Berriz ere esku hutsik Bartzelonatik bueltan, eta Yuri eta Herrera min hartuta
Athleticek itxura ona eman zuen Montjuicen jokatu zen partidan eta eskura izan zuen punturen bat lortzea. Hala ere, ez zuen ate aurrean asmatu, bigarren zatian indarrak agortzen hasi zitzaizkion eta ihes egin zion berdinketak amaieran.
Bartzelonaren etxean irabazi ezinik jarraitzen du Athleticek. 2001etik, hain zuzen ere, ez du garaipenik lortu. Aspaldiko partez, ordea, ez zuen jipoirik jaso eta punturen bat ateratzekotan egon zen talde zuri-gorria.
Ernesto Valverdek aitortu zuen bezala «ondo estutu» zuten lesionatu ugari zituen talde kataluniarra, goian presioa eginez. Guruzeta eskuin hegalera mugitu zuen Balderen igoerak geldiarazteko. Baina Athletici, gol bat egitea falta izan zitzaion. Williams anaiek aukerak izan zituzten arren; batez ere, lehen zatian. Iñakik erditik jokatu zuen eta bere abiadurarekin min egin zuen. Sancet eta Nico ere sarritan agertu ziren erasoko jokaldietan.
Anaia gazteenari penalti bat egin zion Cancelok errematatzera zihoan erdiraketa batean kamisetarik tira egin ostean. Ez zen lurrera bota eta epaileak ez ikusiarena egin zuen. Beste arean ere Joao Felix lurrera bota zuten jokaldi arriskutsu batean. Portugaldarra erabakigarria izan zen. Berak sakonean sartutako baloi batean egin zuen gola Marc Guiu harrobiko jokalari gazteak. 17 urteko futbolariak, zelairatu eta 30 segundutura bidali zuen baloia sareetara lehen ukituan.
Partidaren azken txanpan izan zen. Athletic indarrak galtzen hasia zegoen. Valverdek ere gazteen freskotasunaren aldeko apustua egina zuen Beñat Prados, Unai Gomez eta Adu Aresekin. Denboraldiko lehen minutuak izan ziren hegaleko jokalari gaztearentzat, baina Berenguerrek moduan, ezer gutxi erakutsi ahal izan zuen erasoan. «Batzuetan arriskuak hartzen ditugu jokalari gazteekin eta badakigu garatzen joateko minutuak behar dituztela», onartu zuen entrenatzaileak.
Izan ere, Iñigo Martinezek Joao Felix aurkitu zuen lerro artean. Prados mugitzen ari zen zonaldean. Portugaldarrak garaipenaren jokaldia asmatu zuen, Vivianen bizkarrean jarritako baloiarekin. Lehen zatian ere langara bidali zuen Bartzelonaren beste aukera garbiena, Ferran Torresek Yuriri ihes egin ostean.
Ezker hegaleko atzelariak aldaketa eskatu behar izan zuen. Joan den astean kolperen bat jaso zuen entrenamenduetan eta Bartzelonan ere min hartu zuen. Klubak zabaldutako mediku txostenaren arabera, Carvajalek iazko denboraldian hautsitako perone hezurraren inguruan dauka kolpea.
Iñigo Lekuek bete zuen bere hutsunea eta lehen minutuetan sufritzea egokitu zitzaion. Minutuak igaro ahala, kostata bada ere, moldatzen joan zen defentsan; eta erasora igotzeko ausardia ere erakutsi zuen. Imanol Garcia de Albeniz gaztea, aldiz, jokatu gabe geratu zen berriro. Yuri itzuli zenetik ez du minuturik izan.
Aldi berean, Ander Herrerak ezin izan zuen jokatu. Beroketak egiten zegoenean aldaketa eskatu behar izan zuen. Giharretako lesio berri bat dauka. Bilbora itzuli zenetik, ez du jarraikotasunik lortzen. Iñigo Ruiz de Galarretak ordezkatu zuen zelai erdian. Eibartarra lesionaturik egon da azken asteetan eta ordubete iraun zuen zelaian. Gainontzeko taldekideek bezala, nekea igarri zuen eta beheraka joan zen bigarren zatian.
Athletic partidaren amaierara bizirik iristeko arrazoi nagusia Unai Simonen geldiketak izan ziren. Murgiako atezainak, Ter Stegenek bezala, maila bikaina erakutsi zuen eta Bartzelonaren golean zerbait gehiago egin zezakeela adierazi zuen. «Amorrua eman dit, nire ondotik igaro baita», zioen arabarrak.
Bartzelonan Iñigo Martinez izan zen jokalari aipagarrienetako bat. Xavik hamaikakoan sartu zuen bere taldekide ohien kontra eta partida ona egin zuen. «Polita izan da hainbeste lagunen aurka jokatzea. Lan ona egiten ari dira eta horrela jarraitzea espero dut», esan zuen Ondarroako atzelariak.