INFO

Baterajotzeko helburuak lortuta, A30eko greban zentratuko dira orain EHN*Gak

EHN*Gek balorazio ona egin dute ostiraletik igandera Usurbilen egin zuten baterajotzearen inguruan. 800 lagun baino gehiago elkartu zituen topaketak antolakuntzaren arabera, eta erronkak betetzat dituzte. Orain, ordea, beste batzuk dituzte aurrean: lehenengoa, A30eko greba feminista orokorra.

Larunbat arratsaldean manifestazioa egin zuten EHN*Gek Urusbilen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hiru egun hausnarketari, saretzeari eta festa egiteari eman ondoren, atzo amaitu zen Euskal Herriko Neska* Gazteek (EHN*G) Usurbilen egin zuten baterajotzea, ‘Utopiak lehertzeraino’ leloarekin. 800 lagunetik gora elkartu zituen topaketak, eta balorazio ona egin zuen antolakuntzak. Orain, azaroaren 30eko greba feminista orokorrera begira jarriko dira.

«Oso pozik» bukatu zuten hiru eguneko topaketa, Maider Baraño EHN*Gen koordinakundeko kideak atzo NAIZi adierazi zionez. «Sekulako giroa izan da egunotan Usurbilen. Balio izan du neska* gazteen artean sareak indartzeko, gure komunitatea indartzeko eta, alde horretatik, oso pozik gaude, eta Usurbilgo herriarekin eskertuta», esan zuen.

Beste ekintza askoren artean, hiru mahai inguru zentral, zortzi tailer edo hitzaldi, musika, dantza, eta ekitaldiak izan zituzten ostiraletik igandera bitarte Usurbilen. Eta, Barañok esan zuenez, lortu zuten «baterajotzearen erronkei erantzutea». «Alde batetik, greba feministaren antolaketa nola egin pentsatu dugu, eta zaintzaren gatazkak nola zeharkatzen gaituen gogoetatu dugu. Bestalde, mugimendu feministan eta, oro har, herri mugimenduetan dauden eztabaidagaiak ekarri ditugu hona, eta lortu dugu gure neurrira eztabaidatzea gai horien inguruan», azaldu zuen taldearen antolakuntzako kideak.

Irudi indartsu ugari utzi ditu Usurbilgo baterajotzeak, ostiraleko ekitaldeko hau, kasurako. (Gorka RUBIO/FOKU)
Irudi indartsu ugari utzi ditu Usurbilgo baterajotzeak, ostiraleko ekitaldeko hau, kasurako. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lehenengo ituak beteta, orain EHN*Gen erronka da baterajotzeak hasitakoari jarraipena ematea. «Baterajotzea ez dadila irla bat izan; herrietara bueltatuko gara orain, herrietan segituko ditugu lanketa horiek guztiak», adierazi zuen Barañok.

Hala ere, mugimendu honetako kideak zehaztu zuen datorren azaroaren 30ean zaintza sistema iraultzeko asmoz deituta dagoen greba feminista orokorrari helduko diotela lehentasunez.

Larunbat arratsaldean A30eko greba feministari buruzko mahai ingurua egin zuten. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Larunbat arratsaldean A30eko greba feministari buruzko mahai ingurua egin zuten. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Eztabaidari segida

Larunbat goizeko ‘Asteriskoa: subjektuaren inguruko eztabaida’ izeneko mahai inguruaren ostean, Usurbilera batu ziren gazteak taldeka bildu ziren, antolakundeari izena aldatzearen inguruan eztabaidatzeko, «neska asterisko» subjektuak –mugimendu feminista emakumeak ez diren subjektuetara ere zabaltzeko sistema gisa erabiltzen da asteriskoa, bollera eta transengana, kasurako– indarguneak bai, baina mugak ere badituela iritzita.

Maider Barañok argitu zuenez, hausnarketa prozesu horri segida emango diote aurrerantzean; batetik, feminismoaren eta, hortaz, EHN*Gen subjektu politikoaren inguruko hausnarketan sakontzeko eta, bestetik, erabakitzeko ea EHN*G markari eutsiko dioten edo Gazte Feminista izena hartuko duten.