Sortu: «Espainiar Estatuak bere biolentziaren biktimak aitortu behar ditu bakea eraikitzeko»
Joxean Lasa eta Joxi Zabala oroitzeko ekitaldia egin du Sortuk Tolosan astelehen iluntzean. Bertan, euskal herritarrek bakearen eta bizikidetzaren alde egindako lana aitortu eta «bere biolentziak eragindako biktimak aitortzeko» eskatu dio Estatu espainolari.
Joxean Lasa eta Joxi Zabala oroitzeko ekitaldia egin dute astelehen iluntzean Tolosako Benta Haundi auzoan, ‘EgiariGALde’ dinamikaren barruan. Atzo bete baitziren 40 urte gazte tolosarrak bahitu, torturatu eta erail zituztenetik. Haimar Altuna Sortuko Nazio Kontseiluko kideak dei egin dio Estatu espainiarrari eta haren estamentuei euren biolentziaren ondoriozko biktima guztiak aitortzera. Eta era berean, euskal jendarteak azken hamarkadan bakearen eta bizikidetzaren alorrean agindako lana txalotu du.
Arratsaldeko zazpiak jo aurretik beteta zegoen Benta Haundiko oroigarriaren ingurua, bertan izan dira politikariak, lagunak eta senideak, haien artean Joxi Zabalaren ama bera, aski hunkiturik. Aurreskuaren osteko herritarren lore eskaintza eta Aitor Mendiluzeren bertsoen ondotik hartu du hitza Altunak, eta lehenik eta behin «aitortza zintzo eta beroa» eskaini die Lasatar eta Zabalatar sendiei, urte guztietan jasandako min eta ausentziarengatik.
Gogoratu du jada 40 urte direla Lasa eta Zabala «indarrez» eraman zituztenetik, eta beraien memoria gogoratzea beti izan dela «lehen mailako eginkizuna» Altunaren arabera: «Herri honen egia ere badelako beraiek gogoratzea».
Euskal jendartea aurrera begira
Estatu espainiarrak euskal herritarren aurka erabilitako bortizkeria salatu du, eta Joxi zein Joxeanekin batera beste ehundaka herritarrek «estatu indarkeriaren biktimen zerrenda» osatzen dutela gaineratu. Baina azken hamarkadan euskal jendarteak «asko aurreratu» duela azpimarratu du bakearen eta elkarbizitzaren bidean: «Ezker abertzaleak ere bere osotasunean urrats sendoak eta zintzoak egin ditu, gure herriak estatuekin duen gatazka politikoaren testuinguruan sorturiko min eta sufrikarioak aitortu eta arintzeko helburuarekin».
Estatu espainiarrean badira inpunitatearen jabe sentitzen direnak Altunaren iritziz: «Ez bakarrik erabilitako indarkeria ukatzen dutelako, oraindik larriagoa dena, bortxaketa hori ontzat ematen dutenak eta zuritzen dutenak direlako».
Pasa den astean Busotetik egin bezala, eskakizun zehatz bat mahaigaineratu du Sortuko ordezkariak: «Dei egiten diogu Estatu espainiarrari behingoagatik onartu ditzala bere indarkeriaren ondorioz eragindako biktima guzti.guztiak; aspaldidanik euskal jendarteak behar duen urratsa delako». Eta gaineratu du ezinbesteko urratsa litzatekeela Euskal Herrian bestelako agertoki bat sortzeko, nazioarteko hainbat eragilek eskatu eta aldarrikatu modura. Mendiluzek ere, keinu egin dio aitortza ematearen beharrari bere lehendabiziko bertsoan: «...bihur zaitezketela zerrendako parte/ nora begira egon dira orain arte?».
Algarroboaren gaitasuna
Gogora ekarri du Altunak pasa den astean Lasa eta Zabalaren senideekin batera Alacantera egindako bidaia, bertan zuhaitz bat landatu zuten, algarroboa hain zuzen ere, eta kontatu du «argi izpi bat» sortu zela ordura arte senideentzat leku mingarria zenen tokian: «Algarroboak gaitasun bat du: lur eremu lehor eta taupadarik gabekoetan bizitza sortzearen gaitasuna, itxaropen berri bat sortzearen gaitasuna».
Etorkizunera begira eta lanean jarraitzeko dei eginez amaitu du hitzartzea Altunak: «Jarrai dezagun orain arteko bidetik etorkizun berri bat eraikitzen eta bide horretan ekin eta eragiten. Joxi eta Joxean Euskal Herriaren askatasunaren alde engaiatu ziren moduan jarrai dezagun haien bidean aurrera egiten».
Lakuaren aitortza
Urriaren 31erako memoria eta erreparaziorako ekitaldi bat deitu du Lakuak, aurtengoan aitortutako biktimen txostenaren berri emateko aurkezpena, eta 66 kasu aintzakotzat hartuko ditu. Pili Zabalak, Joxiren arrebak, azken egunetan azaldu duenaren arabera, Zabalaren senideek aitortza hori jasoko dute. Joxean Lasaren kasuan, aldiz, beranduago egin zioten Lakuari aitortza eskaria, eta ondorioz, prozesuan badago ere, datorren urteko txostenean argitaratzea espero dute.