INFO

Eskola publikoaren aldeko eta Hezkuntza Legearen aurkako mobilizazioa babestu du Ehigek

Ehigek Euskal Eskola Publikoaren alde eta EAEko Hezkuntza Legearen kontra urriaren 29an deituta dagoen manifestazioarekin bat egin du. Gasteizen eztabaidatzen ari den arauan «kalitatezko hezkuntza, kohesionatuta, laikoa eta euskalduna» izateko baliabideak ez direla jasotzen kritikatu du.

Hezkuntza Legearen aurka Donostian ekainean egindako manifestazioa. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Herritar guztiei kalitatezko hezkuntza, kohesionatua, laikoa, eta euskalduna eskaintzeko baliabide guztiak» izango dituen hezkuntza sistema bat defendatu dute Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederaziotik. Hori dela eta, hilaren 29an Donostian deituta dagoen manifestazioan parte hartzeko deia egin du, EAEko Hezkuntza Lege berriaren proiektuak ez baitu eskola publikoa lehenesten erakunde horren ustez.

Ehigek ohar batean salatu duenez, Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den lege-proiektuak «hezkuntza sistema publiko-pribatu duala betikotzen du, azken urteetan ikasleak hautatzen eta gizartea desegituratzen gehien lagundu duen tresnetako bat».

Finantzazioari dagokionez, eskola publikoak behar dituen baliabideak ikastetxe pribatuetara bideratzen ari direla deitoratzen du. «Hala, %16 igo da hizkuntza itunak finantzatzeko partida, bi urteko gela guztiak itunduz eta maila guztietako finantzazioa handituz», esan du Ehigek, eta publikoan inbertsio planik gabe jarraitzen dutela gaineratu.

Bestalde, lege-proiektuan eta otsailean argitaratu zen planifikazio-dekretuan eskola publikoaren perimetroa gainditzeko asmorik ez dagoela dio, eskatzen duen familia orori plaza publiko bat ez zaiola eskaintzen kritikatuta.

Euskararen erabilera eta ezagutzaren bermearen kasuan ere «aurrerapausorik ez» dagoela salatu du: «Eskola publikoak Haur Hezkuntzako ikasleen %97,9 D ereduan dituen bitartean, dozenaka A eta B eredu ituntzen dira sare pribatuan. Egungo D ereduan ditugun hutsuneei erantzun beharrean ikasle guzti-guztiei euskararen ezagutza eta erabilera bermatuz, atzerapausoak emateko arriskua dago lege-proiektuak jasotzen duen ‘esparru eleaniztuna’ deritzonaren bidez».

Parte-hartze ereduan eta autonomian ere ez duela aurrera egiten uste du Ehigek, «eskola publikoaren etorkizunerako funtsezkoak» direlakoan. Dioenez, hezkuntza komunitatearen parte-hartze demokratikoa garatuago dago indarrean dagoen Eskola Publikoaren Legean proposatutako testuan baino.

Horregatik guztiagatik, Donostian deituta dagoen manifestaziora bertaratzeko beharra azpimarratu du. Urriaren 29an izango da, igandea, eta Boulevardetik abiatuko da 12.30ean. Aurretik aurpegi margoketa, eskulanak, buruhandien erakusketa eta ‘Gora Bihotzak!’ antzerki musikatua eskainiko dira, goizeko 10.00etatik aurrera.

«Guk argi daukagu. Ez dugu behar itunpeko sarearen aldarrikapen historikoak asetzera datorren lege bat. Ez gaitzatela engainatu esaten lege hau gure hezkuntza sistemaren erronkei erantzutera datorrela. Hau ez da eskola publikoak ezta euskal gizarteak behar duen legea», laburbildu du Ehigek.