INFO

Urtarrilean sinatuko zukeen denboraldiari amaiera biribila ematera

Golden Trail Serieseko finala korrituko du Malen Osak (2002, Oñati) bihar Italian. Aurrenekoz lehiatu da zirkuitu horretako hiru lasterketetan. Dolomitetan eta Coloradon laugarren egin zuen, eta Kalifornian bosgarren. Oihana Kortazar (18) eta Sara Alonso (20) mendi korrikalariak ere lehiatuko dira.

Malen Osa Dolomitetako lasterketa amaitu berritan, lortu zuen laugarren postua ospatzen. (GOLDEN TRAIL)

Urtarrilean paperaren gainean sinatuko zukeen denboraldia osatzen ari da Malen Osa, eta bihar «ziurrenik» sasoiko azken lasterketa korrituko du Italiako ipar-mendebaldean dagoen Liguria eskualdean, Noli hirian (10.00etan, Eurosport). Golden Trail Serieseko finala izango da; lasterketak 26 kilometroko luzera du, eta 1.430 metroko desnibel positiboa. Oihana Kortazarrek eta Sara Alonsok ere parte hartuko dute. Elgetarra hemezortzigarren postuan da sailkapenean eta donostiarra hogeita batgarren. Oñatiarrak estreinakoz korritu ditu zirkuitu horretako hiru lasterketa: Dolomitetako lasterketa (22 kilometro, 1.750 m+), Coloradoko (AEB) Pikes Peak Ascent (21 kilometro, 2.382 m+), eta Kaliforniako (AEB) Mammoth (26 kilometro, 1.200 m+).

Dolomitetan eta Coloradon laugarren geratu zen, eta Kalifornian bosgarren. Emaitza horiei esker, final handiaren aurretik sailkapen orokorrean hirugarren postuan dago. «Inoiz ez nuen esperoko hirugarren postuan ailegatzea finalera. Oraindik ezin sinetsita nago apur bat», nabarmendu du mendi korrikalariak.

AEBetan lortutako emaitzek «motibazio handia» eman diote Osari, datorrenari begira. Kaliforniako lasterketa amaitu ostean etxera itzuli zen, eta behar bezala errekuperatu da. «Azken hiru asteetan entrenamendu eta erregistro onak egin ditut. Konfiantza nahikoa dut nire buruarengan, eta nire esku dago hirugarren postu hori mantentzea. Buruz ere oso motibatuta nago; gorputzak erantzuten duenean, buruaz ere aurrera egitea errazagoa da».

Lehen eta bigarren postuan geratzea «kasik ezinezkoa» du, ez bakarrik puntuen aldetik, baita aurkariek erakutsi dutelako ere «beste maila batean daudela eta munduko korrikalaririk onenak direla». Sophia Laukli estatubatuarra dago gorengo koskan 600 punturekin, eta koska bat beherago dago Judith Wyder suitzarra 588 punturekin.

Osak betetzen du podiumeko azkeneko koska 488 punturekin. «Nire atzekoei begira nago. Oso estu gaude hiru-lau korrikalari, eta laugarren edo bosgarren postuan eginda ere, pozik geratuko nintzateke», adierazi du Oñatikoak.

«Inoiz ez nuen esperoko hirugarren postuan ailegatzea finalera. Oraindik ezin sinetsita nago apur bat»


Italiako lasterketan geratzen den postuan baino gehiago, sailkapen orokorrari begiratzen dio, eta helburua da lehen bosten artean geratzea: «Hirugarren postua mantentzea ametsa litzateke. Bosgarren eginda oso pozik egongo nintzateke, baita lehen hamarren artean sartuta ere. Gauzak oso gaizki atera behar zaizkit hortik kanpo geratzeko. Hala ere, denboraldi hasieran entrenatzailearekin jarri nuen helburu handia zen lehen hamarren artean sartzea».

Lasterketa irabaztea zaila ote duen galdetuta, mendi korrikalariak nabarmendu du «baietz», orain arte lortu izan ahal duen posturik onena, lasterketa ona eginda, podiuma izan delako: «Laukli eta Wyder beste maila batean daude. Hirugarren egitea ere nahiko zaila izango da. Lehen bosten artean geratzeko borrokatuko naiz».

Denboraldian «gorabehera dezente»

Paperaren gainean, «hamarreko» denboraldia egin duela adierazi du Osak, sasoian zehar «gorabehera dezente» izan dituen arren. «Oso ondo» hasi zela nabarmendu du, «oso indartsu» –besteak beste, Zegamako kilometro bertikalean bigarren egin zuen, Espainiako Txapelketan 23 urtez azpiko lasterketan lehena egin zuen, eta absolutu mailan hirugarren, eta Euskal Herriko txapelan aurrena geratu zen, errekorra hautsita–.

Eta hori agian Munduko Txapelketan ordaindu zuen: «Hasieran gehiegi estutu nuen lasterketetan, eta gero urteko lehen hitzordu garrantzitsuenean apur bat erreta eta hustuta ailegatu nintzen. Munduko Txapelketan ez nuen inondik inora ere nire maila eman».

Inflexio puntua izan zen Osarentzat Munduko Txapelketa, eta horren ondotik «nahiko gogorra» egin zitzaion errekuperatzea, «bai mentalki, bai fisikoki»: «Pare bat aste hartu nituen guztiz deskantsatzeko, eta hori ondo etorri zitzaidan. Ondoren Dolomitetara begira jarri nintzen, eta hortik aurrera denboraldia pixka bat goraka joan da».

Malen Osa, lasterketa batean. (GOLDEN TRAIL)

Joan den uztailean izan zuen Golden Trail Serieseko lehen lasterketa Dolomitetan. «Laino batetik jaistea bezala izan zen», haren hitzetan. Osak lehen aldia zuen maila horretako lasterketa batean lehiatzen zela, eta bertan laugarren egiteak balio handia zuen: «Aurkari zuzenekin, nazioartean nire lehen emaitza zen, balio handia zuena».

Abuztuan korritu zuen oñatiarrak zirkuituko bigarren lasterketa Coloradon. Emaitza Italiako lasterketako berbera izan arren, sentsazioak oso bestelakoak izan ziren: indarrik gabe eta hankak hustuta.

«Lasterketa egunean gorputzak ez zuen erantzun. Nire lasterketa egitera joan nintzen, ahal nuena egitera, eta uste dut ondo kudeatu nuela neukan energia apurra. Laugarren postua lortu nuen, nik ondo kudeatu nuelako lasterketa, baina baita ere aurkariek ez zutelako ondo kudeatu», adierazi du Osak. Eguneko albisterik onena, beraz, lortutako postua izan zen.

AEBetako bigarren eta zirkuituko azken lasterketan, Kalifornian, korritu zuen hoberen. Oñatiarrak bosgarren egin zuen, bere gaitasunetatik eta indarguneetatik kanpo zegoen lasterketa batean: «Gorputzak erantzun zuen. Oso lasterketa azkarra zen, ez zen aldapa handikoa, ez zen teknikoa. Egun horretan oso ondo sentitu nintzen, hankak oso ondo nituen eta jakin nuen erritmoa nola kontrolatu».