«Osasun Publikoaren eredu berri baten alde» mobilizazioak deitu ditu OPAk azaroaren 11rako
Osasun Publikoa Aurrera (OPA) herri plataformaren koordinadorak agerraldia egin du ostiral honetan, azaroaren 11n Bilbon, Donostian eta Gasteizen mobilizazioak antolatu dituela jakinarazteko. Osasun publikoaren «eredu berri bat» behar dela aldarrikatu dute, eta proposamen zehatzak egin ditu.
«Osasun publiko eredu berri baten alde» azaroaren 11n mobilizatzeko dei egin du OPA (Osasun Publikoa Aurrera) herri plataformak, ostiral honetan Gasteizen egindako agerraldian. Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatu dituzte mobilizazioak, apirilaren 22an egin bezala.
Azaldu dute «konponbidea» zaintza sistema integral, publiko eta kalitatezkoa ezartzean datzala, bizitzaren etapa guztiak bermatuko dituena eta administrazio publikoen arteko lankidetzatik sortu behar dena. Adierazi dute mugimendu feministak egindako hausnarketekin bat egiten dutela eta, «zaintza sistema pubiko, duin eta kalitatezkoa bermatuko duen osasun publiko eredu berri bat» behar dela.
Garrantzitsua iruditzen zaie herritarren partaidetza bermatuta egotea, eta «kudeaketa demokratikoa» izatea. Hiru aldarri nabarmendu dituzte alor honetan: osasun politika guztietan bizi baldintzak zehazten dituzten faktoreak jasotzea; guztiz publikoa den osasun sistema eratzea, kalitatezko eta bidezko irisgarritasun unibertsala bermatuz; eta, hirugarrenik, «egun ia existitzen ez den» gardentasuna bermatzea, «edonork ulertzeko moduko datuak» emanez.
Lehen Mailako Arreta birsortzea
Osasun asistentziako sistemaren «giltzarri» bihurtu behar du deitzaileen iritziz Lehen Mailako Arretak, eta horregatik «birsortu» beharra dagoela azpimarratu dute. Lehen Arretari lotuta bost eskakizun mahaigaineratu dituzte: lan talde berak paziente baten osasun arazoen jarraipena egin ahal izatea; sarbide ekitatea bermatzea, arreta presentziala lehenetsiz; baliabideez hornitzea eta Lehen Mailako Arretaren eta arreta espezializatuaren arteko arrakala gutxitzea; antolatzeko autonomia zabala ematea, herri txikien errealitatera egokituz; eta azkenik, eskainitako zerbitzuak handitzea.
Salatu dute Osakidetzaren egungo egoera «arduradun politikoek egindako plangintza eta kudeaketa politiko arduragabearen eta negatiboaren emaitza» dela. Eta gogoratu dute osasuna eskubide unibertsal bat dela, eta ez «merkatu ondasun bat». Horrekin batera, herritarren hizkuntza eskubideak erabat bermatzea eskatu dute.
Horrekin batera, zerbitzuetan pribatizazioa ematen ari dela deitoratu dute, «edozein trikimailu erabiliz», eta klinika pribatuetara edo kontzertatuetara bideratzen direla pazienteak. Horren aurrean, gertatzen ari diren pribatizazio guztiak gelditzea edo lehengoratzea eskatu dute. Eta horrekin batera, «bateraezintasun medikua berreskuratu eta indartzea, baliabide publikoak hobeto aprobetxatuz».