INFO

Foru Aldundiek Fortuna Handien gaineko aldi baterako zergaren aurreproiektua argitaratu dute

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek Fortuna Handien gaineko aldi batera zergaren aurreproiektua argitaratu dute. Gipuzkoak informazio publikoaren faseari ekin dio, dokumentua egoitza elektronikoan argitaratuz

Gipuzkoako Ogasunaren bulegoak. (Juan CARLOS RUIZ | FOKU)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek Fortuna Handien gaineko Aldi Baterako Elkartasun Zergaren Foru Arauaren aurreproiektuak egin dituzte, modu koordinatuan. Horrela, foru-erakundeek behar diren izapideak egiten jarraitzen dute zerga berri hori beren lurralde historikoetako zerga-sistemetan sartzeko eta 2023ko ekitaldi honi dagokion zerga kobratzeko.

Ohar batean Gipuzkoako Aldundiak azaldu duenez, herrialde honen kasuan, Foru Aldundiak aurreproiektua jendaurrean jartzeko prozedura hasi du ostegun honetan, foru-arauaren aurreproiektua herritarren partaidetzarako atarian argitaratuta. Aurreproiektu horrek Ondarearen gaineko Zergaren osagarri izango den zerga bat proposatzen du, pertsona fisikoen 3.200.000 eurotik gorako ondare garbia zergapetzeko:

Gipuzkoako Fortuna Handien gaineko aldi batera zergaren aurreproiektua. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Ondarearen gaineko zergari dagokionez, zerga osagarria denez, Fortuna Handien Elkartasunaren Aldi Baterako Zergaren kuota osoari ondarearen gaineko zergaren kuota likidoaren zenbateko bereko kenkaria aplikatuko diote zergadunek, ondasun eta eskubide berberen gainean zergapetze bikoitza gerta ez dadin.

Aldi baterako zerga denez, Ekonomia Itunean jasotzen den bezala, Gipuzkoako Lurralde Historikoan izango du indarra, lurralde erkidean indarrean dagoen bitartean.