INFO

Eneko Abasolo ‘Abarkas’, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketan nagusi

Eneko Abasolo ‘Abarkas’-ek irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa eta, horrenbestez, finalaurrekoetan arituko diren bertsolarien zerrenda osatuta geratu da.

Eneko Abasolo ‘Abarkas’-ek irabazi du azken kanporaketa. (BERTSOZALE ELKARTEA)

Lekeitioko Ikusgarri zinemak hartu du asteazken honetan, azaroak 1, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketako saioa. Bizkaiko Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, Ikusgarri zinema «bete-bete egina» zegoela ekin zaio saioari eta interesa sortu du, sarrera guztiak agortu baitira.

Sei bertsolari izan dira saioan parte hartu dutenak eta, lan puntuagarri guztiak egin ostean, epaimahaiak ebatzi du Eneko Abasolo ‘Abarkas’ izan dela saioko irabazlea eta, beraz, hurrengo faserako zuzeneko txartela lortu duen bertsolaria. Gauzak hala, azaroaren 11an Berrizen jokatuko den saioan arituko da bertsolaria.

‘Abarkas’-ek 466 punturekin irabazi du saioa, eta atzetik izan ditu Koldo Gezuraga Seijido (463,5 puntu), Beñat Bilbao Landa (437,5 puntu), Peru Irastortza Santxo (430 puntu), Maite Sarasola Isazelaia (424.5 puntu) eta Aitor Arrutia Azkueta (420.5 puntu).

Saioan gai-jartzaile lanetan Beñat Vidal Gurrutxaga aritu da eta epaile lanetan Ainhoa Arregi Elosua, Beñat Romero Maguregi, Garazi Mendoza Agirre, Graxi Arregi Leonardo, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa eta Mirari Azula Aurrekoetxea. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga egon da.

Finalaurrekoetako zerrenda osatuta

Txapelketako lehen sei kanporaketak jokatu ostean, finalaurrekoetan ariko diren bertsolarien zerrenda ere osatuta geratu da: sei kanporaketetako irabazleak eta puntuazioz lehen bostak gehituko zaizkie iaztik zuzenean sailkatu ziren zazpi bertsolariei.

Hiru finalaurreko izango dira orotara. Lehenean, azaroaren 11n Berrizko Olakueta frontoian jokatuko dena, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Xabat Galletebeitia Abaroa, Iruri Altzerreka Martinez, Eneko Abasolo Txabarri ‘Abarkas’ eta Koldo Gezuraga Seijido ariko dira.

Azaroaren 18an Santurtziko Serantes kultur aretoan izango da saioa eta bertan ariko dira kantuan Aitor Bizkarra Ruiz, Jone Uria Albizuri, Mikel Goiriena Larrazabal, Unai Mendiburu Valor, Bittor Altube Sarrionandia eta Txaber Altube Sarrionandia.

Azken finalaurrekoa azaroaren 25ean jokatuko da, Lemoako udal kiroldegian. Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi, Ibai Amillategi Omaetxebarria, Oihana Bartra Arenas, Josune Aramendi Perez eta Aissa Intxausti Aburruza izango dira parte hartuko duten bertsolariak.

Saio guztiak 17.00etan hasiko dira eta sarrerak, ohi bezala, bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke.