Iñigo Alberdi: «Abesbatza batean kantatzen duten gazteak heroiak dira»
Guridiren ‘Mirentxu’ ospetsuaren diskorik ez duzue dendetan aurkituko, orain arte ez delako sekula grabatu. XIX. mendean Bilboko Koral Elkarteak enkargatu zion opera masterizatzen ari da egun abesbatza bera. Ondareaz eta koruen arazoez mintzatu gara Iñigo Alberdirekin, koralaren gerentearekin.
Bilboko Campos Eliseos antzokiaren aurrean, ‘Rembrandt’ estudioaren zigilua daraman argazki baten erdian, zutik, Jesus Guridi (1886-1961) ageri da 1910eko maiatzaren 31n, ‘Mirentxu’ opera estreinatu zuen orkestrako kideen artean. ‘Gaur 8-k’ duela pare bat urte berreskuratu zigun irudi horretan Guridi ez dago argazkilariari so.
Esku bat trajearen hegalean sartuta, dandy itxura jartzen ari dela dirudi. Garai hartan 23 urte baino ez zituen konpositoreak, eta une berezia zen, Bilboko Koral Elkartearen enkarguz lehen opera estreinatzeko aukera izan baitzuen.
XX. mendearen hasieran, Bilboko Koral Elkarteak zenbait obra konposatzeko eskatu zien euskal konpositore esanguratsu batzuei, euskarazko errepertorio lirikoa sortzeko asmoz, euskal opera nazionala deritzonaren hazia izan zedin. Baserri giroan girotutako amodio istorio triste bat islatu zuen Guridik ‘Mirentxu’-n, gure folklorean oinarrituta.
Libretoa Alfredo Etxaberena da. Errotatxiko Mirentxuk Raimundo lehengusua maite du, baina Raimundok Mirentxuren lagunik onenarekin, Presen, maiteminduta dago. Eta hor, tragedia.
Euskal Herriak eman duen musikagilerik ospetsuenetakoa izateko bidean zegoen Guridi. Bere ibilbidean alor desberdinak landuko zituen: sinfoniak, zarzuelak, zinemako musika... Baina ‘Mirentxu’ berezia zen, hiru hamarkadetan behin eta berriz itzuli baitzen opera honetara. Bost bertsio desberdin egin zituen.
2020 urtean, Charles Colin-en ‘Maitena’; 2021.ean, Santos Inchaustiren ‘Lide ta Ixidor’; 2024ko udarako, Guridiren ‘Mirentxu’ opera merkatura aterako du IBS Classical diskoetxeak. Eragileek, Bilboko Koral Elkarteak eta BOS-Bilboko Orkestra Sinfonikoak, indarrak batu baitituzte euskarazko errepertorio lirikoa zaintzeko eta sustatzeko. Honen atzean dagoen asmoa da euskarazko errepertorio lirikoa munduari ezagutaraztea.
«Proiektu honi deitu diogu Euskal Opera, eta berreskuratu ditugu hiru opera hauek: hirurak euskaraz eta hirurak gurekin erabat elkartuta daudenak, koralak estreinatu eta enkargatu zituelako. Euskal musikari buruzko liburuetan beti aipatu dira titulu hauek, baina grabaziorik ez zegoen, ez direlako inoiz grabatu. ‘Mirentxu’ nahiko sarri egin da azken garaian, baina osoa entzuteko aukerarik ez zegoen. Orain badakigu, grabazio hauei esker, nola entzuten den ‘Mirentxu’», dio Iñigo Alberdik, Bilboko Koral Elkarteko gerenteak.
Obraren mendeurrenean SGAEk Ramon Lazkanori enkargatu zion edizio kritikoa da diskoan agertuko dena. Grabazioa irailean egin zen, eta orain masterizazioarekin ari dira. Argitaratze data: datorren urteko udan.
Eta grabazioa entzuten zeudenen artean Julia Guridi zegoen, konpositorearen alabarik gazteena. Abesbatzako partaidea izan zen, pandemia iritsi arte. Grabazioan parte hartu dutenen artean: Vanessa Goikoetxea, soprano durangarra (Mirentxu); Carmen Artaza, mezzosopranoa (Presen) eta Gillen Munguía, tenorra (Raimundo).
«Gure helburua, abesbatzen munduaren helburua, eskola bakoitzean koru bat egotea izan behar zuen. Abesteak, errespetuaren aldetik, edo aniztasunari begira, balore asko dituelako», dio Bilboko Koral Elkarteko gerenteak.
Pandemiaren osteko XXI. mende nahasi honetan, aitor dezagun, reggaetoiaren antzeko doinu globalizatuak dira jaun eta jabe. Batez ere, gazteen artean. Abesbatza batean kantatzea, askorentzat, ‘zaharren’ kontua omen da... Baina, benetan, horrela al da? Edo, beti bezala, aurreiritziz beteta gaude?
Bueno, zinemari kasu eginez gero –‘Sister act’ edo ‘Pitch Perfect’, adibidez–, AEBetan eskolarteko edo unibertsitateko koruen arteko lehiaketek jende asko mugitzen dute. Hemen bitxia egingo litzaiguke unibertsitateko marching band bat taularen gainean ikustea, Beyoncek 2018. urtean Coachellan egin zuen bezala, The Sugar Mamas emakumeen marching band ikusgarriarekin.
Estatubatuar kulturaren berezitasunaren isla izan daitezke aipatutako bi adibide hauek. Ados, baina ez al zen Euskal Herria abesbatzen lurralde emankorra? Gurean nekez aurkitu daiteke koru bat edo bi ez duen herria.
«Gure helburua, abesbatzen munduaren helburua, eskola bakoitzean koru bat egotea izan behar zuen. Abesteak, errespetuaren aldetik, edo aniztasunari begira, balore asko dituelako», dio Iñigo Alberdik. Kantariak badaude, baina: «Abesbatza batean kantuan ari diren gazteak heroi batzuk dira, korronte nagusiaren kontra doazelako. Autoafirmazio handi bat behar da hor egoteko».
Transmisioa baita, gaur egun, euskal koruen arazo nagusia. Bilboko Koral Elkartea 1886an sortu zen musikaren ezagutza eta hedapena bultzatzeko helburuarekin, batez ere abesbatzen arloan. Egun, 800 bat bazkiderekin eta 300 bat kantarirekin, hiru koru amateur ditu: haurrena, gazteena eta helduena.
Eta proiektu berezi bat aurrera ateratzen ari dira: Bilboko hamabi ikastetxeetan martxan dagoen Eskolan Kantari; hau da, zentroetan koruak sortzeko ekimena. Baina zein da abesbatzen benetako egoera gaur egun?, galdetu diogu. «Ona da, baina jendarteratzea da gure erronka nagusia. Gure ustez, abesbatzak babesteak erabateko indarraldia du, etorkizun handia duen jarduna delako. Baina hau aurrera atera ahal izateko sortzaileak izan behar dugu gure eskaintza lantzeko orduan».
Itzul gaitezen berriz 1910eko maiatzaren 31ko une hartara. Estreinatu eta hurrengo egunean Bilboko prentsak bere lehen orrialdeetan ‘Mirentxu’-ren arrakasta agertu eta Guridiren zuzendaritza musikala goraipatu zuen, baita libretoaren egilea eta interpreteak ere. ‘Gaur 8’-k berreskuratu zuen albisteak islatzen duenez, eta Bilboko egunkariek kontatu zutenez, opera amaitu eta txalo zaparrada handi baten ondoren, antzokitik irtendakoan publikoak Koral Elkarteraino lagundu zien egileei, «Elkarte artistiko horri, Etxabe eta Guridi jaunei, euskal operari eta besteri bibaka».
113 urte geroago, ‘Mirentxu’k bizirik dirau. Ez da marka makala.