INFO

Abenduaren 2an Hazparne «gazte ezkertiar eta abertzaleon topaleku» bilakatzeko deia

Heldu den abenduaren 2an Gazte Eguna iraganen da Hazparnen. Lapurdiko herriaren bertatik Hazparne «gazte ezkertiar eta abertzaleon topaleku» bilakatzeko gonbidapena zabaldu dute, larunbat goiz honetan, ekimenaren sustatzaile diren Xuti Gazte dinamikaren eta Bagira ekimenaren ordezkariek.

Heldu den abenduaren 2an Gazte Eguna iraganen da Hazparnen. (NAIZ)

Hazparneko frontoian hitzordua eman dute Xuti Gaztek eta Bagirak azkeneko asteotan sare sozialen bidez zabaldu duten Gazte Eguna egiteko erabakiari buruz hainbat xehetasun emateko.

Bi Aberri Egun artean luzatuko den mugimendu abertzalea eguneratzeko prozesuaren baitan kokatu dute, hain zuzen, abenduaren 2an Hazparnen iraganen de ekimena «gazteok ere horren parte izan nahi dugulako» agerian jarriz.

Hausnarketa eta transmisio fase baten ostean, Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga markatu zuen Bagira dinamikaren baitan antolaturiko lehenengo ekitaldi handia.

Bi egunez luzatu zen herri topaketa horien ostean kontsulta fasea zabaldu zuen Bagirak.

Mugimendu abertzalea birfundatzea, gazteen bultzadarekin

Haien burua ezkertiar eta abertzaletzat hartzen dituzten herritarrek aurrera begira nola antolatu Ipar Euskal Herriak dituen erronkak altxatzeko, hori izanen da, laburbildurik, iritzi-trukaketa horren helburu nagusia.

Uztail hondarrean itxi zen galdeketan parte hartzeko epea. Orotara 1.500 lagunek erantzun ziotela galdetegiari jakinarazi zuen Bagirak eta jasotako ekarpenak aztertu ostean, laster helduko dela emaitzaren berri emateko tenorea aurreratu du, aste honetan bertan, bere sare soziale bidez, aipaturiko dinamikak.

 

Mugimendu abertzalea birfundatzea xede duen ibilbide partekatu horren baitan, abenduaren 2an, Hazparnen antolaturiko Gazte Egunak «zerumuga partekatu bat marrazteko unea» eskaintzen duela defendatu dute hitzordua aurkezteko agerraldian parte hartu duten ordezkariek.

Hala, adierazi dutenez, «hamarkada luzez belaunaldiz belaunaldi transmititu den mugimendu abertzalearen ondarea hartu eta gazteon artean zabalduko dugu, gure belaunaldia baita egungo eta etorkizuneko mugimendu abertzalea».

Gaur egun pizturik diren borrokek badintzatuko dutela etorkizuna jakitun, «gaur egungo gazte borroka dela etorkizuneko Euskal Herri burujabera eramanen duena» nabarmendu dute Gazte Egunaren antolatzaileek.

Oroz gainetik, «gazte ezkertiar eta abertzaleok bildu eta elgarrekin bide bat egiteko» gonbidapena zabaldu dute.

Egitarauari buruz hainbat xehetasun

Egun osoko egitaraua prestatu dute Gazte Eguna kari eta horren gainean xehetasunak emanteko baliatu dute agerraldia.

Egunaren hasieran hainbat eztabaida mahai antolatuko dituzte. ‘Urrats feminista’ leloa duen mahai-inguruarekin abiatuko da topaketa.

Bigarren eztabaida-gune batean, ‘Gazteok Euskal Herria eraikitzera’ lelopean arituko dira eremu ezberdinetan lanean diharduten gazteak.

Horren ondotik, indarrak biltzeko parada izanen da, bazkari batekin. Bazkalostean, berriz, Mendeala gelara arteko bidea Team B txarangak giroturik poteoa eginez osatuko dute gazteek.

Sarreren salmentak eta antolaketa bilkura

Aurkezpena egin ondoren, asteburu honetatik aurrera sarrerak erosteko parada izanen dela, berdin internenetn bidez zein Ipar Euskal Herriko toki ezberdinetan, jakitera eman dute Gazte Egunaren bultzatzaileek.

Aditzera eman dutenez, «salmenta gune, hitzordu nagusi eta Gazte Egunaren inguruko informazio zehatzagoak gure sareetan aurkitu ahalko dira hemendik aitzina».

Horrekin batera, hitzordua arrakastatsua izan dadin «gazte guztion ekarpena beharrezkoa izanen da», adierazi dute.

Horretarako, azaroaren 18an Hazparnen bertan antolatuko duten asanblada irekian parte hartzera deitu dute Xuti Gazte dinamika eta Bagira ekimenaren ordezkariek.

Horrez gain, Gazte Egunean laguntzaile gisara aritzeko deia zabaldu dute.