INFO

Israelek Gazako zibilen heriotzan duen «erantzukizuna» azpimarratu dute AEBk

Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionaleko kontseilariak Israelek Gazako zibilen heriotzan duen «erantzukizuna» azpimarratu du. Adierazi duenez, «presioa» egiten ari dira Netanyahuk nazioarteko legeak bete ditzan.

Sullivan, Blinken, Biden eta Netanyahu urriaren 18an egindako bileran. (Brendan SMIALOWSKI | AFP)

Jake Sullivan Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionaleko kontseilariak Israelek Gazako zibilen heriotzan duen «erantzukizuna» azpimarratu du igande honetan, eta AEBko agintariak israeldarrei nazioarteko legeak bete ditzatela eskatzeko «presioa» egiten ari direla ziurtatu du.

CNNri egindako adierazpenetan, Sullivanek esan du «galdera gogorrak» egin dizkiotela Israelgo Gobernuari, Hamasi aurre egiteko Gazan egiten ari diren erasoaldian zein estrategia erabiltzen ari diren eta herritar zibilengan izaten ari diren ondorioei buruz.

Sullivanek dioenez, Hamasek zibilak ustezko «giza ezkutu» bezala erabili arren, horrek «ez dio erantzukizunik kentzen Israeli, nazioarteko legearen arabera, terroristen eta zibilen artean bereizi behar duelako eta zibilen eta errugabeen bizitza babestu behar duelako».

Hala, kontseilariaren esanetan, AEBek «presioa» egin dio Israeli bere operazioaren helburu eta arazo taktiko eta estrategikoei buruzko galderetan.

Kolonoen «kontrola»

Bestalde, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Zisjordanian diren kolono israeldarrak «kontrolatzeko» duen erantzukizunaz hitz egin du Sullivanek, duela egun batzuk Joe Biden presidenteak esan zuen bezala, gatazka honetan «suari erregaia botatzen» ari direlako.

«Guztiz onartezina da kolono hauek Zisjordanian errugabeen aurkako indarkeriazko ekintzak egiten aritzea», gaineratu du. Eta adierazi du Bidenek modu publiko eta pribatuan hitz egin duela kontu honi buruz, Israelek bere erantzukizuna aitortu behar duela nabarmenduz.