INFO

Urriaren 12a, «borroka eta intsumisio eguna» Euskal Herrian

Mobilizazio ezberdinak izan dira ostegun honetan burujabetza aldarrikatzeko. Gazteek argi utzi dute urriaren 12a ez dela jai eguna Euskal Herrian. Ernaik ohartarazi duenez, «borroka eta intsumisio eguna» da gaurkoa.

Ernaik eta Sortuk Zarautzen egindako elkarretaratzea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ekimen ezberdinak izan dira ostegun honetan Euskal Herrian. Gazteek kaleak hartu dituzte argi uzteko urriaren 12an euskal herritarrek ez dutela ezer ospatzeko.

Hala nabarmendu du Ernaik Zarautzen egindako mobilizazioan: «Hispanitatearen eguna da gaurkoa, gure herria zapaldu eta asimilatzen saiatzen direnentzat ospakizun eguna. Gazte independentistontzat, aldiz, borroka eta intsumisio eguna».

«Izan ere, indarrez espainolak izan behar garela inposatu nahi diguten horiei, hautu independentistan berresten garela inoiz baino ozenago oihukatzeko baliatzen dugu gaurko eguna. Guk inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria eraiki nahi dugula aldarrikatzeko baliatzen dugu. Haiek berriz, gu makurrarazteko edozer egiteko prest daudela argi uzteko. Guk, etorkizuna garela ikusarazten dugu. Haiek, berriz, iragana», adierazi du gazte erakundeak ohar batean.

Azaldu duenez, gazte abertzaleak «etorkizuna gara, izan ere, geroz eta gehiago gara Euskal Herri aske baten aldeko hautua egiten dugun gazteak. Geroz eta gehiago gara independentziaren alde lerratu eta horren alde lan egiten dugunak. Argi baitugu, etorkizunik badago hori independentziatik pasatzen dela. Gure buruen eta herriaren jabe izatetik pasatzen dela alegia».

«Haiek iragana dira. Agortuta baitago espainiar estatuaren proiektua. 78ko erregimena krisi sakon batean murgilduta dago, horren adierazlerik nabarmenena nazio auziarena da. Espainiar Estatuko gobernu osaketarako eztabaidan, besteak beste, hori argi eta garbi ikus dezakegu», gaineratu dute.

Ernairen esanetan, «nazio auzia izaten ari da eztabaidaren erdigunea hartzen ari duen elementua. Guri dagokigu norabide horretan bultzatzen jarraitzea eta prozesu politikoan aurrera urratsak ematea. Izan ere, prozesu independentista 78ko erregimena inpugnatu eta estatua arrakalatzeko potentzialitate handiena duen estrategia da».

«Horrek, besteak beste, Euskal Herrian borroka desberdinak abiarazteko abagune bat suposatzen digu. Euskal Herria eraldaketarako markoa da, horren adibiderik argienak hurrengo hilabeteetako erronkak direlarik», adierazi du, azaroaren 30an izango den greba feminista eta euskalgintzatik azaroaren 4an antolatutako mobilizazio nazionala azpimarratuz.

Dioenez, «independentzia inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria erdiesteko ezinbesteko faktorea da. Horregatik, hurrengo urteetan herri pultsoaren indartzea ematea dagokigu eta hori erabakitzeko eskubidearen eta autodeterminazio eskubidearen norabidean jartzea. Herri hau kaleetatik, lantegietatik, ikastetxeetatik, instituzioetatik eta beste hamaika espazioetan aktibatu eta norabide amankomun batean jartzetik pasatzen da».

«Etorkizunaren alde apurtu dezagun iraganarekin. Bultzatu dezagun hamaika ertz desberdinetatik herri honen eraikuntza. Euskal Herria askea irabazi arte!», amaitu du.

«Indar errepresiboak suntsitu»

Aske antolakundeak ere mobilizazioak egin ditu Gasteizen, Donostian eta Mungian, «Indar errepresiboak suntsitu» lelopean.

Aske antolakundeak Gasteizen egindako manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Aske antolakundeak Gasteizen egindako manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Arratsaldean beste manifestazio bat deitu du Iruñean. Nabarreriatik abiatu da 18.30ean.

Bestetik, Ikamak Herri Eskolak antolatu ditu herriz herri. Ohar batean azaldu duenez, «ikasleok argi dugu gure herriarekiko daukagun konpromisoa, eta horregatik ozen diogu ez dugula ezer ez ospatzeko. Ez dugu espainolismorik ospatuko. Ez dugu sarraski inperialistarik ospatuko. Guretzat urriaren 12a inposatzen zaigunari aurre egiteko beste egun bat besterik ez da; hezkuntza burujabe eta euskaldun bat borrokatzeko beste egun gehiago».

Ehun mugimenduaren ekintza

Ehun mugimenduak ere ekintza bat egin du Nafarroan Euskal Errepublika aldarrikatzeko. «Euskal Herriko hegoaldeko mugan dagoen sarrera nagusira joan gara eta ‘Ongi etorri Euskal Errepublikara’ leloa duen panela jarri dugu. Gurera etorri nahi duen edonori ongietorria ematen dion errepublika baita gurea», adierazi du.

This browser does not support the video element.

 

Ohar batean azaldu duenez, «ekintza honek gainera, hasieran dirudiena baina sinbologia handiagoa du: panela, Ipar Euskal Herriko gazteek Baionan egin eta, Euskal Herria alde batetik bestera zeharkatu ondoren, Erriberako gazteen esku utzi baitute. Azkenik, Erriberako gazteek Kortesen jarri dute. Urriak 12 honetan ere, Aturritik Ebrora Euskal Herria bat eta bakarra dela ozen esan eta ez garela denbora luzez Frantziaren eta Espainiaren legedioean egongo adierazi dugu».