INFO

Lasok pauso berri bat eman du bere osatze prozesuan eta frontoiko lehen saioa osatu du

Aurrelari nafarrak oso gustura amaitu du Aimar Olaizolaren gidaritzapean egindako entrenamendua eta Binakakorako prest egotea izango du hurrengo erronka, nahiz eta ziurrenik lehen jardunaldietan ez duen jokatzerik izango.


Unai Lasok bere osatze prozesuan aurrera pauso berri bat eman du gaur, azterketa mediku eta fisioterapia saioekin jarraitzeaz gain, gaur bere lehen frontoiko saioa osatu baitu, Aimar Olaizolaren gidaritzapean. Ekainaren 12an egin zioten Bizkarreta-Gerendaingoari aldakako ebakuntza eta oraindik denbora batez partidarik jokatu gabe jarraitu beharko badu ere, gertuago ikusten du berriz ere zuriz janzteko eguna.

2022ko Buruz Buruko txapeldunak lehen saio honen oso balorazio positiboa egin du bere enpresaren web orrialdean zintzilikatu duten bideo batean. «Lehenengo entrenamendua egin dut, sentsazio onekin, ongi bukatu dut eta, egia esan, gustura. Prozesu luzea izan da, azken fasean nago eta egia esan, oso pozik. Eskerrik asko jaso ditudan animo guztiengatik eta laster ikusiko gara frontoietan. Besarkada bat», adierazi du aurrelari nafarrak.

Binakakoa helburu

Buruz burukotik at geratu ostean, lehenago edo beranduago egin behar zuen ebakuntza egitea erabaki zuen eta uda guztia galdu ostean, Lau eta Erdikoari ere uko egin behar izan zion. Baikoko izarraren helburua azaroaren azken asteburuan hasiko den Binakako txapelketarako prest egotea izango da, nahiz eta zaila dirudien lehen jardunaldietarako prest egotea. Hori bai, horren txapelketa luzea izanda, posiblea da oso, bere enpresak ordezkoren bat jartzea Unai Lasok bere burua kantxaratzeko prest ikusten duen arte. Urteko txapelketarik luzeena da Binakakoa eta bertan izango du horrenbeste denboran geldirik egon ostean galdutako beharrezko erritmoa berreskuratzeko modua.

De la Fuenteren amestutako debuta

Beste alde batetik, amestutako debuta izan du Aingeru De la Fuentek Elizondon, Eugitik gerturatutako 200 bat pilotazaleren babesarekin, 22-20 irabazi baitiete debutariak eta Zabaletak Elezkano eta Martijari. Ausart aritu da aurrelari gaztea eta denera 11 tanto amaitu ditu jokoan eta honi sakez egindako beste bat ere gehitu behar zaio 687 pilotakada eta 73 minutuko lehian.