INFO

Haurrenganako abusuen fokua Eliza Katolikoaren gain ez jartzeko eskatu dute espainiar gotzainek

Espainiako gotzainek eskatu dute adingabeen aurkako abusuen fokua Eliza Katolikoaren gainean ez jartzeko, espainiar Arartekoaren txosten argigarriaren ondoren. Txostenak 487 testigantza inguru jaso ditu eta azaleratu du Eliza Katolikoak ukatu eta ezkutatu egin zituela abusuak.

Cesar García Magan eta Juan José Omella, prentsaurrekoan. (Fernando SANCHEZ | EUROPA PRESS)

Espainiako Gotzainek astelehenean egindako Konferentziaren ondoren, Cesar Garcia Magan idazkari nagusiak eskatu du adingabeen aurkako sexu abusuen fokua Eliza Katolikoaren gain ez jartzeko.

Espainiako Arartekoak txostena argitaratu du Eliza Katolikoaren baitan emandako haurrenganako sexu abusuei buruz. Haren arabera, 18 urtetik gorako Espainiako Estatuko biztanleen %0,6k, 236.000 pertsona inguruk, apaizen edo erlijiosoren baten abusuak jasan ditu. 777 orrialdeko dokumentua da, ‘Beharrezko erantzuna’ izenekoa.

Asteleheneko Konferentziaren ondoren, gotzainak prest agertu dira Arartekoak proposatutako funtsean parte hartzeko, hots, abusuen biktimei ordaina eta kalte-ordainak emateko, baina «soilik biktima guztientzat egiten bada», eta ez bakarrik abusuak Elizaren baitan jasan dituztenentzat.

Astearte honetan Garcia Maganek sexu-abusuen biktima guztiek laguntza eta erreparazioa merezi dutela adierazi du: «Elizaren biktimak bakarrik kontuan hartuz gero, %90 baztertuta geratuko litzateke eta ez luke ordainik izango».

Gotzainen arabera, adingabeei egindako sexu-abusu gehienak Elizaz bestelako eremuetan gertatzen dira, hala nola familiak, eskolak edo kirol-zentroak. Hori dela eta, adingabeek konpentsazio-funtsean parte hartzea eskatzen dute. «Hala ez bada, Elizak badu biktimentzako bere erreparazio integral propioa», zehaztu du.

Gotzainek prentsaurrekoa eman dute Arartekoaren txostena aztertzeko ezohiko Osoko Batzarraren ostean, historian egin duten laugarrena. Txostenak inkesta baten emaitzak jasotzen ditu, azaleratzen duena adin nagusiko espainiar estatuko biztanleen %1,13k erlijio-arloan abusuak jasan dituela, % 0,6k apaiz edo erlijioso baten aldetik.

Juan Jose Omella kardinalak, Espainiako Gotzainen Batzarreko presidenteak, zifretan arreta ez jartzeko eskatu du, «pertsonak baitira garrantzia dutena». Biktimei barkamena eskatu die berriro, eta gotzain guztiek «Elizako kide batzuek» eragindako mina sentitzen dutela adierazi du.

Nafarroan, 10 salaketa 2007tik

Bestalde, Euskal Herriko hiriburuan eskainitako prentsaurreko batean, jakinarazi dute 2007tik Francisco Perez Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuak kargua hartu zuenetik, hamar bat sexu abusu kasu salatu direla Nafarroako Elizaren barruan; horietatik hiru jurisdikzio zibilera joan dira, eta gainerako kaltetuek beste bide batzuetatik jo dute.

Argazkiaren erdian, Francisco Perez, Iruñeko eta Tuterako artzapezpikua. (EUROPA PRESS)

Carlos Ayerra elizbarrutiko ekonomoaren esanetan, hiruzpalau kasutan «administrazio-akordio penal» bat egon dela, Zuzenbide Kaononikoko figura bat. Salatutako elizgizona ez da kasu bakar batean ere kanporatua izan.

Azaldu duenez, prozedura honetan hainbat neurri hartzen dira gertaeraren larritasunaren arabera, «ez baita gauza bera aurpegian laztan bat edo bortxaketa bat izatea». Zenbait kasutan, Fiskaltzak bi urtera artxibatu ditu kasuak.

Perezek adierazi duenez, Elizak «ahal duen guztia» egingo du sexu-abusuen biktimei laguntzeko. «Beti egongo dira hutsuneak, ez garelako perfektuak, baina bai ahalik eta hobekien egiteko asmoa egon dela, batez ere biktimei», adierazi du.