INFO

Ohe-zimitzak, estatu afera bilakatzeko bidean frantses Estatuan

Gaua dute gustuko eta odoljaleak dira. Ohe-zimitzen hamaika espezie daude munduan eta, aldaketa klimatikoak, alde batetik, eta bidaiarien etengabeko mugimenduak, bestetik, haien presentzia areagotzera eraman du, baita Paris olinpiar hirian ere. Biharko bilera berezia antolatu du frantziar Gobernuak.

Langile bat SNCF konpainiako tren batean ohiko garbiketa lanak egiten. (Ludovic MARIN | AFP)

Uztailean hasi ziren lehenengo albisteak agertzen ohe-zimitzen balizko inbasioari buruz frantses Estatuko hedabideetan, eta Euskal Herrian ere sare sozialetan zabaltzen ari dira haien presentziaren inguruko mezuak, nahiz eta kasu horretan zimitz marroi kirasdunari dagozkien.

Uda garaian albisteen lehortea denez, zuhurtziaz hartu zituzten hasiera batean hedabide nagusiek herritarrek sare sozialen bidez zabalduriko lehenengo oharrak.

Aste honetan, baina, Asanblea Nazionaleko kide batek, Frantzia Intsumituaren Mathilde Panot diputatuak eztabaida politikoaren erdigunerat ekarri ditu ditxosozko zomorroak.

Potetxo batean gatibu ziren ohe-zimitz ale batzuk erakutsi zituen Panotek, keinu ikusgarri horren bidez aitzakia eskaini ziela frantziar hedabideetako kazetariei Gobernu buru den Elisabeth Borneri galdera ez erosoekin ziztatzeko.

 

«Gure esku dagoen guztia egiten ari gara», bota zuen, boteprontoan, Parlamentuan bertan, agian hazkura sentitzen hasia den lehen ministroa.

Anartean, zomorro gogaikarrien afera ilunetatik guztiz aldendurik, Parisko Modaren Asteari loturiko ekimen batean, Eliseon, Charles Aznavourren ‘La Bohème’ eta Jacques Brelen 'Ne me quitte pas' bezalako abestiak kantatzeari ekin zion Emmanuel Macron presidenteak.

0,9 kilometro. 13 minutu eskas oinez. Hori da Asanblea Nazionala eta Eliseo jauregiaren arteko distantzia. Lehen egoitzan, diputatu bat haserre, «herritarrek bizi duten infernu» ozenki salatuz eta, bestean, ordea, ‘celebrities’ delakoen konpainian, presidente bat kantari. Biek ala biek, argi-ilunez beteriko kronika osatuz.

Ohe-zimitzen auziaz zer dakigu? Benetako osasun arazoa bilakatzeko zorian da frantses Estatutik hasita Europan mailan? Konfabulazioen aroan enegarren albiste anxiogenoaren aitzinean gaude?

CNN-k «ohe-zimitzen epidemia orokortu dela Frantzian» plazaratu ostean, alarmak piztu dira. Kirol lehia hasi baino aurreneko hilabetetan erabakitzen direlako Paris 2024 Olinpiar Jokoei loturiko erronka ekonomiko nagusiak.

Ikasleak, etxerik gabe

Beka bati esker Pariseko unibertsitatetan jarduten duten milaka gaztek ikasle-egoitzetatik alde egin beharko dute Jokoen denboran atletei tokia egiteko.

Sena ibaiaren garbitasuna bermatzearekin batera mundu osotik heldutako kirolariak aterpetzea erronka handia da frantziar hiriburuarentzat.

Alta, unibertsitateko ikasleen behin-behineko etxegabetzea baino ohe-zimitzen etorrera bilakatu da lehen mailako auzia frantziar Estatuan.

Berdin, unibertsitateko ikasleak janaria banatzen diren elkarteen egoitzen aitzinean ikustea, «gosearen lerroak» osatzen, ez da albistea.

Modelo ezagunen joan-etorriak barruti aberatsetako etorbideetan bai, ordea.

Argien Hirian itzalak ez dira falta.

Herritarren larritasunari erantzuteko bilera

Gaua heltzen delarik etxeak haien pasarela gisara hartzen dituzten ohe-zimitzen aferari itzulita, ministerioen arteko bilera berezia deitu du frantses Gobernuan ostiralerako.

Olivier Veran bozeramaileak emandako azalpenen arabera, «frantziarrek sentitzen duten larritasunari erantzunez» aipaturiko bilkuran «erabakiak hartzeko eta norabideak finkatzeko» asmoa du Gobernuak.

Frantziar osasun agintariek iragan uztailean plazaratu zituzten zifren arabera «hamar bizitzatik batean» arazoak sortu ditu 1950. hamarkadaz geroztik herrialde garatuetan presentzia nabarmenik ez zuten ohe-zimitzen agerraldiak.

Pariseko Metroan edo zinemetan ohikoa bilakatu da jendeak eserlekuak arakatzea zomorroen bila.

«Zoratuko gara, hazkura sentitzen dugu une oro», aitortu dio AFP agentziari garraio publikoaren erabiltzaile batek.

Izan ere, garraio ministroa den Clement Beaunek datuen eskutan kezkak baretzera jokatu du.

«Azken asteotan hamabi bat salaketa jaso dituzte Parisko garraio sarean, guztiak ikertuak izan direla, baita gezurtatuak ere. SNCF tren konpainiak, bere aldetik, 37 kasu ikertu ditu, horietan ere ez dela deus agertu», azaldu du ministroak.

Zarata asko sare-sozialetan

Frantziar Estatuko hegoaldean ikastetxe bi itxi behar izan dituzte lokalak garbitzeko. Iparraldera jotzean, berriz, erietxe baten zerbitzuak lekualdatu behar izan dituzte denbora baterako.

Sare sozialetan bideo eta argazki ugari agertzen badira ere, guztiak ez dira egiazkoak.

Era ofizialean kasu bakan batzuk soilik baieztatu dira, baina hazkura ez da baretu.

Hala, izurritei aurre egiteko lan egiten duten enpresa nagusiek lana «%60» hazi zaiela aitortzen dute.

Bizpahiru aldiz jardun behar dutela etxe arrunt bat erabat garbitzeko askotan.«300 eta 500 euro arteko faktura».

Inflazioarekin nahiko lan ez zutela, poltsikoan bigarren ziztada jaso duten familiek buru komin berria badute: etxe-aseguruari ohe-zimitzek eragindako kalte-ordainak ordainaraztea.