INFO

Zaintza izango du ardatz Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen III. Batzarrak

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen III. Batzarra heldu den urriaren 20a egingo da Bergaran, Seminarixoan. Zainketetan jarriko dute arreta.

Emakume Pentsiodunen III. Batzarra Donostian aurkeztu dute. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeek Emakume Pentsiodunen III. Batzarra antolatu dute «Zaintza eta pentsio duinak. 1.080 orain» lelopean. Heldu den urriaren 20an izango da, Bergarako Seminarixoa aretoan.

Donostian astearte honetan egin duten agerraldian azaldu dutenez, zainketetan jarriko dute arreta urriko hitzorduan. «Covid-19aren ondoren, argi geratu zen zaintzetan eredua aldatu beharra zegoela, hainbat eta hainbat gabezia izan baitziren, batez ere egoitzetan, eta horrek ondorio mingarriak izan zituen egoiliarrengan eta haien senideengan», oroitu dute.

Nabarmendu dutenez, zainketei ezin diete emakumeek bakarrik eutsi, «gizonek ere parte hartu behar dute, bereziki, egiten ez dutenek». Izan ere, «zaintza ezin da emakumeen betebeharra izan. Zainketen eztabaida oso presente dago gizartean, adinekoen populazioa handitzen ari baita, eta ez gara konformatzen orain arte egin denarekin bakarrik».

Horregatik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeek Dekalogo bat egin dute, III. Batzarrean eztabaidatuko dena, eta «gizartean nahiz erakundeetan eztabaida pizteko balioko duena».

Emakume pentsiodunen iritziz, zainketen gizarte batean «aurrera egiten jarraitzeko aukera dugu» baina ezinbestekotzat jo dute «erakundeen konpromiso eta lehentasun soziala».

Ildo horretan, mugimendu feministak azaroaren 30erako deitu duten grebari babesa adierazi diote.