia antolatzeko edo muga inposatuz gaindiko harreman eta egitasmoak normalizatzeko, Euskal Herritik Euskal Herrirako politiken azkartzearen beharraz» ohartarazi du Euskal Herria Baik.

Desmartxa kolektibo hori martxan ematea helburu, aitortza politikoaren gaia izanen da Euskal Herria Baik heldu den azaroaren 18an Donamartirin eginen duen Biltzar Nagusiaren ardatz nagusietarikoa.