Tolosaldea, Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkaren epizentroa
Zortzi partaideetatik erdiak, Altuna, Jaka, Artola eta Peña oso kilometro gutxiren bueltan bizi dira eta gutxienez lauretako bat finalerditan egongo da.
Aspaldiko urteetan Tolosaldea izan da lehen mailako pilotarien faktoriarik emankorrena eta gaur egun profesionalak diren 41 pilotarietatik zortzi –hots, %19,51–, inguruko zortzi herri desberdinetan sortuak dira. Artola, Jaka, Peña, Elizegi, Iztueta, Ugartemendia, Altuna eta Tolosa dira pilotari hauek.
Altuna eta Jakaren arteko buruz buruko zein kaiolako finalak mugarri izan ziren Gipuzkoa erdialdeko pilotazaleentzat, amezketarrak eta Artolak jokatutako Promozioko kaiolako final gogoangarri hura ahaztu gabe, baina kopuruaz harago kalitatea ere handia dela nabarmentzen ari da aurtengo Lau eta Erdiko txapelketa.
Tolosaldea kaiolaren epizentroa dela esateak ere ez dirudi gehiegizkoa, final laurdenetako ligaxkan jokatuko duten zortzi pilotarietatik erdiak, Artola, Peña, Jaka eta Altuna, kilometro oso gutxiren barruan sortuak baitira.
Final laurdenak ez dira ezezagunak lauretako inorentzat, baina orain arte sekula ez ziren laurak batera urte berean aritu. Jakak iaz huts egin zuen final zortzirenetan Elordiren aurka galduta, eta Artola azken bietan erori zen lehen galbahean Elezkano eta Elordiren aurka erorita, baina aurten hiru kanporaketetan aurrera eginda –Altuna zerrendaburu izanda sailkatua zegoen– laurek bat egingo dute zortzi onenen artean.
Multzoetan nola kokatuta dauden ikusita gainera, Altuna, Artola eta Peña B multzoan daude, Tolosaldeak ziurtatuta du finalerdietan, gutxienez, ordezkari bat izatea. Kokapen horrek berak, ordea, hirurek aurrera egitea galaraziko du, kasurik onenean bik egingo baitute aurrera.
Derbia Larrunarrin
Eta giro honetan, ikusmin berezia sortu du ostiral honetan Jokin Altunak eta Iñaki Artolak Amezketako Larrunarrin jokatuko duten «derbiak». Aurkezpenean zozketa egin zen unetik bertatik pilotari eta zaleen artean sekulako gogoa sortu zen bi auzokideak elkarren aurka etxean ikusteko eta alegiarrak, ez sufrimendurik gabe, Asier Agirre kanporatu eta segundo gutxira amaitu ziren jaialdirako sarrerak.
Lau eguneko aldearekin egin zuten debuta biek 2014ko ekainean, amezketarrak lau egun lehenago eta horregatik gorriz jokatuko du etxean.
Lehen urte horretan giro paregabea sortu zen bien inguruan eta ikusmin horrek goia 2014ko Promozio mailako kaiolako finalean jo zuen, elkarren aurka aritu baitziren. Fisikoki askoz indartsuago eta garatuagoa, txapel hura alegiarrak jantzi zuen Atano III.ean 22-8 gailenduta, baina azken urteetan amezketarra da ur aparretan dabilena.
2020 Jaka eta Altunaren arteko Manomanista eta Lau eta Erdiko finalen ostean, 2021eko buruz buruko finalak ere mugarri behar zuen Tolosaldeako pilotazaleentzat, baina Altuna III.a eta Artolaren arteko finala ez zuten jokatzerik izan alegiarrak zangoan izandako finalaren erruz. Rezustak ordezkatu zuen gipuzkoarra eta Altunak erraz lortu zuen bere Buruz Buruko bigarren eta azken txapela.