INFO

Estibaliz Urresola eta Alberto Vazquez, Zinebin epaimahaikide

Bilboko Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bere sail ofizialeko nazioarteko bi lehiaketetako epaimahaiak osatuko dituzten partaideak iragarri ditu, eta horien artean daude Estibaliz Urresola (‘20.000 especies de abejas’) eta Alberto Vazquez (‘Unicorn Wars’) zinemagileak.

Estibaliz Urresola, Donostiako Zinemaldiaren Euskal Zinemaren galan, irailean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Datorren azaroaren 17an hasiko den Bilboko Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berria bere eduki garrantzitsuenak aurreratzen ari da dagoeneko. Esaterako, aurtengo irabazleak zeintzuk izango diren hautatuko dituzten epaimahikideak.

Nazioarteko Film Labur Lehiaketako sariak emateaz arduratuko dena, honako hauek osatuko dute: Florian Fernandez, Cannesko Zinemaldiko Short Film Corner programaren koordinatzailea; Haruka Hama, Yamagatako (Japonia) Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren zuzendaria; Mariana Hristova, zinema-kritikari, kultura-kazetari eta programatzaile bulgariarra, Balkanetako eta Ekialdeko Europako zineman espezializatua; Estibaliz Urresola, lehen mailako hainbat sari jaso duen ‘20.000 especies de abejas’ luzemetraiaren zuzendaria eta euskal zinemagilea; eta Alberto Vázquez animazio-zuzendari, ilustratzaile eta marrazkilari galiziarra, ‘Psiconautas’ (2017) eta ‘Unicorn Wars’ (2022) film luzeen zuzendaria.

Sail Ofizialeko-ZIFF Nazioarteko Lehiaketako ZIFF Sari Nagusia erabakiko duen epaimahaian egongo dira Diana Bustamante, ekoizle eta zuzendari kolonbiarra –‘Nuestra Pelicula’ film luze dokumentalarekin ZIFF – ZINEBI First Film Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen 2022an–; Birgit Kohler, Berlingo Arsenal Zinema eta Bideoarte Institutuko programazioaren arduraduna; eta Rocio Mesa, Kalifornian (Estatu Batuak) bizi den espainiar jatorriko zinemagilea.

Zinebik 50.000 euro baino gehiago banatuko ditu sail ofiziala osatzen duten nazioarteko bi lehiaketetako film irabazleen artean. Horrela, ZIFF-Zinebi First Film lehiaketan parte hartzen duten film luzeek ZIFF sari nagusia (12.000 euro) eta gazte epaimahaiaren saria (2.000 euro) irabazteko aukera izango dute.

Film laburren nazioarteko lehiaketari dagokionez, Zinebi sari nagusia (7.000 euro), Euskal zinemaren sari nagusia (6.000 euro), Estatuko zinemaren sari nagusia (6.000 euro), Fikziozko film labur onenaren Mikeldi saria (5.000 euro), Animazioko film labur onenaren Mikeldi saria (5.000 euro) eta Film labur dokumental onenaren Mikeldi saria (5.000 euro) emango ditu epaimahaiak.

Gainera, emanaldietara joaten diren ikusleek EITB-Publikoaren Saria emateko aukera izango dute ikusten dituzten film laburrak bozkatuz (3.000 euro), eta Unicef erakundeak bere saria emango du urtero bezala (ez du diru hornidurarik). Azkenik, FAS Zineklubak 2.000 euroko saria emango dio Bertoko Begiradak saileko film labur onenari.