Hil ezazu aita, Peio Etxeberriaren heldutasun froga Bilboko Deportivon
Elkarren aurka 10 aldiz jokatu dute buruz buru Zenotzekoak eta lehen egunetik bere babesean izan duen Joseba Ezkurdiak eta denak Arbizukoaren alde erori dira. 22ra heltzeak sari bikoitza luke ultzamarrarentzat, finalerdietarako txartela eskuratuko bailuke zuzenean.
Duela urte batzuk Juan Martinez de Irujok berarekin egin zuen bezala, Joseba Ezkurdiak seme edo anai txiki bat bezala hartu zuen Peio Etxeberria Zenotzekoa euren entrenamendu taldera heldu zen lehen egunetik. Eredu izan, erakutsi, babestu... ia denetik egin du arbizuarrak ultzamarrarekin urte hauetan, ikaslea maisuari begietara parez-pare begiratzera heldu den arte. «Hil ezazu aita». Horixe zen Freudek erabilitako baliabide metaforikoa gizakiok heldu eta gurasoak albo batera uzten hasten garen momentua azaltzeko. Azaltzen zaila eta egiten are zailagoa den zerbait, bereziki Peio Etxeberriaren kasuan.
Izan ere, azken urteetan garapen izugarri bat izan ostean, txapelketa batean buruz buru Joseba Ezkurdiari irabaztea da Peio Etxeberriak betetzeko gertuen duen erronketako bat. Orain arte bost aldiz egin dute topo Lau eta Erdikoaren barruan, beste bitan Buruz Burukoan eta beste hirutan sanferminetako kaiolakoan, denetan garaipena Sakana aldera joan zen. «Hasieran elkarren artean genuen laguntasunak nik uste eragiten zidala, baina nik uste gero eta hobekiago kudeatzen dudala» esan du aste honetan bertan Etxeberriak emaitzek ere hala erakusten dute. Elkarren arteko kaiolako azken dema ez da jokatu zaharra, ekainean jokatu zuten Adarragan eta ultzamarra 20-15 aurreratu zen, baina egungo lau eta erdiko txapeldunak buelta eman zion partidari, 22-20 gailenduz.
Ostiral honetan Ezkurdiari irabazteak, gainera, sari bikoitza izango luke, Iker Salaberriak Erik Jakaren aurka jokatu beharreko partidari uko eginda, 22ra helduta finalerdietarako sailkatuta legoke ultzamarra. Hala izango ez balitz, beste aukera bat izango luke Salaberriaren beraren aurka, baina honek hirugarren partidari ere uko egingo balio, haren aurkarko emaitza guztiak baliogabetu egingo lirateke.
Ligaxkan itxurarik onena eman zuten bi pilotariak dira Joseba Ezkurdia eta Peio Etxeberria eta, aurrez behintzat, pronostiko oso irekiko partida izango da Bilboko erdialdeko frontoian jokatuko dena. 27 urte dira esku pilota profesionaleko partidarik jokatzen ez dela bertan, baina, berez, erremintako pilotalekua izanagatik Rekalde Zumarkalekoa, aitzakiarik gabeko plaza da.
Azken aukera Tafallan
Txapelketak tradizio eta historia handiko beste pilotaleku batera egingo du salto larunbatean eta Tafallako Eretan biziraupenerako dema izango dute beste multzoan lehen jardunaldian galtzaile izan ziren Aitor Elordik eta Iñaki Artolak. Udan izandako zalantzak uxatu ezinik jarraitzen du txapeldunak, ez dago bere joko sasoirik onenean, baina hala ere lanak eman zizkion pasa den astean Jon Ander Peñari Bilbon. Alegiarrak, ordea, oso itxura ona eman zuen Jokin Altunaren aurka Amezketan, baina bertako semeak duen irabazle sena falta izan zitzaion txapelketako lehen ezuste handia gauzatzeko. Galdu arren, biek emaitza on xamarrekin erori ziren lehen jardunaldian, eta Tafallan irabazten duena oso bizirik heldu daiteke azken jardunaldira.
Eta final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldiko azken partidak emango dio hasiera Eibarko Astelenako neguko denboraldiari. Bertan B multzoko lehen jardunaldiko bi irabazleak arituko dira elkarren aurka, Jokin Altuna eta Jon Ander Peña. Amezketarrak ezker sorbaldako minez amaitu zuen etxean jokatutako lehen partida, baina, itxuran, inolako arazorik ez du izango igandean tolosarraren aurka jokatzeko. Baikokoak tarteka oso itxura ona eman zuen Elordiren aurka Bilbon, iaz Gasteizen oso estu hartu zuen Altuna bera, baina badaki finalerdietarako txartel birtuala eskuratzeko partida borobila jokatu beharko duela, amezketarrak inork baino gehiago zigortzen ditu eta kontzentrazio faltak.