Sektore publikoko langileen aldarrikapenak, ozen hiriburuetako kaleetan
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoko milaka langile hiru hiriburuetako kaleetara atera dira zerbitzu publikoak eta lan-baldintzak indartzea eskatzeko. Goizeko lehen ordutik informazio piketeak izan dira, eta eguerdian manifestazio jendetsuak.
Irakasleak, garbitzaileak, Osakidetzako langileak, garraio publikokoak, administraziokoak, kiroldegietakoak, epaitegietakoak… Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publiko 152.000 langile inguru zeuden gaurko grebara deituta pribatizazioak salatzeko eta zerbitzu publikoak indartzea eskatzeko.
Aldarrikapenak egunaren lehen ordutik hasi dira. Oraindik eguna argitu gabe zegoenean, grebalari goiztiarrenek hiriburuetako hainbat kale zeharkatu dituzte eta bide publikoan eserialdiak eginez. Lantoki publikoetan pikete informatiboak ere izan dira grebaren arrazoiak azaltzeko.
Zenbait trafiko-eten eta Bilbora goizeko lehen orduan sartzeko zailtasunak izan ezik, ez da gertakari aipagarririk izan. Bizkaiko hiriburuan, goizeko 07.30ean hasi dira lehen mobilizazioak, Juan de Garaitik, EITBtik eta Salbeko zubitik hasi diren hiru zutaberekin. Azken puntu horretan tentsio une bat bizi izan da Ertzaintzak grebalari talde bat bultzatu duenean.
Poliziak langileen kontra bultzaka #Bilbo-n
— LAB Zerbitzu Publikoak (@LABpublikoa) October 25, 2023
Gure eskubideak defenda ditzagun!#U25greba#PUBLIKOetaINDARTSU#SORTUetaEGONKORTU pic.twitter.com/JchbnUY0iz
Bilboko zentroan izan diren mobilizazioetan, SATSE erizainen sindikatuko bozeramaile Amaia Mayorrek Osakidetzak eskaintzen duen arretan «eskubideak eta kalitatea galdu» direla salatu du, eta lan-kargak arintzeko eta Euskal Osasun Zerbitzuan behin-behinekotasun tasa altuarekin bukatzeko eskatu du.
Manifestazio nagusiak 11.30ean hasi dira hiru hiriburuetan. Gasteizen, Legebiltzarretik; Bilbon, Lakuako Gobernuko ordezkaritzatik; eta Donostian, Bulebarretik.
«Zerbitzu publikoa indartu», «Ez ez ez, pribatizaziorik ez», «Bai bai bai, negoziazioari bai», «Hemen lan egin, hemen erabaki» eta «Borroka da, bide bakarra» oihuen artean egin du aurrera Bilboko manifestazioa kale nagusitik. ‘Zerbitzu publikoak indartzeko soldata eta emplegua hemen adostu!’, zioen pankarta nagusiak.
Izan ere, hori izan da gaurko grebaren aldarrikapen nagusietako bat: «Estatutik datozen mugak eta betoak behingoz kentzea, soldata eta enplegu publikoaren beharrak hemen erabakitzea». Igor Eizagirre ELA-Gizalaneko idazkari nagusia EAJri eta EH Bilduri exijitu die espainiar Estatuko aurrekontuak ez babesteko, «hemen negoziatzeko betoari eusten badiote».
Milaka pertsona Bilboko manifestazioan. Udaletxe aurreko plaza beteta dago, eta oraindik jendea iristen ari da pic.twitter.com/N57ayUq8ux
— Asier Robles (@asierrobles) October 25, 2023
Bizkaiko hiriburuko mobilizazioa udaletxearen aurrean amaitu da. «Hemen gaude, guk beste inork baino gehiago baitakigu zerbitzu publikoak nola dauden. Badakigu eta egunero sufritzen dugu egoera hau», esan dute sindikatuetako ordezkariek azken adierazoenekin hasteko, oraindik jendea plazara iristen ari zela.
«Ongizate Estatu delakoa hiru zutabetan oinarritu izan da: Gizarte Segurantza, Hezkuntza eta Osasungintza. Bada, argi ikusi dugu horiek nola ahuldu diren azken urteotan. Beraz, horiek indartu eta, gainera, laugarren hanka bat ezarri behar da, zaintza sistema publiko komunitarioa», adierazi du LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok.
Bukatzeko sindikatu deitzaileak, zorionak eman dizkiete greba eta mobilizazioetan parte hartu duten guztioi, «gaur guztiontzako eta kalitatezko zerbitzu publikoen alde egiteagatik». Borroka horretan jarraituko dutela utzi dute argi.