Nadia Erostarbe zarauztarra Challenger Series mailan izango da 2024an
Brasilgo Saquarema hondartzan hirugarren postua eskuratuta, hurrengo urtean CS mailan lehiatzeko plaza irabazi du Nadia Erostarbek. Erin Brooks kanadarra eta Samuel Pupo brasildarra izan ziren CS itzuliko azken lehiaketako txapeldunak.
Erin Brooks-ek eta Samuel Pupok irabazi zuten Brasilgo Saquarema hondartzan egin zen CS itzuliko azken lehiaketa. Horrela, hurrengo urtean lehen mailara igoko diren surflarien izenak finkatu dira, baita 2025. urtean lehen mailara igo ahal izateko CS mailan lehiatzen jarraitu ahal izango duten lehiakideen izenak ere; horien artean da Nadia Erostarbe, Saquareman hirugarren postua eskuratu zuen zarauztarra.
Erostarbek euskal surflari batek CS mailan inoiz lortu duen emaitza hoberena eskuratu zuen Saquareman; izan ere, finalerdietara iristea lortu zuen. Emaitza bikain horri esker, CS rankingean zortzigarren postuan amaitu du aurtengo itzulia; hau da, lehen mailara igotzeko zorian izan zen Erostarbe, rankingeko lehen bost surflariak baitira CT mailara igotzeko plaza eskuratzen dutenak.
Adur Amatriain zarauztarrak, Ariane Ochoa bilbotarrak eta Pauline Ado hendaiarrak ere Saquareman lehiatzeko aukera izan zuten, baina horietako inork ez zuten lortu lehen erronda gainditzea.
Gauzak horrela, amaitu da Challenger Series itzulia eta, ondorioz, 2024. urtean lehen mailan (Championship Tour) izango diren lehiakide berriak izendatuak izan dira. Nesken kategorian bost lehiakide berri atxiki dira jada izendatuak ziren lehen mailako hamar nesken zerrendara, eta mutilen kategorian, ostera, hamar lehiakide berri atxiki dira jada izendatuak ziren CT mailako zerrendara.
Orotara, gonbidapen wildcardak kontuan hartuta, 18 neska eta 36 mutil lehiatuko dira lehen mailan datorren urtean eta horien artean soilik hiru surflarik ordezkatuko dute Europako herrialderen bat. Leonardo Fioravanti italiarrak lehen mailan jarraituko du, baita Frantziako banderarekin lehiatzen den Johanne Defay tahitiarrak ere. Horiez gain, CS maila gainditu eta datorren urtean CT mailan lehiatzeko plaza eskuratu duen europar bakarra Frederico Morais portugaldarra da.
Nadia Erostarbe
Zarauztarra lehen mailara igotzeko zorian izan da, baina ez du batere bide samurra izan; izan ere, Erostarbek ez zuen eskuratu aurten CS mailan lehiatzeko plaza eta, ondorioz, txapelketa bakoitzean parte hartu ahal izateko, plaza hutsak izango ziren edo gonbidapen bat lortuko zuen zain egon behar izan zuen, horrek dakartzan ezinegon eta zailtasunekin.
Horrela, CS itzulia osatzen duten sei txapelketetatik lautan soilik parte hartzeko aukera izan du wildcard gonbidapenei esker edo hutsik geratutako plazak baliatuta. Hain zuzen ere, lau emaitza hoberenak hartzen dira kontuan hurrengo urtean lehen mailara igoko diren lehiakideak izendatzeko eta Erostarbek, lehen mailara igotzea lortu ez badu ere, datorren urtean CS mailan lehiatzeko postua ziurtatu du.
Maiatzean hasi eta urrian amaitzen da CS itzulia. Alta, CS mailara igotzeko munduko zazpi eskualdeetan burutzen diren zirkuitu desberdinak urte osoan zehar egiten dira, baina urte batean hasi eta hurrengoan amaitzen dira. Adibidez, Europako itzulia abuztuan hasten da eta hurrengo urteko apirilean amaitzen da; hau da CS itzulia hasi aitzin, QS mailako lehiakideen helburua CS mailan lehiatu ahal izateko plaza bat eskuratzea baita. Ondorioz, aurten lehen mailara igotzea lortu duten surflariek bi hilabete dituzte urtarrilean Hawaiin hasiko den itzulirako prestatzeko.
Europako QS itzuliko lehen lau lehiakideak sailkatzen dira CS mailarako eta egun Nadia Erostarbe bosgarren postuan dago, baina CS mailan eskuratu dituen emaitza bikainei esker hurrengo urtean berriz ere CS mailan lehiatzeko plaza irabazi du.
Berarekin batera, CS mailan lehiatzeko aukera gehien dituen beste euskal surflaria Janire Gonzalez-Etxabarri da, zumaiarra egun Europako QS rankingean bigarren postuan baitago. Mutilen kategorian rankingeko lehen zazpi lehiakideak igotzen dira CS mailara, baina egun oraindik ez da euskal surflaririk aurreneko zazpi postuetan.
Erostarbek ezin izan zuen parte hartu CS itzuliko lehen bi txapelketetan eta aurtengo denboraldian parte hartu ahal izan zuen CS mailako lehen txapelketa Hegoafrikan izan zen, Ballito hondartzan, eta bosgarren postuan geratu zen. Jarraian Kaliforniako Huntington hondartzan egin zen txapelketan ere lehiatu ahal izan zen eta berriz ere final-laurdenetara iristea lortu zuen. Emaitza horri esker, urria hasieran Portugalgo Riveira D’Ilhas hondartzan egin zen txapelketan parte hartzeko plaza bat ere eskaini zioten eta 9. postuan geratu zen.
Azkenik, CS itzuliko azken txapelketan parte hartzera ere gonbidatu zuten eta sekulako emaitza lortu zuen, esan bezala, 3. postuan geratu baitzen Brasilgo Saquarema hondartza famatuan.
Brooks eta Pupo
Brasilgo Saquarema hondartzan egin zen txapelketako irabazleak Erin Brooks eta Samuel Pupo izan ziren. Nesken kategoriako irabazlea kanadarra da eta 16 urte besterik ez ditu. Garaipen horri esker, 12 postu egin zituen gora rankingean baina, hala ere, ez zuen lortu lehen bost sailkatuen artean kokatzea eta lehen mailara igotzea. Hots, bederatzigarren postuan amaitu du zirkuitua kanadar gazteak, hau da, Nadia Erostarberen atzetik.
Samuel Pupo zen txapelketako faboritoetako bat. Bere anaia Miguelekin batera lehen mailan lehiatu da aurtengo denboraldian, baina ekainean egiten den «mozketa» (lehiakide kopurua erdira jaitsi) ez zuen gainditu eta, ondorioz, lehen mailan jarraitzeko aukera bakarra CS mailan lehen hamar postuetako bat eskuratzea zen. Lortu du, bigarren amaitu baitu itzulia.