Txantxikuaren birkonkista: kantu berri bat horma zaharren artean
Gasteizko hirigunean bada Florida izeneko parke bat. Eta parkearen barruan, urmael artifizial bat, arbola zaharren artean. Porlanezko putzu horrek badu bitxikeria bat: hirigunean dagoen txantxiku arruntaren bizitoki bakarra da. Hobe esanda: bakarra zen…
Floridako lorategia parke ezaguna da Gasteizen eta inguruetan. Ezaguna eta historikoa. Izan ere, 1820an sorturikoa da, lorategi frantses kutsuko diseinuarekin, labirinto itxurako bidexka, haitzulo, ur-salto, errekasto eta abarrekin. Manuel Angel de Chavarri arkitektoak egindako 1825eko Gasteizko plano zaharretan ikus daitekeen moduan, Floridako parkea sortu zenean, alde zaharraren kanpo aldean, lorategiaren inguruak soroz eta baratzez beteak ziren, eta horien artean errekasto txikien sare bat ikus zitekeen, egun etxeen eta errepideen azpian tapatuak doazen Zapardiel eta Batan errekek osaturikoa.
Baratzeek, landa eremuak, alde zaharreko horma zaharrek eta errekastoek osatzen zuten paisaia, beraz, lorategiaren inguruan. Eta horiek guztiek txantxiku arruntarentzat bizileku aproposa osatzen zuten. Zalantza askorik gabe esan daiteke, hortaz, inguru horiek txantxikuaren populazio zabal bat izango zutela garai hartan.
Beste hiri askok bezala, ordea, Gasteizek ere bilakaera urbanistiko handia izan du batez ere azken hamarkadetan, eta Floridako parkea denaren inguruak abiada bizian hasi ziren eraldatzen eta urbanizatzen. Ez da zaila pentsatzea, beraz, txantxikuak zuen bizitoki zabala desagertzen joan zela paisaia aldatzen joan zen heinean, eta hor, Gasteiz urbano berrian, babesleku bakarra aurkituko zukeen anfibioak: Floridako parkea eta bertako urmael artifiziala.
Soroen, errekastoen eta baratzeen funtzioa bete zuen lorategi zaharrak. Hala, soinu askorik egin gabe igaroko zituen urteak eta urteak txantxikuak Floridako lorategiaren babesean, gasteiztar askoren begiradetatik urrun, gauaren babesean ezkutatuz eta kantatuz.
Azken urteetan, alabaina, garai bateko Gasteizko txantxiku populazio zabal horren azken eremuak, Floridako lorategiak, izan ditu bere gorabeherak, eta txantxiku populazioaren egoera ere asko okertzeko arriskuan izan zen bertan, harik eta irtenbide bat topatu zioten arte; gizakia egiten ari zenaz ohartu zen arte.
Zapaburuak zuloan behera
Floridako parkeko urmaelak mantenu lanak behar izaten ditu, eta beste leku askotan egiten den moduan, horrek egoera berezi bat sortzen du: putzutik ura kendu behar izaten da denboraldi batez. Urtean hiru-lau aldiz garbitu ohi da, jende etorrera handien aurreko datetan normalean: Apirila inguruan, aste Santu-San Prudentzio aurretik; uztailean, Santiago egunaren inguruan; eta parkea orbelez bete ostean, azaro-abenduan, gabonen aurretik.
Txantxiku arruntak, alabaina, udaberrian ez ezik, udazkenean ere ugaltzeko gaitasuna du eta, hori gutxi ez eta, urte osoan egon daitezke bere zapaburuak urmaelean. 2014. urtera arte, Floridako parkeko putzua garbitzen zen aldiro joaten ziren zapaburuak hustubideetan behera, eta hala, txantxikuaren etorkizunak gero eta kolore beltzagoa hartu zuen. Arrautzetatik ateratako zapaburuak hil egiten ziren eta horrek arriskuan jartzen zuen Floridako populazioak aurrera jarraitzeko aukera.
Hori horrela, Gasteizko Udaleko Eraztun berdeko eta Bioaniztasunaren Unitateko Luis Lobo teknikariak proposamen bat egin zuen: urmaela hustuko zen aldiro, aurretik, laginketa bat egitea eta ahal ziren zapaburu gehienak urez beteriko bidoietan biltzea urmaela berriz urez bete artean. Hala, zapaburuak hustubidetik behera joatea saihestuko zen. Horrela, 2014tik 2023ko uztailera arte 13.499 zapaburu salbatu dituzte, eta txantxikuaren populazioak egun Floridan jarraitzen du, bere jatorriko lekuan.
2019ko urtarrilaren 18an, ordea, txantxikuari aukera berri bat ireki zitzaion. Ia nahi gabe, Arabako Campuseko Hezkuntza Fakultateko ikasleek eta irakasleek emandako aukera bat. Eta hor, Gasteiz inguruko txantxiku populazio honen historiaren bigarren zati bat hasi zen.
Aukera berriak
2019ko urte hasieran Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea den Dani Zuazagoitia Aranzadi Zientzia Elkartearekin jarri zen harremanetan. Eskoletako Urmaelen Sareko partaide izan nahi zuten, eta horretarako, Campusetik oso gertu dagoen lur zati bat aukeratu zuten. Eremua, garai batean, mojen eraikuntza zahar baten parte zen eta unibertsitatekoen buruan zegoen ikasleekin kanpo espazioen erabilerarako laborategi natural bihurtzea lur puska hori: baratzea, arbolak, intsektuentzako hotelak, hegaztien habiak eta urmaela sortu nahi zituzten, besteak beste, ikasleekin.
EHUkoek proposaturiko guneak urmael txiki bat egiteko baldintzak betetzen zituen, baina gabezia bat zuen nabarmena, eta hala adierazi zitzaien hasieratik: mojen lurrak horma zahar batez zeuden inguratuta. Ezinezkoa zen animalia espezie batzuk urmael berria kolonizatzea, kanpotik bere kasa sartzea. Izan ere, hormak berak saihesten zuen horiek eremura sartzea. Urmaelaren erabilera didaktikorako, ordea, hori ez zen oztopoa, eta hala, ikasleek, irakasleek eta Aranzadiko teknikariek auzolanean eraiki zuten urmael berria. Eta ondoren, gainera, hezkuntza arloko kongresu batean erakutsiko zen prozesu aberats eta interesgarri batekin eraiki.
Urmaela eginda, segituan hasi ziren urmael inguruko landareak hazten bere kasa, eta hegaztiak ere agertu ziren horma zaharraren altura gainditzen duten arbolen adar artetik. Putzu inguruetan ornogabeak ziren, baina horma zaharra zeharkatzea ezinezkoa zen espezie askorentzat; esaterako, anfibioentzat.
Eta hala, erabaki zuten, adibidez, eremura sartzeko zegoen atea aldatu, eta burdinez egindako barrak zituen ate irekia jartzea, eremua kanpora irekitzeko; eta kanpoaldea eremura sartzeko. Hormaren beste aldean, ordea, arazoa handiagoa zen: hiriak ez zion faunari mugimendu askorako aukerarik ematen. Asfaltoak mugatzen zuen anfibioen mugimendua. Horma zaharreko atea ez zen, itxuraz, animalien oztopo bakarra. Habitata edo bizilekua zen aldatu zena.
Unibertsitaterako bidaia
Urte haietan, kafe bat eskuan duzula egiten diren elkarrizketa horietako batean jakin genuen Floridako txantxiku arruntaren populazioaren berri. Unibertsitatean sortu berri genuen urmaeletik apenas 200 metrora zegoen txantxikua, Floridako parkean. Bagenekien, era berean, Luis Lobok zapaburu horiek hartu eta urtero bidoi handietan izaten zituela dena garbitu artean. Eta orduan, galdera suertatu zen: auzoa handitu aurretik, izango al zen txantxikurik mojen lur hauen inguruan, egun Campusa dagoen lekuan?
Zalantzarik gabe, kasu berezi baten aurrean ginen. Floridako parkea egin aurretik, Gasteiz zaharrean, egun Campusa dagoen lekuan zeuden landa lur eta baratze inguruetako erreketan txantxikua kantuan izango zela gauza nahiko segurua da. Floridan gelditu den populazioa, garai batean Campus inguruan ibiliko zenaren arrasto bat baino ez da izango.
Egun, alabaina, Campusean putzua egin arren, Floridako txantxikuen eta Campuseko putzuaren arteko distantzia mundu bat bihurtu da. 200 metroko distantzia txikia zena, zeharkatzeko ezina den bide bihurtu da hiriaren handitzearekin. Alegia, txantxikua Campuseko urmael berrira bere kabuz iristea ia ezinezko kontua zen, nahiz eta garai batean dena bat izan.
Hala, unibertsitateko irakasleak Luis Loborekin hitz egin, eta biologoen artean salbuespena izaten den ekintza bat egitea adostu zuten. Floridako parkean garbiketak egiteko garaian ateratako zapaburu batzuk Campuseko urmaelera eramango zituzten. Hala, 1825eko mapa zaharrean ikus daitekeen moduan, txantxikuak bere jatorrizko eremuaren beste zati bat berreskuratuko zukeen, eta hala, justizia pixka bat egin espeziearekin. Txantxikuaren birkonkista egingo zen. Pentsatu eta egin.
Animalien traslokazioak
Esan bezala, ordea, animaliak batetik bestera mugitzea ondo justifikaturiko ekintza izan zen kasu honetan. Ezagutzen zen populazioaren aurreko banaketa izan zitekeena, eta egun, gizakiaren ondorioz habitat hori suntsitzean, ezinezkoa zen espezieak berriz ere bere jatorrizko eremua berreskuratzea. Beraz, urmael berria sortzean, aukera ona izan zitekeela pentsatu zen. Esan bezala, baina, hori arrazoituriko salbuespena izan zen. Beste kasu gehienetan egin behar ez den ekintza.
Eskoletako Urmaelen Sarean sartzen diren ikastetxeen galdera ohikoa izan ohi da ea animaliak sar ditzaketen edo Aranzadik berak eramaten dituen putzura. Erantzuna beti bera da: sorturiko urmaelak bere bidea eta eboluzioa jarraitu behar du. Araua garbia da: ez askatu animaliarik zuen urmaelean. Urmaelak berak erakarriko ditu animaliak eta horientzat egokia bada, gerturatuko dira. Eta hala, batzuetan azkarrago, besteetan mantsoago, animaliak urmaeleko putzuetara gerturatzen dira.
Prozesu polita izateaz gain, oso interesgarria da ikasleekin segida ekologikoaz, habitatez eta eskala txikiko migrazioaz hitz egiteko. Eta era berean, oso interesgarria da erakusteko nola animaliak batetik bestera mugitzean gizakia naturaren erritmoa eraldatzen ari den, edo gaixotasunak batetik bestera pasatzeko arriskua izan daitekeen edo populazioaren genetikan eragin dezakeen.
Floridako kasuan, alabaina, gizakiak sorturiko hiria, Gasteiz bera, zen aurretik populazio bat zegoen eremuan orain berriz ere egoera horretara bueltatzea ekiditen zuena. Gizakiak suntsitu eta banatu zuen txantxiku populazioa hirian, eta jada, gizakiaren laguntzarik gabe, ezinezkoa zen aurrera egitea, porlan, asfalto, errepide eta abarren artean. Txantxikua isolatua zegoen Floridan. Orain, ordea, urmael berriaren babesean, berriz ere aurretik zegoen eremuaren zati bat berreskuratu du, eta erakutsi, gauzak ondo eginda, hiriguneetako biodibertsitatea handitzeko pausoak beti eman daitezkeela.
Birkonkista gehiago
Unibertsitatea, ordea, ez da izan txantxikuak birkonkistatu duen eremu bakarra. Izan ere, Gasteizko Udalak, Floridako populazioaren arriskua ikusita, aurretik txantxikuaren eremuak izan zitezkeen eremu gehiago aurkitu ditu, eta horiek erabili, Gasteizko txantxikuaren populazioa indartzeko. Luis Loboren arabera, ordea, eremu horiek baldintza gehiago bete behar zituzten, eta hala, irizpide garbiak eta zorrotzak jarri dituzte horretarako.
Anfibioen gaixotasunen azken urteetako igoera ikusirik, txantxikuak askatu dituzten eremu berriak anfibiorik gabeko guneak dira. Hala, anfibioen artean gaixotasunak (baldin eta baleude) kutsatzea ekiditen da. Eta arrainik gabeko eremuak bilatu dituzte, arrainek anfibioengan sortzen dituzten kalteak saihesteko. Askaturiko eremu berriak isolatuta daude, txantxikua bere kabuz iristeko, ezinezkoa den guneetan eta bertako putzuetan babesguneak dituzte, bai ur barruan, bai kanpoan. Husterako orduan, gainera, anfibioekiko errespetuzko maneiuak erabiltzen dira.
Era horretan, txantxikuaren beste bi populazio urbano sortu dira Gasteizen. Bata Ekialdeko parkean, Salburua auzoan, hainbat urtetan zehar 701 zapaburu askatu ostean. Bestea Sansomendi parkean, izen bereko auzoan, 668 zapaburu askatu ostean.
Egun, bi eremu horietan, txantxikuek populazio egonkorrak eta ugalkorrak dituzte. Hala, txantxikuak egungo Gasteiz urbano eta zabala sortu aurreko eremu batzuk berreskuratu ditu, hiriguneko parkeak biodibertsitatera irekiz, eta era berean, apo txiki hau etorkizuneko irakasleak izango direnak zientzian murgiltzeko aitzakia ederra bihurtuz.
Aitzakia zientzia ikasteko
Gasteizko Campusean dagoen Hazi Campusa proiektua eredugarria bihurtu da bai unibertsitate mailan, bai ikastetxeentzat ere. Gasteizko magisteritzako ikasleak direnek bertan egiten dute haien ikasketen zati bat. Hala, kanpo espazioen eta espazio berdeen erabileran trebatzen dira, etorkizunean, horiek erabiliz, kultura zientifikoa, naturaren ezagutza eta beste hainbat kontzeptu etorkizunean, ikastetxeetan, haien ikasleak izango direnekin lantzeko.
Horien barruan, urmaelak pisu handia hartu du eta txantxikua aitzakia ederra bihurtu da proiektuarekin aurrera egiteko. Azken urte honetan txantxiku helduak aurkitu dituzte urmaelaren inguruan, eta duela aste batzuk, txantxiku gaztetxo bat. Badirudi, pixkanaka, populazio egonkor txiki bat sortzen ari dela horma zaharren artean.
Txantxikuarenak, ordea, erronka txiki bat ere jarri die ikasleei. Dani Zuazagoitia irakasleak aipatu digu azken urteetako beroak direla-eta, urmaela gero eta sarriago lehortzen dela. Agian orientazioak ere ez duela laguntzen, putzua leku eguteran dagoelako oso, eta orain bueltaka ari dira, zer egin pentsatzen. Zalantzarik gabe, ikasleek badute ikas-egoera berri bat, arazo egoera erreala, nondik tira. Guk pista bat baino ez dugu emango: txantxikuei ikaragarri gustatzen zaizkie askak…
Kontuak kontu, urteak joan eta urteak etorri, badirudi Floridako parkean bizi den txantxiku populazioa egonkortu egin dela azken hamarkadan emandako pauso garrantzitsuei esker. Orain, unibertsitatean, aukera oso polita dute haien txantxiku populazioaren zatia Hazi Campusean egonkortzeko, eta hala, mojen pareta zaharren artean garai batean entzungo zen kantua, txantxiku arruntarena, kantu berri bihurtzeko.