INFO

Klima-hondamendiek 43 milioi haurren exodoa eragin dute 2016 eta 2021 artean

Klima-aldaketak eragindako muturreko klima-hondamendiek (uholdeak, ekaitzetak, lehorte edo baso-suteak) 43,1 milioi haurren exodoa eragin zuten 2016tik 2021era, Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak argitaratutako txosten batek jaso duenez.

Gutxienez 3.800 hildako utzi dituzte uholdeek Libian. (Ozan KOSE | AFP)

Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak (Unicef) argitaratutako txosten berriaren arabera, egungo joerari eutsiz gero, uholdeek 96 milioi adingabe emigratzera behartuko dituzte datozen 30 urteetan. Ez da alarmismo hutsa, datuek errealitate gordina erakusten dute. Izan ere, 2016tik 2021era izandako klima-hondamendiek 43,1 milioi haurren exodoa eragin dute.

Ibai-uholdeek eta euri-jasek eragin dute migrazio gehien, 40,9 milioi (%95). Hondamendi natural horiek mundu osoan gertatu dira, baina Txina, India eta Filipinak dira migrazio kopuru handiena duten herrialdeak (23 milioi inguru sei urtean) dira, populazio handiengatik eta kokapen geografikoagatik, baina baita prebentziozko ebakuazio-planengatik ere.

Dominika edo Vanuatu bezalako uharteak edo Afrikako Adarreko estatuak ere, Hego Sudan eta Somalia kasu, kolpatuenetakoak izan dira.

Herrialde pobreenak dira (txostenak Haiti edo Mozambike aipatzen ditu) arriskuak arintzeko eta egokitzeko premiarik handiena dutenak, herrialde horietan hondatutakoa berreraikitzeko gaitasuna askoz ere mugatuagoa delako, batez ere finantza-arrazoiengatik.

«Klima-aldaketaren inpaktuak gora egiten ari diren bitartean, migrazioak ere gora egingo dute. Gero eta handiagoa den erronka honi erantzuteko tresnak eta ezagutza ditugu, baina mantsoegi jokatzen ari gara», azaldu du komunikatu batean Catherine Russell Unicefeko zuzendari exekutiboak.

Hori dela eta, UNICEF lanean ari da arrisku handieneko hainbat herrialderekin etorkizuneko uholdeak aurreikusteko eta, horrela, migrazioen arriskua murrizteko, haurrak bereziki kontuan hartzen dituzten estrategiekin.

Paradoxikoa dirudien arren, exodo masibo horiek aurrerapen teknologikoaren emaitza positiboa dira; izan ere, detekzio goiztiarreko sistemek ahalbidetzen dute orain uholdeei aurrea hartzea eta ebakuazioak antolatzea, baina UNICEFek ohartarazi du zer trauma eragiten dien haurrei beren etxeak eta eskolak uzteak eta itzuliko diren ez jakiteak.

Unicefek dei bat egin die munduko liderrei gai honi heltzeko Dubain azaroan eta abenduan egingo den hurrengo goi-bilera klimatikoan (COP28).