INFO

Gabonetan edo udan ume ukrainarrak hartzeko familia bila dabil Chernobil elkartea

Ukrainako haurrei arnas pixka bat emateko familia euskaldunen bila ari da Chernobil elkartea. Bolada batez etxean hartzea proposatzen dute, eguberrietako oporretan edo 2024ko udan. «Inoiz baino gehiago behar dute gerra, elikagai eskasia eta tentsio sozialetik ateratzea», azaldu dute.

Chernobilgo haur bat, Loiuko aireportuan, artxiboko irudi batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Chernobil elkarteak kanpaina berri bat hasi du denboraldi baterako harrera familiak lortu nahian. Euskal Herriko familiek 6 eta 14 urte bitarteko haur ukrainarrak etxean hartzea planteatzen dute, gabonetan edo heldu den udan, sufritzen ari diren gerra, pobrezia eta tentsio sozialetik pixka batean urruntzeko aukera izan dezaten. Azpimarratu dutenez, horretarako «inoiz baino premia handiagoa» dute.

Ohar batean esplikatu dutenez, euskal familiek arnasa eman diezaiekete bolada batez. Bi urte dira ia Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra hasi zenetik eta, itxura guztien arabera, luze joko du oraindik.

Nerea Albisu elkarteko boluntarioak zehaztu duenez, Chernobiletik hurbilen dagoen eskualdeko hiriburutik, Ivankiv-etik, kontatzen diete gerraren inguruan egiten ari direla bizitza eta asko sufritzen ari direla, programako familia guztiek dutelako senide, bizilagun edo lagunen bat frontean eta egunero jasotzen dutelako heriotza, desagertu eta zaurituen berri.

Herrialdearen iparraldean hilabeteak dira ez dagoela gerra fronterik, baina lurraldea minaz josita dago eta oraindik lehertzen dira oihanean antzeman gabeko leherkariak.

Beste hutsune batzuk

Horri guztiari elikagai gabezia gehitu behar zaio. Chernobilek kaltetutako inguruan bizi diren haurrek gosea pasatzen dute eta, orain bigarren plano batera pasatu den arren, kutsadura nuklearrak ere hor segitzen du eta ondorioak nozitzen dituzte.

Chernobil elkarteak, beraz, euskal familien elkartasunari egin dio dei, 6 eta 14 urte bitartean dituzten haurrak harreran har ditzaten denboraldi batez.

Baldintza bat bete behar da, eguberrietan edo udako oporretan ume horiei bizimodu egokia eskaini ahal izatea.

Interesatuek edo edozein zalantza argitu nahi dutenek «konpromisorik gabe» jo dezakete Chernobil elkartera, webgunearen edo telefonoaren bidez.