Gerra garaiko Euskal Herria eta Kolonbia uztartu ditu Jon Artanok ‘Juana’ bere lehen liburuan
Juana Perea Plata, emakume «ausarta, abenturazalea, limiteak ezagutzen ez dituena». Gerra garaian Euskal Herritik ihes egindako familia baten ondorengoa. Kolonbian erahila. Bera da Jon Artanok, Tene Mujika beka irabazita, idatzi duen liburuaren protagonista. ‘Juana’ izenburua darama liburuak.
‘Juana’ du izena Jon Artano kazetariaren lehen liburuak. Juana Perea Plataren biografia eta haren familiaren biografia zirarragarria jasotzen du. Gerra garaian Euskal Herritik Kolonbiara iritsitako euskal familia batean jaiotako ardi beltza. «Ausarta, abenturazalea, erakarpen indar izugarrrikoa. Limiteak ezagutzen ez zituen emakumea». Hala definitu du Artanok berak ostegun honetan Donostian egindako aurkezpenean.
Artano EiTBko korrespontsala izan zen Kolonbian hiru urtez, 2016tik 2019ra bitartean. Kazetaria bada ere, liburu bat idaztea bere betidaniko ametsa zen.
«Kazetaritza su geldoan egin nahi nuen, lekuetara joan eta denbora pasa bertan. Sarritan egungo katzetaritzan eta atzerritar korrespontsala bazara are gehiago, paratxutistak gara, leku batera goaz, argazkia egin eta han gertatzen dena ulertzeko denborarik gabe martxa. Arrangura, frustrazio hori gainetik kendu nahi nuen», azaldu du.
Fikziozkoak ez diren eta Euskal Herriko historia hurbilarekin zerikusia duten proiektuak saritzen dituen Tene Mujika beka irabazi zuen Artanok eta horri esker bere ametsa bete ahal izan du.
Irratian eszedentzia hartu eta sei hilabetez Andeetako herrialdeetan barrena bidaiatu zuen aurrenik, Argentina, Txile, Bolivia, Peru, Ekuador eta Kolonbiara.
«Amerikara abiatu aurretik hogei elkarrizketa egin nituen. Istorio mordoxka bildu nituen. Nire tesia zen Euskal Herriko historia hurbila ez dela bakarrik Euskal Herrian gertatzen, kanpoan ere gertatzen da, euskal herritarrak eta haien ondorengoak dauden lekuetan. Batik bat Hego Amerikarekin harremana izan du Euskal Herriak», helarazi du Artanok.
Horrela, Kolonbian Juana Perea Plataren berri zuzena izan zuen eta bere bizitzak harrapatu egin zuen hasiera-hasieratik.
«Euskal Herriko altxorra Agirreren aginduz atera zuen bere aitonak»
«Bilaketa azkar bat egin nuen eta jota gelditu nintzen. 1937an Bilbotik ihesi Bogotara iritsitako euskal familia batean jaio zen. Nerabetan etxetik alde egin eta Karibera joan zen. Urpekari profesionala bihurtu zen. Marinela ere izan zen, Hungariako telebista batentzat reality showak egin eta pelikuletan produktore ibili zen eta Afganistanen ibili zen gerran Estatu Batuetako armadarekin. Eta gero hotel bat eraikitzen zegoen Chocon eta han erahil zuten», aditzera eman du Artanok.
Aurkezpenan gaineratu duenez, «asteburu honetan hiru urte beteko dira, 2020ko urriaren 28an iluntzean, Kolonbiako Choco departamenduan Juana hiru tiroz hil egin zutela. Lagun bati bidalitako azken watsapean idatzi zuenez, gaueko bederatziak aldera txakurra zaunkaka hasi zen. Armatutako gizon talde bat azaldu zen. Goizaldeko ordubietatik bahituta eduki zuten, gero txalupa batera igo zuten, itsasora eraman zuten, txaluparen motorra gelditu zuten eta gizon horietako batek hiru tiro eman zizkion. Handik ordu gutxitara bere gorpua erdi biluzik Nuqui herriko komisaldegiaren aurrean azaldu zen».
Eta zein harreman du Juanak Euskal Herriarekin? «Bere aitona, Andres Perea Gallaga, EAE-ANVko buruzagi garrantzitsua zen. Bere aurreneko gobernuan Jose Antonio Agirrek Arrantza eta Nekazaritza Saila eskaini zion baina ez zuen onartu. Gerra aurrera zihoala ikusita, misio inportante bat eman zion, Euskal Herriko altxorra ateratzea. Hala 800 kilo altxor 30 kutxatan atera zituen».
Informazio iturri desberdinak erabilita, Artanok Juanaren eta bere familiaren biografiak osatu ditu, egungo Kolonbia eta gerra garaiko Euskal Herria uztartuz.
«Ahalegindu naiz modu entretenigarrian kontatzen. Obsesiboa izan naiz zehaztasuna mantentzen», esan du.
Xabier Mendiguren editorearen hitzetan, «indarra, intentsitatea eta emozioa» transmititzen dituen «liburua dugu esku artean».