INFO

Hezkuntza Lege proiektua bertan behera uzteko eskaera Donostian

EAEko Hezkuntza Lege proiektuaren aurkako mobilizazioa izan da gaur eguerdian Donostiako kaleetan, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta. Pribatizazioan sakontzen duen sistema betikotzen duela salatu dute, eskola publikoak behar dituen baliabideak pribatura desbideratuz.

Hezkuntza lege proiektuaren aurkako manifestazioa Donostian. (Gorka RUBIO)

‘Euskal eskola publikoaren alde. Hezkuntza Lege honi ez!’ lelopean, hezkuntza komunitateko hainbat eragile mobilizatu dira gaur eguerdian Donostian, Gasteizko Legebiltzarrean alderdi politikoen emendakinen eztabaida fasean dagoen lege proiekuaren aurka.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, protestak EHIGE Euskal Herriko Gurasoen Elkartearen babesa izan du, baita HEIZEren (zuzendaritza taldeak) eta Steilas, CCOO, ESK sindikatuena ere. Era berean, Ikasle Sindikatua, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Ekintza eta Gazte Komunista antolakundeek bat egin dute deialdiarekin.

Familia askoren parte hartzea izan duen manifestazioa Boulevardetik abiatu da, ‘Ez, ez, ez, lege honi ez’, ‘Publikoa ez da pribatua’ eta ‘Hemen gaude publikoaren alde’ bezalako leloak entzun dira. Eragile ezberdinek adierazi dutenez, eskola publikoak aurrean dituen erronkei erantzunik ematen ez dien legea da, eta segregazioa eta baliabideen beharra aipatu dituzte.

Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak proiektua «atzera botatzeko» eskatu du, «sistemaren priibatizazioan sakontzen duelako, eskola publikoa baztertzen duelako eta ez duelako ikasle guztien euskalduntzea bermatzen».

«Sozialki eraginkorragoak»

Garbiñe Biurrun epaileak hartu hitza manifestazioaren bukaeran, ikastetxe publikoek «edozein motatako ikastetxe pribatuek ematen dituzten hezkuntza eta gizarte prestazio guztiak» era eraginkorragoan eta jasangarriagoan eskaintzen dituztela nabarmenduz.

Funts publikoak titulartasun eta kudeaketa publikoko zentroen «sare bakar eta esklusibo batera» bideratu beharko litzatekeela azaldu du. «Ikastetxe publikoek euskalduntze osoa eskaintzen dute, gizarte-aniztasuna islatzen dute eta ikasleen eta familien elkarbizitza bultzatzen dute», defendatu du Biurrunek, sistema «zaharkituari» eusteko arrazoiak «betikoak» direla erantsiz: «interes partikularrak, interes ideologikoak, alderdikoiak eta elite sozial, ekonomiko eta politikoei» eustekoak, «hezkuntzaren aldeko itun sozial batek izan behar duenaren kontrakoa».

«Argi dago interes asko eta oso boteretsuak elkartzen direla gauzak horrela izan daitezen, eta ez sare pribatu eta itunpekoenak bakarrik, baita irismen luzeagoko beste interes batzuenak ere. Eta interes horiek azaleratu eta salatu behar dira, gaur hemen egiten ari garen bezala», adierazi du.

Mobilizazioan, Elkarrekin Podemoseko ordezkariak izan dira, baita Ezker Anitza-IUkoak ere. Bertatik, Miren Gorrotxategik azpimarratu du lege-proiektu honekin «urrezko aukera» galdu dela eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz izan dadin.

Deitzaileek «iruzurtzat» jo dute proiektua, eskola publikoa legearen ardatz dela adierazi, baina itunpekoen alde egiten duelako, «sare pribatuari inongo baldintzarik gabe finantziazioa bermatzen» zaion heinean, «eskola publikoa sustatzeari eta bere erronkaei modu eraginkorreean erantzuteari uko» eginez.

«Gutxi balitz», hizkuntz-ereduak

Lege proiektuak inguratzen duen filosofiaz gain EAJ-k eta PSEk hizkuntz-ereduak mantentzeko eginiko azken emendakinak hezkuntza komunitatean eragindako kezka aipatu dute. Mobilizazioaren babesleen ustez, hizkuntz-ereduak mantenduko ditu legeak. Horrez gain, «ikastetxe guztien arteko lehia sustatuko du kontratu-programaren bitartez», eta hezkuntza komunitatearen parte hartzeko gaitasuna murriztuko du.

Nabarmendu dute, bestalde, hezkuntza komunitateak «kohesioan oinarritutako hezkuntza euskalduna, laikoa, feminista, kalitatezkoa, modu demokratikoan kudeatuta...» behar duela, baina ontzen ari den proiektua ez dute norabide berean ikusten.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak hezkuntza publikoak izan beharko lituzkeen ezaugarriak zerrendatu ditu dekalogo batean: «publikoa, herriarena, sistemaren ardatza, orekatua, bakarra, unibertsala, laikoa, inklusiboa, euskalduna» eta «publifikazioranzko» urratsak jaso behar dituela jaso du bertan. Izan ere, hezkuntza lege berriak «publifikazioa ahalbidetuko duen araudia sortu» beharko lukeela planteatzen dute.

«Hezkuntza zerbitzu publikoa kontzeptuarekin zeharo ezberdinak diren bi sare berdindu nahi dituzte, publikoa eta pribatua, baina horrek arriskuan jarriko du eskola publikoa» eta azken honek lehentasuna izan behar du baliabideen aldetik, azpimarratzen du plataformak plazaratutako dekalogoan.

Horrekin lotuta, eskaintza publikoa udalerri eta auzo guztietan bermatzea eskatzen du, «eta hezkuntza publiko nahikoa badago», plaza pribaturik ez ituntzea planteatzen du. Lege berriak «norabide horretan» egin behar luke planifikazioa, «eta itunpeko ikastetxe pribatuen gain-eskaintzarekin amaitu», adierazi du plataformak.