INFO

Administrazioko langileak mobilizatzera deitu ditu LABek, euskararen aurkako erasoak salatzeko

Euskararen aurkako oldarraldi judiziala gaitzetsi eta azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioa indartzeko xedez, LABek mobilizatzera deitu ditu udal eta foru administrazioko langileak.

Euskararen aurkako oldarraldia salatzeko mobilizazioa antolatu dute azaroaren 4rako Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

LAB sindikatuak mobilizazioak sustatu ditu aste honetan zenbait udal eta foru administraziotan euskararen aurkako erasoak salatzeko eta Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon deitutako manifestazioan parte hartzeko deia zabaltzeko.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako toki erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuaren aurkako ebazpena eman du berriki, 2016ko Udal Legea garatzen zuen dekretuaren zenbait artikulu baliogabetuz.

LABen ustez, «eraso oso larria da» eta, hori dela eta, toki administrazioko langileei «are beharrezkoagoa zaie azaroaren 4ko manifestazioa indartzea».

Sindikatuak salatu du udal eta foru administrazioko langileek «epaileen eraso ugari» pairatu dituztela, langileei ez zaiela bermatzen euskaraz lan egiteko eskubidea, eta herritarrei, oro har, urratu egiten zaiela zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko eskubidea.

«Euskararen erabileraren kontrako oldarraldi judiziala bete-betean nozitzen ari dira udal eta aldundietako langileak. Hala, nabarmentzekoak dira hizkuntza eskakizunak ezartzearen aurka egiten duten ebazpen judizialak», adierazi du.

Bada, LABek mobilizazioak sustatu ditu azaroaren 4ko manifestazioari atxikimendua adierazteko «azken urteotan oldarraldi orokor hau pairatu duten zenbait udal zein foru erakundetan».

Horrela, elkarretaratzeak egingo ditu Uliazpi Fundazioan eta Gipuzkoako Foru Aldundian (asteartean, ELArekin batera), Laudioko Udalean (ostegunean), Barakaldoko Udalean (ostegunean, ELArekin batera) eta Iruñean (ostiralean).