INFO

Upategietan karbono dixiodoak eragindako istripuak saihesteko proposamena egin du EH Bilduk

Karbono dioxidoaren isurketek upategietan, sagardotegietan eta garagardotegietan eragiten dituzten istripuak saihesteko proposamena eraman du EH Bilduk Gasteizko Parlamentura. Arabako Batzar Nagusietan ere defendatuko den egitasmoak prebentzio protokoloen beharra nabarmentzen du.

Itxaso Etxebarria parlamentariak eta Eva Lopez de Arroyabe batzarkideak aurkeztu dute gaur Gasteizen EH Bilduren egitasmoa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Gasteizko Parlamentuan upategietan, sagardotegietan eta garagardotegietan hartzidurak sorturiko karbono dioxidoaren isuriek eragindako istripuak saihesteko asmoz. Arabako Batzar Nagusietan ere defendatuko dute egitasmo hau, gaur Itxaso Etxeberria parlamentariak eta Eva Lopez de Arroyabe batzarkideak jakitera eman dutenez.

Gauzak horrela, prebentzio protokolo bat diseinatzea proposatu du istripu horiek prebenitzeko. Izan ere, gogora ekarri dutenez, «duela zortzi egun Lantziegoko upategi batean bi gizon itota hil ziren, eta hirugarren bat larri eraman zuten ospitalera; azken hiru urteotan lau dira guztira Arabar Errioxako upategietan itota hil diren pertsonak, eta uste dugu badela garaia neurriak hartzeko, horrelakoak berriz ez direla gertatuko bermatzeko».

Prebentzio protokoloa

EH Bilduk proposatutako «prebentzio protokolo horrek zehaztuko luke zer nolako baliabideak eta tresnak behar diren upategietan» karbono dioxidoaren arriskua murrizteko. Itxaso Etxebarriak azaldu duenez, Lakuako Gobernuak «iaz argitaratu zuen txosten batek argi zioen upategi gutxik dauzkatela euren instalazioak behar bezala aireztatzeko sistema eraginkorrak edota karbono dioxidoa detektatzeko neurgailuak; hobekuntza eta egokitzapen horiek egitea ez da merkea, eta upategi txiki eta familiar askok ezin dute esfortzu ekonomiko hori egin. Horregatik, kasu horietarako Gobernuak diru-laguntzen lerro bat ireki dezala planteatzen dugu, egokitzapen horiek egiteko behar den finantzazioa errazteko».

«Jaurlaritzaren txostenak beste ondorio bat utzi egiten zigun: upategietako langileen artean prestakuntza defizit bat dago. Ez dago informazio nahikorik eta ez dakite ondo nola jokatu intoxikazio kasuetan. Hortaz, prestakuntza saioak martxan jartzea proposatzen dugu, Osalanek koordinatuko lituzkeenak, prebentzio protokoloak ezagutzera emateko eta arriskuak saihesteko behar diren neurriez kontzientziatzeko. Eta azkenik, laugarren puntu gisa, eskatzen dugu Lan Ikuskaritza horren guztiaren gainean egon dadila, tresna eta baliabide horien erabilera berma dezala, eta, beharrezkoa balitz, arau-hausteak zigortu ditzala», nabarmendu du.